Madrilek ez du nahitaez finkatu behar gaztelerazko ikastordu kopurua

Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak LOMLOE Hezkuntza Legea babestu du

Hezkuntzak euskaraz izan behar duela aldarrikatzeko pegatinak, artxiboko irudi batean. FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak onartu egin du Espainiako LOMLOE Hezkuntza Legea osorik babesten duen epaia. Hizkuntzei dagokienez, jaso dute Espainiako Konstituzioak ez duela esaten «estatuak» ezinbestean ezarri behar duela gaztelera zein ehunekotan erabili behar den hezkuntza sisteman, baizik eta «hizkuntzen arteko oreka edo berdintasun patroi bat» eta erabiltzeko benetako eskubidea jasotzen dituela eta hori ez duela ukatzen Espainiako azken Hezkuntza Lege horrek.

Beste gai gatazkatsu bati ere heltzen dio testuak: ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeen finantzaketari. Azaldu dutenez, Espainiako Konstituzioak «hezkuntza eredu pluralista bat» dakar. Alabaina,ez du aipatzen hezkuntza eredu guztiek laguntza jasoko dutenik, ezta laguntza publikoetarako eskubide subjektiboa ere: «Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak ezberdin tratatzen badira hartara haiek erabat edo partez funts publikoz finantzatu ahal izateko, horrek oinarrian du hezkuntza sistemaren kontzepzio ideologiko bat».

Gainera, hezkuntza curriculumean erlijioa ez aipatu izana ere ez zaie konstituzioaren aurkakoa iruditu. Auzitegiaren esanetan, hezkuntza ez da jakintzen transmisio hutsa, «giza hezkuntza» ere bada, eta, Europako jurisprudentziaren arabera, sinesmen erlijiosoekiko edo moralekiko errespetuak ez du eragozten balioak transmititzea, baizik eta hori «modu objektiboan, kritikoan eta pluralistan» egitea dakar.

Elbarritasunen bat duten ikasleen eskolatzeari buruzko eztabaidara ere eragin du Hezkuntza Legeak, aparteko zentroetan edo ohikoetan eskolatu behar ote diren. Hezkuntza Legean jasota dagoenez, hamar urteko epean ohiko eskolek baliabideak eduki beharko dituzte ikasle horiek hobeto artatu ahal izateko. Konstituzionalak ebatzi du legeak ez diola balio handiagoa ematen familia batzuen edo besteen aukeraketari.

Bigarren testua

Ricardo Enriquez magistratu kontserbadoreak martxoan aurkeztu zuen Voxen helegitearekin egindako sententzia Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkuran. Atzera bota zuten, Enriquezek Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo baitzituen Hezkuntza Legeak ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei diru publikoa ematea debekatzea eta behar bereziak dituzten ikasleak ohiko eskoletara pasatzeko pausoak egingo dituztela esatea. Konstituzionalak hori atzera bota zuenez, beste testu bat idatzi behar izan du —atzo onartu zutena—, puntu horiek aldatuta.

Horiek horrela, ez du erabateko babesa izan testu berriak: lau magistratu kontserbadoreek boto partikularra eman dute, uste dutelako legearen zenbait puntu Espainiako Konstituzioaren aurka koak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.