Madrili «desobedituta» bermatuko du Bengoak etorkinen osasun arreta

Hegoaldeko 104 osasun langilek kontzientzia eragozpena azaldu dute, bihartik aurrera etorkin papergabeak artatzeko

jon olano
Donostia
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Paperik gabeko etorkinek osasun arreta jasotzen jarraituko dutela ziurtatu du, berriz ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak. Bihar sartuko dira indarrean Espainiako Gobernuak osasun sisteman egin nahi dituen aldaketak —papergabeei osasun zerbitzu publikoagatik ordainaraztea, esaterako—, eta Bengoak argi utzi du PPren agindua nola saihestuko duen: «Besterik gabe, desobedituta». Bengoak zehaztu du hori ez dela «intsumisioa», Euskal Autonomia Erkidegoak badituelako «berezko arauak». Horiek beteko dituela adierazi du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan izan zen atzo Bengoa, eta bertan egin zituen adierazpenok. PPren gobernuaren murrizketen aurka egin zuen bertan: «Krisi ekonomiko bat dagoenez osasun sistemaren krisi bat dagoela sinetsarazi nahi izan du, baina hori ez da horrela». Gainera, azaldu zuen zer dela-eta ez zen joan Espainiako Osasun Batzordearen bilerara; uste du «erabaki okerrei zilegitasuna» emango ziokeela bilera horretara joan izan balitz.

Botiken berrordainketaz ere mintzatu da Bengoa XXI. mendeko osasuna: eredua kronikotasunetik berrasmatu hitzaldian. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzak uko egin diezaioke orain sendagaien berrordainketari, lehenago beste esparru batzuetan dirua aurreztu duelako. Horren adibide gisara aipatu du, besteak beste, botika generikoak errezetatzea eta sendagaiak era zentralizatu batean erostea. «Gehiago egin behar da, baliabide gutxiagorekin», esan du. Soilik murrizketen bidetik jotzea kritikatu du Bengoak: «Soilik murriztuz gero, ez duzu osasun zerbitzuen inolako eredurik lortzen». Aitortu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aurrekontuak behera egin duela, baina erantsi du mozketak egiteaz aparte ere badirela beste era batzuk sistema eraginkorra izateko.

Osagileak ere, aurka

Osasun arloko langileek ere aurre egingo diote Espainiako Gobernuak bihartik aurrera etorkin papergabeak artatzeari uzteko duen asmoari. 104 mediku izan dira Hego Euskal Herrian kontzientzia eragozpena azaldu dutenak. Nafarroan 46 osagilek eta erizainek eman dute izena neurri horren kontrako kontzientzia eragozpena azaldu duten profesionalen erregistroan; Bizkaian, 28 dira; Gipuzkoan, hemezortzi; eta Araban, hamabi. Haien esanetan, gobernuaren asmoa «sendagile batek gaixoari zor dion leialtasunaren aurkakoa» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.