Duela bi urteko Korrika Iruñetik igarotzean presoen irudiak erakusteagatik bederatzi iruindarrek deklaratu zuten atzo Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, «terrorismoaren gorazarre egitea» leporatuta. Gertaerak Korrikaren 404. kilometroari dagozkio. Bederatzi herritarrek ukatu egin zutenterrorismoa goratu dutela, eta denek argudiatu zuten ekimen horren bidez sakabanaketa zein behin-behineko espetxeratzea salatu zutela.
Jaione Karrera abokatuaren arabera, orain epaileari dagokio hurrengo pausoa hartzea. Behin Guardia Zibilak bere txostena igorrita eta bederatzi auzipetuek deklaratuta, poliziei txosten gehiago igorri dezatela eskatu diezaioke edo, bestela, fiskalari igorri diezaioke auzia. Fiskalak ondorioak atera eta auzia ixtea edo epaiketara jotzea eskatu dezake.
Herenegun, AEK-k ohar bidez elkartasuna adierazi zien auzipetuei, «Korrika bezalako ekitaldi baten ingurumarian parte hartzaile batzuek euren lagun presoei elkartasuna adieraztea ez delako delitua». AEKren ustez, «zentzugabekeria galanta da» ikerketa. «Are larriagoa da Korrikari ospea kentzeko baliatu nahi bada».
Gaur Bilboko Kaskagorri konpartsako kideek deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean, presoen irudiak erakusteagatik.
Madrilen deklaratu dute Korrikan presoen irudiak erakusteagatik
«Terrorismoa goratu» zutela ukatu dute bederatzi auzipetuek eta sakabanaketa salatu nahi zutela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu