EH Bilduk Espainiako Gobernuari galdetu dio zenbateko presentzia duen euskarak justizia sisteman. Emandako erantzunen artean, gobernuak erran du ez dakiela zenbat epaile, fiskal eta funtzionario euskaldun dauden Hego Euskal Herrian. «Horrek hainbat gauza agerian uzten ditu», adierazi du Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak. «Batetik, gaiarekiko interes falta, gobernuak ez baitu horretaz galdetu ere egin; eta, bestetik, datuak hain eskandalagarriak direnez, egia estaltzen saiatzen ari dela».
Hamabortz galderako agiri bat aurkeztu zion gobernuari Iñarrituk: tartean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian jarduten duten epaileen eta fiskalen kopurua, horien euskara ezagutza maila, euskarak sistema judizialeko postuetarako duen balorazioa... Madrilek berretsi du Espainiako Konstituzioaren arabera gaztelania dela derrigorrezko hizkuntza bakarra; are gehiago, oroitarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaztelania jakiteko betebeharra «lotu» egin zuela defentsa gabezia ez jasateko eskubidearekin, «eta Espainiako gainerako hizkuntzekin ez dago betebehar hori».
Madrilek dioenez, Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera, funtzionarioek eskubidea dute prozesu judizialetan «erkidego autonomoko hizkuntza ofiziala» erabiltzeko, baina aldeek ere horren aurka egiteko eskubidea dute, gaztelania ez den bertze hizkuntza ez jakiteagatik «defentsa gabezia» argudiatzen badute. «Botere Judizialaren Lege Organikoak onartzen du prozesu judizialetan hizkuntza aukeratzeko eskubidea», dio gobernuak, EH Bilduri emandako erantzunean. «Gaur egungo araudiak beti erraza ez den oreka bat bilatu nahi du hizkuntza koofizialak erabiltzeko eskubidearen printzipio konstituzionalaren eta gaztelania jakiteko betebeharra bermatzearen artean, eta, hori guztia, babes judizial eraginkorrerako eskubidea ahantzi gabe».
«Bigarren mailako herritar»
Iñarrituri salagarria iruditu zaio Madrilen jarrera: «Alde batetik, gobernua eta PP eskandalizatu egiten dira Etxe Zuriak gaztelania baztertzen duelako Estatu Batuetan, baina, aldi berean, euskaldunok bigarren mailako herritar gisa jotzen gaituzte».
Espainiako Gobernuak EH Bilduri zehaztu dio zenbat epailek eta fiskalek jarduten duten Hegoaldean, eta eskumenei buruz erran dio Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroari igorriak dizkiela «Justizia administrazioaren funtzionamendurako bitarteko materialak eta ekonomikoak hornitzeko funtzioak».
Madrilek ez dio eman EH Bilduri euskara sustatzeko planen edo bertzelako neurriren baten berririk. Iñarrituk adierazi du Europako Kontseiluak «behin baino gehiagotan» erran diola Espainiari «esparru juridikoa» aldatzeko,«arduradun judizialek, penalek, zibilek eta administratiboek prozedurak hizkuntza koofizialetan ere egin ditzaten, aldeetako batek hala eskatuz gero».
Madrilek ez daki zenbat epaile eta fiskal euskaldun dauden Hegoaldean
Espainiako Senatuan galdetu du EH Bilduk zenbateko presentzia duen euskarak Justizian. Derrigorrezkoa gaztelania dela erran du gobernuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu