Abiadura handiko trenaren aurkako borrokaren judizializazioak jauzi kualitatiboa egin du atzoko epaiketarekin. Orain arte AHTaren lanak gelditzeko eginiko protesta ekintzaguztiak Euskal Herriko probintzia auzitegietan epaitu izan dituzte. Atzokoa, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalean egin zen, besteak beste, «terrorismoarekin lotutako delituak» epaitzen dituen auzitegi berean.
Madrilen AHTaren inguruan egiten den lehenengo epaiketa izan arren, duela bi urte eta erdi Ertzaintzak Abiadura Handiko Trenarekin zerikusia duten ekintzak terrorismotzat jotzeko agindua eman zuen. BERRIAk 2009ko martxoan argitaratu zuen Gervasio Gabirondo Hiri Segurtasun ataleko buruak 2008ko abuztuan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ertzaintzako buruei igorritako idatzizko agindua.
Agirian, Ertzaintzak protokolo bat ezartzen du AHTarekin zerikusia duten kasuetarako, eta terrorismo delitutzat hartzeaz gain, Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko eskatzen du. AHTko lanetan ari den enpresaren baten interesei eraso egiteko asmoa egotea aipatzen du, diligentziak zabaltzeko baldintza gisa. Ertzaintzako buruei bidalitako agiri horren beraren arabera, Ertzaintzak agindua du gutxienez zigor kodeko 571, 574 edo 577 artikuluak aplikatzeko. Terrorismo delituei dagozkie artikulu horiek.
Protokoloak sabotajeak eta atentatuak aipatzen baditu ere, bestelako ekintza batzuetan ere aplikatu dute. Atzokoa adibide. Tranbian AHTaren kontrako pintaketak ustez egiteagatik epaitu dituzte hiru gazte Madrilen, «kalte terroristak» egotzita.
Ez da lehenengoa. 2009ko urtarrilaren 17an Urbinan (Araba) izandako manifestazioaren ondorengo istiluetan atxilotutako zortzi laguni ere terrorismo delituei dagozkien neurriak ezarri zizkien Ertzaintzak. Manifestazioa amaitu ondoren, ehunka lagunek AHTaren bidera iristeko ahalegina egin zuten, modu baketsuan. Ahalegin horretan Ertzaintzako agenteak oldartu eta istilu larriak izan ziren. Zauritu ugari izan ziren istiluetan, eta Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu zituen. Bi egunez egon ziren inkomunikatuta, eta atxiloaldia amaituta, tratu txarrak salatu zituzten.
Ertzaintzak Auzitegi Nazionalera igorri zituen diligentziak, baina Santiago Pedraz epaileak ez zuen auzia bere gain hartu, «terrorismo kasurik» ez zegoela argudiatuta.
Madrilera, Ertzaintzaren aginduz
Ertzaintzako Hiri Segurtasuneko buruak 2008ko abuztuan eman zuen AHTarekin zerikusia duten ekintzak terrorismotzat jotzeko eta Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko barne agindu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu