Madrilek Garoña 2019ra arte ez ixtea proposatu die sindikatuei

Mezu kontrajarriak eman ditu Espainiako Gobernuak; Sebastianek 2013an itxiko dutela berretsi du

Garoñako zentrala ixteko eskatu zuten hainbat pertsonak 2010eko irailaren 5ean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) 2013ko apirilean itxiko duela iragarri bazuen ere, epe hori 2019ra luza dezake Espainiako Gobernuak. Zentrala beste zortzi urtez zabalik mantentzeko prest egongo litzateke, horren truke UGT eta CCOO sindikatuek euren babesa ematen badiote pentsioen eta lan erreformaren auzian.

UGTk eta CCOOk zentraleko 1.000 lanpostuak —horietatik 600 lanpostu zuzenak dira, eta 400, zeharkakoak— mantendu nahi dituzte, eta Espainiako Gobernuaren arabera, negoziazioa bide onetik doa. Sindikatuen eta exekutiboaren arteko eztabaida nagusia erretirorako adinean dago, baina exekutiboaren arabera, sindikatuak erretiroa 67 urtera igotzeko prest daude, Garoñako zentraleko lanpostuak mantenduz gero. Mezu kontrajarriak eman ditu, ordea, Miguel Sebastian Espainiako Gobernuko Industria ministroak; «2021ean itxiko diren zentralen jarduera luzatzea azter» daitekeela dio, baina Garoña 2013an ixteko erabakia «irmoa» dela nabarmendu du.

Espainiako sindikatu nagusiek ukatu egin dute Garoñaren jarduera luzatzeaz negoziatzen ari direla. Fernando Lezcano CCOOren komunikazio idazkariaren arabera, aukera horrek «ez du oinarririk». Esan duenez, lan eta pentsio arloko negoziazioetan ez dira jorratu beste gai batzuk, eta «are gutxiago» zentral nuklearren etorkizuna. Eztabaida baliatu du Lezcanok CCOO erretiro adina 67 urtera igotzearen aurka dagoela berresteko, eta gaineratu du ez daudela «kromoak aldatzeko prest».

Maria Teresa Dominguez Foro Nuklearreko presidenteak, ordea, pozez jaso du Espainiako Gobernuaren jarrera. Dominguezek esan du berri pozgarria izan daitekeela sektore nuklearrarentzat, eta uste du Garoña ezin daitekeela geratu balizko akordio horren kanpoan. Foro Nuklearrak zentral nuklearren jabe diren enpresa nagusiak ditu bere barnean, eta eztabaida bera plazaratzea «aurrerapauso garrantzitsua» dela adierazi du. Haren iritziz, zentral nuklearren jarduera luzatzea «beharrezkoa eta lehentasunezkoa» da ekonomiarentzat eta enpleguarentzat. Europako estatu gehienak ere energia nuklearraren aldeko apustua egiten ari direla nabarmendu du gainera.

2009tik eztabaidan

PSOEren gobernuak 2008ko hauteskunde programaren zirriborroan jaso zuen Garoñako zentrala ixteko asmoa. Aurtengo urrian 40 urte beteko ditu, eta hor amaitu behar zuen beranduenez zentralaren jardunak, Espainiako Gobernuak bere hitza betetzeko.

2009an piztu zen Garoñaren inguruko eztabaida, lobby nuklearraren eta talde ekologisten interesak aurrez aurre zeudela. Azkenean, 2013an ixtea erabaki zuen exekutiboak, eta ez zituen ez batzuen ez besteen aldarriak ase.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.