Frantziako Asanblearen aitzinean mintzatu da Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa gaur arratsaldean, maiatzaren 11tik aitzina konfinamendutik ateratzen hasteko Frantziako Gobernuak prestatu duen plana aurkezteko. Pixkanaka arinduko dituzte orain arte hartutako neurri murriztaileak; ekainaren 2ra arteko epea eman dute egoera berriaren emaitzak neurtu eta erabaki gehiago hartzeko. Birusak hedapen apala izan duen eskualdeetan, bizkorrago arinduko dituzte neurriak; horien artean da Ipar Euskal Herria.
Philipperen arabera, 60.000 pertsonaren heriotza eragotzi da Frantzian konfinamendu neurriei esker, baina erran du konfinamenduak «gehiegi» iraungo balu ondorio «kaltegarriak» lituzkeela. Horregatik, egoerak bide ematen badu konfinamendu neurriak arindu beharra azpimarratu du. Izan ere, Frantziako lehen ministroak iragarri du COVID-19 eritasuna ez dela berehalako gaindituko ez txertoa eta ez tratamendua ez badira prest.
Hiru elementu aipatu ditu Philippek konfinamendutik ateratzeko: babes neurriak, mailakatzea, eta eskualdekako egokitzapena. «Eskualde guzietan ez da hedapen bera: eskualde batzuk aski ukituak dira, eta beste batzuetan, kasik batere ez. Hori kontuan hartu beharko da konfinamendutik ateratzea plantan emateko». Tokian tokiko elkargoen esku utziko du Frantzian hartuko dituzten neurriak egokitu eta aplikatzea. Bihar, hautetsi elkarteekin eta prefetekin bilduko da Philippe; etzi, lan munduko sindikatuekin. Egunean 3.000 kutsatu izanen direla kalkulatuz erabaki dute konfinamendutik ateratzeko plana. Zenbakiak handiagoak badira, Frantzia ez da konfinamendutik aterako maiatzaren 11n. Ekainaren 2ra arteko epea erabaki dute konfinamendutik atera ondoko emaitzak ikusteko. Maiatzaren bukaeran erabakiko dute ostatuak eta jatetxeak ireki ala ez. Philippek iragarri du Frantziako eskualdeen arteko mugimenduak mugatzeko lege proposamena aurkeztuko duela bihar Ministroen Kontseiluan. Heldu den astean, Frantziako Asanblean eta Senatuan aurkeztuko dute.
Maskaren eskasiak polemika handia sortu du azken asteetan. Philippen hitzetan, krisia hasterako, «hogei asteko erreserba» zuten ospitaleek behar zutenerako. Baina Txinan krisia hastean, inportazioak bertan behera gelditu ziren, eta eskasia hasi zen. Horregatik, hiru erabaki hartu dituzte, erran duenez: Frantziako produkzioa emendatzea, erreserba artatzaileentzat atxikitzea, eta oihalezko maskarak ekoiztea. «Maiatzaren 11tik aitzina, maskara nahikoa izanen da». Maskarak farmazietan eta supermerkatuetan saltzeko neurriak hartuko ditu Frantziako Gobernuak, eskasiarik izan ez dadin. Baina Philippek dei egin die herritarrei norberak bere maskarak ekoizteko. Konfinamendutik ateratzean, maskara erabiltzea ezinbestekoa izanen da garraio publikoetan. Metroan, bi eserlekutik bat ezingo da erabili, eta nasan distantziak atxikitzeko markagailuak ezarriko dituzte.
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak iragarri du 700.000 test eginen dituztela astero. Positibo emanen dutenen ingurukoei ere eginen diete testa, eta denbora baterako bakartuko dituzte, «oraindik ez baitakigu argi inkubazio fasea zenbat denborakoa den».
Posible den lekuetan telelana atxikitzera deitu du Philippek, «gutxienez ondoko hiru asteetan». Telelana posible ez dutenentzat, enpresetan ordutegien antolaketa aztertzea galdegin du.
Eskola itzultzea, boluntarioa eta progresiboa
Hau izanen da eskolara itzultzeko egutegia: maiatzaren 11tik aitzina, ama eskolak eta lehen mailak itzuliko dira; maiatzaren 18tik aitzina, kolegioak. Maiatzaren bukaeran erabakiko dute ea ekainaren hasierarako lizeoak irekiko dituzten. Lehenik, lizeo profesionalak irekiko lituzkete. Hamabost ikasle baino gehiago ez dira izanen ikasgeletan, eta gurasoek erabakiko dute beren haurrak klasera igorri ala ez. Philippek erran du eskola bizia babes neurrien inguruan antolatua izanen dela: maskarak banatuko dituzte irakasle eta zaintzaile guzientzat.
Ikasleei dagokienez, maskarak debekatuak izanen dira ama eskolan, eta ez da aholkatua lehen mailakoentzat. Haur batek sintomak balitu, maskara pediatrikoa emango diote gurasoak etorri bitartean.
Kolegioko ikasleentzat ezinbestekoa izanen da maskara eramatea. Lortu ezin duenari Frantziako Gobernuak emanen dio.
5.000tik gora, debekaturik
Konfinamendutik ateratzean izanen diren murrizketak ere zerrendatu ditu Philippek. Kirol kolektiboak eta kontaktu kirolak debekatuak izanen dira; parkeak ez dira irekiko birusa hedatua ez den eskualdeetan baizik; hondartzak debekatuak izanen dira. Ekitaldi kulturalei dagokienez: mediatekak, liburutegiek eta museo txikiek ateak irekiko dituzte, baina museo handiak, zinemak, antzokiak eta abar itxiak izanen dira; kontzertuak, debekatuak. Herrietako besta gelak ere itxiak izanen dira. Festibalak, azokak… 5.000 pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldiak, irailera arte debekatuak. Kirol jarduera profesionalak ere ez dira berriz abiatuko.
Erlijio guneak irekiko dituzte, baina ekainaren 2a aitzin zeremoniarik ez antolatzeko eskatu du Philipek. Hileta zeremonietan, gehienez ere 20 pertsona baimenduko dituzte. Hilerriak publikoari irekiak izanen dira maiatzaren 11tik aitzina.
Orokorrean, jende multzoak saihesteko eskatu du Frantziako lehen ministroak. Iragarri du gehienez ere hamar pertsonako elkarretaratzeak baimenduko dituztela.