Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak harrera egin dio azken bi asteetan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu dituzten hamasei gazteen ordezkaritza bati. Diputazioan bertan egin die harrera, eta bilera ere egin dute. Gazteen kontrako epaiketaren izaera politikoa «begi bistakoa» dela salatu du ahaldun nagusiak, haien jarduera «erabat politikoa eta publikoa» izan delako. Gainera, «jarduera politikoa zigortzeko epaiketa oro» bertan behera uzteko eskatu du Foru Gobernuak: «Inor ez litzateke epaitu behar bere jarduera politikoagatik».
Segiko kide izatea egotzita epaitu dituzte oiartzualdeko hamasei gazteak, azken bi asteetan, Madrilen. Bakoitzarentzat zortzina urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, eta are handiagoa AVT herri akusazioak. Hori hala izan dela argudiatzeko frogarik ez dute azaldu, ordea. Gazteak atxilotu zituztenean inkomunikatuta zeuzkaten bitartean egindako adierazpenak besterik ez. Adierazpen horiek torturapean egin zituztela salatu zuten gazteek inkomunikazioa kendu zietenean, eta gauza bera berretsi dute egunotan Javier Gomez Bermudez buru duen epaimahaiaren aurrean ere. Garitanoren iritzian, «larria» da froga gisa adierazpen horiek besterik ez aurkeztea, eta azpimarratu zuen kontuan hartu behar dela tortura eta tratu txarrak salatu zituztela.
Josu Arruabarrena, Haizea Iriarte, Maitane Linazasoro eta Egoitz Urbe joan ziren atzo goizean diputaziora, auzipetu guztien izenean. «Atsegin handiz» hartu zituen Garitanok: «Gipuzkoarrak izanda, haiena ere bada erakunde hau». Inkomunikatuta eduki zituzten garaian jasandako torturen berri eman zioten gazteek ahaldun nagusiari. Espetxean igarotako denboran bizitakoak ere azaldu zizkioten, baita epaiketako gorabeherak ere. «Urte gogorrak» pasatu ostean, kezkatuta daudela esan zieten, epaiaren zain.
Garitanok argi dauka epaimahaiak absoluzioa eman behar lukeela epaitutako guztientzat: «Gazte horiek aske bizi behar dute gainerako herritarrokin batera, bakearen eta politikagintzaren normalizazioaren bidean urratsak egin ditzagun. Horixe da, hain zuzen ere, gipuzkoar gehienen nahia eta borondatea».
Ez da hori hartu beharreko neurri bakarra, Gipuzkoako Foru Gobernuaren irudiko. «Euskal Herrian gauzatzen ari den ziklo aldaketak aurrera egin dezan» guztien konpromisoa behar dela nabarmendu zuen. Horregatik, gainerakoei exijitzeari utzi, eta norberak zer egin behar duen adierazi behar lukete eragile guztiek, haren irudiko. «Hori horrela, behar-beharrezkoa deritzogu legez kanpo utzitako alderdi eta eragileak legeztatzeari eta, epaiketa politikoak bertan behera uzteaz gain, etorkizunean gehiago ez egoteari», gaineratu du.
Oiartzualdeko hamasei gazteek babes zabala jaso dute epaiketaren karietara. Epaimahaiaren erabakiaren zain daude orain, beren etorkizunaren berri jakiteko. Hark ez du eperik erabakiaren berri emateko.
Oiartzualdeko gazteen aurretik Markinako eta Donostiako hainbat gazte ere epaitu zituzten antzeko auzietan, eta, ondoren, Iruñerrikoak epaituko dituzte.
Madrilen epaitu dituzten gazteei harrera egin die ahaldun nagusiak
«Jarduera politikoa zigortzeko epaiketa oro» bertan behera uzteko eskatu du Gipuzkoako Foru AldundiakGazteek torturen berri eman diote, eta kezkaturik agertu dira etorkizunarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu