Maiatzaren 7an erabakiko dute Urola Kostako zortzi herritan

«Euskal estatu burujabeari» buruz galdetuko dute, Zarauzko ekitaldi batean iragarri dutenez

Euskal estatuari buruzko galdeketa eguna eta galdera iragartzeko Zarautzen egindako ekitaldia, atzo. GORKA RUBIO / ARP.
Hodei Iruretagoiena
2016ko abenduaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako Urola Kosta eskualdea ere batu da erabakitzeko eskubidearen olatura. 2017ko maiatzaren 7an, beste zortzi herritan gauzatuko dute erabakiaren ariketa: Zarautzen, Azkoitian, Zumaian, Orion, Zestoan, Getarian, Aizarnazabalen eta Errezilen. Denera, 58.032 biztanle bizi dira herri horietan, eta estatus politikoari buruzko iritzia emateko aukera izango dute, galdera honi erantzunda: «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?».

Urola Kostako herritarrei ere «hitza hartzeko ordua» iritsi zaiela nabarmendu zuten Idoia Alberdi kazetariak eta Xabier Euzkitze aurkezleak, atzo, Zarauzko Modelo aretoan egindako ekitaldian. «Gutako bakoitza ur tanta bat izan daiteke. Gure inguruan uhinak sortzen dituena. Ur tanta gehiago mugitzera animatzen dituena. Hitza hartzera. Erabakitzera. Elkarrekin. Denok batera. Auzolanean. Gu guztiok olatua sor dezakegu», esan zuten, Oreka TX taldearen musikak ekitaldiari hasiera eman ondoren.

Galdeketa eguna eta galdera iragarri, eta ekitaldian bertan hasi ziren lehen pausoak ematen. Izan ere, herri bakoitzean gutxienez biztanleen %10ek eman beharko diote babesa prozesuari, sinadura bidez, galdeketak egin ahal izateko. Atzo bertan jaso zituzten lehenak, herri bakoitzeko ordezkarienak. Zarauztik, esaterako, Esteban Collantes Kirol Elkarteko zuzendaria eta Ainhoa Alberdi aktorea bildu ziren ekitaldira; Getariatik, Eñaut Elorrieta abeslaria eta Pili Manterola sukaldaria; Oriotik, Mikel Orbañanos arraunlaria eta Oihana Blanco judoka; Zumaiatik, Arritxu Iribar kazetaria eta Joanito Dorronsoro bertso eskolen sortzailea... Denak batera igo ziren oholtzara, eta gero iragarri zituzten aurkezleek galdeketa eguna eta galdera. Jon Maia eta Maddi Gallastegi bertsolariek amaitu zuten ekitaldia.

Aurrera doa, beraz, Urola Kostako herritarrek Azpeitian hasitako bidea. Han, ekainaren 5ean egin zuten galdeketa, Goierriko, Debagoieneko (Gipuzkoa) eta Aramaioko (Araba) eta Ispasterko (Bizkaia) herritarrekin batera. Aukera zutenen ia %40k eman zuten botoa Azpeitian, eta, haietatik, %94,62k egin zuten «euskal estatu independentearen» alde.

Azpeitian bertan hartu zuten galdeketen lekukoa maiatzaren 7ko data adostu duten zortzi herrietako ordezkariek, urrian egindako agerraldian. Galdeketen sustatzaileek argitu dutenez, Aian oraingoz ez da erabakitzeko eskubidearen aldeko talderik sortu.

Parte hartzearen erronka

Aurreraurratsa egin duten Urola Kostako zortzi herrietatik, 5.000 biztanletik gorakoak dira erdiak. Zarautz da handiena (22.998), eta Errezil txikiena (593). Guztietan izango dute ahalik eta parte hartze handiena lortzeko erronka, atzo ekitaldiko aurkezleek azaldu zutenez, garrantzitsua izango baita hori: «Badakigu herri honetan aldaketarako eskaria badagoela, eta behingoz jakin nahi dugu zenbat garen». Horrez gain, noski, «erabakitzeko eskubidearen aldeko olatua» ahalik eta handiena izatea nahi dute.

Orain arte, Euskal Herriko 38 udalerritan egin dituzte galdeketak, eta 130.000 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte: 2014ko apirilean hasi ziren Etxarri Aranatzen (Nafarroa), eta joan den azaroan izan ziren azkenengoak, Bakaikun (Nafarroa) eta Diman (Bizkaia). Biztanleriari erreparatuta, orain arte ez da egon Zarauzkoaren pareko herririk—Arrasate izan ezik—. Udaberrirako eta udarako galdeketak iragarri dituztenen artean, ordea, badira 20.000 biztanletik gorako herriak: Errenteria —martxoaren 19an egingo dute— eta Eibar Gipuzkoan, eta Durango Bizkaian.

«Gaur egungo estatus politikoak ez gaitu asetzen», azaldu zuen Euzkitzek, eta olatuari bultza egiteko deia egin zuen: «Erakutsiko dugu merezi dugula gure etorkizuna erabakitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.