Magistraturako sindikatuak Aurore Martin babestu du

Euroagindua «heresia arriskutsu» bilakatu dela dio sindikatuko idazkariak, iritzi artikulu batean

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurore Martinen adierazpen eta iritzi askatasunak urratuak direla salatu dute Magistraturako sindikatuko Patrick Henriot Frantziako idazkariak eta Matthieu Bonduelle idazkari nagusiak, atzo Le Monde egunkarian argitaratu iritzi artikuluan. Zuberotarraren kasua zehazki aurkeztuz, gogor kritikatu dute euroaginduaren erabilera. Haien ustez, «heresia arriskutsua» bilakatua da prozedura hori.

«Erabat politikoa eta aldakorra» den terrorismoaren delituarekin inkriminazio bikoitzaren printzipioa desagertzea ez dute begi onez ikusten, «burujabetasuna bertan behera gelditzen delako». Hau da, nahiz Espainiako Auzitegi Nazionalak «erakunde terrorista» bati lotu Batasuneko militantea, Magistraturako sindikatuak argiki dio Aurore Martinek ez duela urratu Frantziako legedia.

Oroitarazi dute bilera publikoak egina izana eta iritzi artikulu bat idatzi izana zaiola leporatzen. Hori dela eta, argi utzi dute emakumeak «libreki bizi eta adierazi» behar lukeela.

Prozedura, «faltsuturik»

2002an planteaturiko prozedura «erabat faltsutua» izan dela diote, hasieran aipatu ziren baldintzak ez direlako gauzatu. Hala, eskubideen errespetuan gauzatu ahal izateko, «ezinbestekotzat» jotzen dute gaur egun faltan sentitzen duten Europa osoko eremu judizial bateratua.

Justizia arloko eragile andana batek du prozedura salatu, eta Martinen aurkako euroagindua bertan behera uzteko exijitu: besteak beste, Frantziako Abokatuen Sindikatuak, Europako Abokatu Demokraten elkarteak eta hainbat abokatuk. Guztiek dute etzi Miarritzeko Irati aretoan Askatasuna Aurore Martinentzat, eskubide zibil eta politikoen errespetua lelopean eginen den ekitaldira deitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.