Sekretu Ofizialen Legea

Madrilek 50 urteko epea ezarri nahi du «goi mailako sekretuak» desklasifikatzeko

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du tramiterako Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua.

Pedro Sanchez, gaur goizeko agerraldian. GEORGI LICOVSKI / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 1a
12:52
Entzun

Espainiako Gobernua prestatzen ari den Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektuak 50 urteko epea ezarriko luke «goi mailako sekretu» gisa klasifikatutako informazioa argitaratzeko, eta epea beste hamar urtez luzatzeko aukera izango luke Ministroen Kontseiluak. Hala, hura legealdia amaitu aurretik onartuta ere, Moncloak aukera izango luke 1963tik aurrera klasifikatutako informazio konprometituenak ezkutuan edukitzeko.

Espainiako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, Ministroen Kontseiluak gaur arratsaldean onartuko du tramiterako lege aurreproiektua. Hala, ministerioek datozen asteetan aztertuko dute, udazkenean Espainiako Kongresuaren esku uzteko. Aldaketa nagusietako bat informazio klasifikatua mailakatzeko modua izango da. Informazioa bi kategoriatan banatu ordez —sekretuak eta ezkutukoak—, lautan sailkatuta egongo litzateke: goi mailako sekretuak, sekretuak, ezkutukoak eta mugatuak. Espainiako segurtasunari eragin diezaioketen kalteen arabera banatzen dira horiek, oso larrietatik arinetara. Horrek, iturrien arabera, helburu du Europako Batasunak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ezarritako araudietara egokitzea; besteak beste, estatuen artean informazioa errazago trukatzeko.

Joera bera izango litzateke horiek desklasifikatzeko epeei dagokienez ere. Egungo Sekretu Ofizialen Legeak ez du eperik ezartzen ez informazio sekretuak ez ezkutukoak desklasifikatzeko, eta Ministroen Kontseiluaren esku dago pauso hori ematea. Aurreproiektuak, baina, lau eta 50 urte bitarteko epeak ezartzen ditu, haien sailkapenaren arabera. Gainera, sekretuen eta goi mailako sekretuen kasuan, epea beste hamar urte luzatzeko aukera izango luke Ministroen Kontseiluak, horretarako nahikoa arrazoi dagoela uste balu. Beraz, 1981eko estatu kolpearen inguruko informazioa 2041era arte ezkutuan mantentzeko aukera izango luke gobernuak; GALen ingurukoak, 2042ra arte.

Sailkapenen eta epeen ingurukoak ez dira gobernuak egin nahi dituen aldaketa bakarrak. Espainiako Segurtasun Agintaritza Presidentetza Ministerioaren agindupean geratuko litzateke. Hark izango luke eskumena informazioak klasifikatzeko proposamenak egiteko, ondoren Ministro Kontseiluak onartu ditzan. Egun, Defentsa Ministerioak du eskumen hori, CNI Espainiako zerbitzu sekretuen kontrola bezala. Izan ere, CNIko zuzendariaren esku dago dokumentu klasifikatuak babesteko arauak betetzen direla egiaztatzea eta informazio hori eskuratzeko baimenak ematea.

Gobernuaren arabera, Felix Bolaños ministroaren departamentuaren transbertsaltasuna da aldaketa horren arrazoia, informazioak zenbait ministeriori eragiten diela argudiatuta; besteak beste, Ekonomia, Barne, Defentsa eta Industria ministerioei. Halere, Presidentetza eta Defentsa ministroek agerian utzi dituzte aferaren inguruan dituzten desadostasunak. Sanchez eta gobernuko beste kide batzuk Pegasus softwarearekin espiatu zituztela jakin ostean, Bolañosek CNI seinalatu zuen. Margarita Robles Defentsa ministerioak, berriz, zerbitzu sekretuetako zuzendari ohi Paz Esteban defendatu zuen, eta gobernukideen telefonoen ardura Presidentetza Ministerioarena zela esan.

Beste aldaketa bat epaileek informazio sekretua eskuratzeko egin beharreko bidean egongo litzateke. Aurreproiektuaren arabera, epaile batek auzi baten instrukzio fasean informazio bat desklasifikatzeko eskatu nahi badu, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren bidez eskatu beharko du. Gaur egun, eskaera zuzenean Ministroen Kontseiluari egin behar zaio, oraintsu Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak gobernukideen aurkako espioitzen kasuan egin bezala. Gainera, dokumentuak klasifikatu dituen erakunde bera arduratuko litzateke horiek desklasifikatzeaz. Goi mailako sekretuen kasuan, Ministroen Kontseilua, eta gainerakoetan, dagokion ministerioa, estatu idazkaritza edo agintaritza zibil edo militarra.

Espainiako Kongresuak informazio horiek eskuratzeko izan ditzakeen bideak arautzeko modua ere aldatzeko asmoa du gobernuak, baina argitzeko dago hori nola egingo den. Egun, Ezkutuko Funtsen Batzordeko kideek dute halako informazioa eskuratzeko aukera, baina gobernuaren baimenarekin eta haien inguruko informaziorik ez zabaltzeko betebeharrarekin.

Babes beharra

Gobernuak urteko plan normatiboan aipatzen zuen 1968ko Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko asmoa, baina ez zuten urratsik egin Pegasus auzia piztu zen arte. Aferaren inguruko bilkura monografikoan jakinarazi zuen Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek hura eta CNIren kontrol judizialerako legea aldatzeko lanean hasiko zirela. Hilabete hasieran, Espainiaren egoeraren inguruko eztabaidan baieztatu zuen, eta gehitu hilabetea amaitu baino lehen prest izango zutela. EAJko eledun Aitor Estebani erantzunez egin zituen hitzok. Izan ere, jeltzaleak dira gaur egun Kongresuan tramitatuta dagoen proposamen bakarraren egileak.

Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko, Kongresuan gehiengo soila beharko du gobernuak. Horretarako, bi bide izango ditu; PPrekin akordio bat egitea, edo inbestidurako blokeko indarrekin ados jartzea. Bide horretan, epeen ingurukoa izan daiteke elkarrizketa mahaian negoziatu beharreko aferetako bat. Esaterako, EAJk egindako lege proposamenak gehienez 25 urteko epeak aurreikusten ditu. Horrek, ordea, frankismoko azken urteen, trantsizioaren, 1981eko estatu kolpearen eta gerra zikinaren ingurukoak argitaratzea eragingo luke, eta orain arte galarazi egin dute hori PSOEk eta PPk.

EAJko bozeramaile Aitor Estebanek «etsigarritzat» jo ditu Espainiako Gobernuak iragarritako epeak, «luzeegiak» direlakoan. Horrez gain, aurreproiektua «oso berandu» iritsi dela salatu du, eta abiadura bizkortzeko eskatu dio Moncloari: «Aurreproiektu bat dela kontuan izanda, zalantza dago legealdi honetan tramitatzenamaitu ahalko den».

EH Bilduko parlamentari Jon Iñarrituk ere leku berean jarri du begirada: «1968ko araudi frankista bat indargabetzeko onartu nahi den lege bat, baina, era berean, aurreikusten duena desklasifikatu gabe uztea 1962ra arteko aferak. Egia esan, ez dirudi aurrerapen handi bat, ez?».

Unidas Podemos ere ez dago gustura Sanchezen aurreproiektuarekin, eta aldaketak proposatzeko asmoa adierazi du. Izan ere, koalizioak hamabost edo hogei urteko epe bat ezartzearen alde egin zuen lehen ere. UPk, gainera, inbestidurako blokeko indarrekin negoziatzeko deia ere egin dio Sanchezi.

Aurkakoa egin du PPk. Alderdiko idazkari nagusi Cuca Gamarrak presidenteari exijitu dio bere ibilbidea «birbideratzeko» eta estatu politikak popularrekin adosteko: «Estatu politikak bi alderdi handien artean adostu behar dira, Espainia gobernatzera deituta daudenak dira eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.