Justizia. Zigor Kode berria Hegoaldean

Mailuak, gero eta gogorrago

Ia hilabete da Hego Euskal Herrian indarrean dela Espainiako Zigor Kode berria. Kode horrek, oro har, gogortu egin ditu zigorrak, eta bereziki zorrotz hartzen ditu hainbat delitu; besteak beste, «terrorismoarekin» eta adingabeen aurkako sexu erasoekin zerikusia dutenak.

inaki petxarroman
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Abenduaren 23an jarri zen indarrean Hego Euskal Herrian Espainiako Zigor Kode berria. PSOEren ekimenez aldatu, eta CiUk, ERCk, CCk eta UPNk babestu zuten testu berria Espainiako Parlamentuan egindako tramitazioan. Hona zigor kode berriak ekarri dituen aldaketarik esanguratsuenak:

1. Zigorraren erdia

Orain arte, bost urtetik gorako zigorren kasuan gutxienez espetxealdi erdia betetzera derrigortzen zuen Zigor Kodeak. Oraingoak ezabatu egin du neurri horren derrigortasuna, eta malgutasun handiagoa eskaintzen du. Hala, epaileek erabaki beharko dute neurri horri buruz, «zigorraren larria eta delitugilearen nortasuna» kontuan hartuta.

2. Zaintzapeko askatasuna

Zigor Kodeak ekarri dituen neurri polemikoenetako bat da hau. Hain zuzen ere, hainbat delituri lotutako kasuetan, zigorra amaitu ostean, epaileak zaintzapeko askatasunaren erregimena ezar diezaioke preso ohiari. Neurri hori «terrorismoari» dagozkion delituetan eta sexu askatasunaren aurkako delituetan ezarri ahal izango dute bakarrik. Zigorra amaitutakoan, presondegietako zaintza epaileak eta kasua eraman zuen epaileak erabakiko dute presoari neurri hori ezarri edo ez. Baietz erabakiz gero, bost eta hamar urte bitarte iraun dezake erregimen berezi horrek. Bitarte horretan, preso ohia derrigor dezakete non dagoen jakinaraztera edota mediku tratamendua hartzera. Halaber, toki batean edo bestean egoteaeta jarduera jakin batzuetan aritzea debeka diezaiokete.

3. Etengabeko lokalizazioa

Espetxe zigorraren alternatiba moduan, etengabe leku jakin batean egoteko zigorra planteatzen du Zigor Kodeak, eta baita asteburu zein jaiegunetan zigorra espetxean betetzea ere. Zigor mota hori lapurreta txikien egileentzat bakarrik erabiliko dute.

4. Delituen preskribatzea

Zigor handirik ez duten delitu batzuk hiru urtean baliogabe geratzen ziren Hego Euskal Herrian orain arte. Aurrerantzean, ordea, bost urtera luzatu dute epe hori, zigorgabetasun handia zutelakoan. Bestetik, pertsona bat hilda gertatu bada, «terrorismo» delituak ez dira baliogabe geratuko sekula. Orain arte, 20 urteren buruan geratzen ziren baliogabe delitu horiek Hego Euskal Herrian.

5. Giza organoen salerosketa

Giza organoen salerosketa delitutzat jotzen du Zigor Kode berriak. Izan ere, kodearen bultzatzaileen arabera, nazioartean gero eta ohikoagoa da jarduera hori, eta arautu beharra zegoen. Hala, giza organoen legez kanpoko salerosketa sustatu, erraztu edo publizitatzen dituztenak zigortuko dituzte: organo nagusia denean, 12 urte bitarteko espetxealdia ezarri ahal izango diote akusatuari; eta bigarren mailako organoa denean, sei urte bitarteko zigorra. Organoa jasotzen duenak ere zigor bera jaso dezake, organoa legez kanpo lortua dela badaki.

6. Pederastia etahaur pornografia

Haur pornografiaren inguruko eta adingabeen aurkako sexu erasoak gogor hartuko ditu Zigor Kode berriak. Besteak beste, Internet bidez haurrekin harremanetan jartzea eta gehiegikeriak egiteko engainuez baliatzea zigortuko ditu kode berriak. Haurrak prostituitzera behartzea eta haur pornografia edukitzea eta zabaltzea zigortu egingo du. Era berean, prostituzioaren bezeroek ere zigorra jasoko dute, baldin eta sexu harremana 13 urtez azpiko haurrekin izaten badute. Gainera, horrelako delituetan nahasitakoei haurren zaintza kentzea planteatzen du Zigor Kode berriak. 15 urte bitarteko zigorrak agintzen ditu haurren aurkako abusuak egiten dituenarentzat.

7. Kalean kopia piratak saltzea ez da delitua

Kalean kopia piratak saltzen ibiltzea ez da delitua jadanik Hego Euskal Herrian. Zigor Kode berriak aitortu du «proportzionaltasun printzipioa nolabait hautsi» egin duela kaleko salmenta txikia espetxearekin zigortu izanak. Hala, legez kanpo kopiatutako obrak saltzea falta moduan zigortuko da orain—mozkinak 400 eurotik beherakoak direnean—, eta ez delitu moduan. Isunak edo gizarte lanak ezarriko zaizkie horrelakoetan harrapatzen dituztenei.

8. 'Mobbing'-a

Laneko jazarpena, mobbing esaten zaiona, delitua da dagoeneko. Izan ere, tortura moduan epaituko da orain —lehen, jazarpen moduan tipifikatuta zegoen—. Laneko mobbing-a ez ezik, etxebizitza mobbing-a ere delitua izango da. Etxe jabeak edo maizterrak izan daitezke delitu horren errudunak, baldin eta elkar behartzen badute etxea uztera, «helburu espekulatzaileak» lortzeko. Hiru urte bitarteko espetxe zigorrak jarri ahal izango dituzte epaileek horrelakoetan.

9. Kirol iruzurra

Kirol arloko iruzurren aurkako neurriak gogortu egin dituzte. Kirol klub eta elkarteetako kideek, kirolariek eta epaileek delitua egingo dute proba edo norgehiagoka baten emaitza aldatzeko ahalegina egiten badute, betiere kirol profesionalean. Iruzurra pasiboa edo aktiboa izan daiteke: aktiboa emaitza baldintzatzeko dirua eskaintzea litzateke; eta pasiboa, berriz, dirua jasotzea. Isunak eta lau urte bitarteko zigorrak eska ditzakete epaileek horrelako delituen egileentzat. Iruzurren arloan, finantza iruzurra ere arautu du kode berriak: hala, inbertitzaileak erakartzeko edo maileguak lortzeko informazioa faltsutzen duten elkarte edo enpresetako arduradunak zigortuko ditu kodeak.

10. Hirigintza eta ingurumena

Lurralde antolaketari eta hirigintzari dagozkien delituetan, ezkutuko edo legez kanpoko hirigintza lanak zigortuko dira, eta lau urte bitarteko zigorrak ezarriko zaizkie horiekin nahasitako pertsonei. Ingurumen delituetan, Europako Batasuneko 2008/99 direktibaren irizpideetara egokitu dute Zigor Kodea. Lau urte bitarteko zigorrak izango dituzte delitu horien egileek. Gainera, egindako kalte ekologikoa zuzendu eta lehengoratzeko hartu beharreko neurriak martxan jartzera behar ditzakete epaileek delitu horien egileak.

11. Etxeko animalien aurkako tratu txarrak

Zer esana eman du etxeko animalien aurkako tratu txarrak delitu gisa jasotzeak. Hiru hilabete eta urtebete arteko zigorrak izango dituzte animalia horiek jipoitu, zauritu eta hiltzen dituztenek. Kasu ugari izaten dira, eta animalien eskubideen babeserako elkarteek «aurrerapen handitzat» hartu dute neurri hori. Animaliak abandonatzea ere zigortu ahal izango da, kode berria eskuetan.

12.Droga trafikoa

Droga trafikoarekin lotutako kasu gehienen zigorrak arindu ditu Zigor Kode berrituak. Hala, lehen, hiru eta bederatzi urte arteko zigorrak aurreikusten zituen kodeak. Testu berriak, berriz, sei urte artekoak ezartzen ditu, baldin eta trafikatzaileak antolatutako sare edo erakunde batekin harremanik ez badu. Izan ere, kasu horietan zigorrak handitu egin dituzte, eta 12 urte artekoak izango dira.

13.Autoa, delitu tresna

Indarrean jarritako neurririk polemikoenetakoa da zirkulazioarekin lotutako hau. Izan ere, aurrerantzean, droga eta alkoholaren menpe gidatzeak, gidabaimenik gabe joateak eta abiadura muga gainditzeak autoa galtzeko arriskua ekarriko dio gidariari. Izan ere, kode berriak delituaren tresnatzat jotzen du autoa. Orain arte kamikazeentzat baino ez zuen aurreikusten horrelako salbuespeneko neurria Zigor Kodeak. Ipar Euskal Herrian ere autoa ken dezakete poliziek antzeko egoeretan, 2009ko ekainean zirkulazio kode berria indarrean jarri zenetik.

Hego Euskal Herrian indarrean jarritako puntu hau «neurriz kanpokoa» dela iritzi dio Europako auto gidarien elkarteak (AEA).

Poliziak aginduz gero, droga kontsumoaren proba derrigorrez egin beharko dute gidariek. Kontrol neurri horri uko eginez gero, zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delitua leporatu ahal izango zaio gidariari. Horri dagokion zigorra hau litzateke: sei hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorra, eta urtebete eta lau urte arteko gidabaimenaren kentzea.

14. Pirateria

Pertsonen eta salgaien pirateria delitutzat jotzen du kode berriak; gogor hartu ere, gainera. Hala, hegazkin edo itsasontzi bat bahitzen duenarentzat, 10 eta 15 urte bitarteko zigorra agintzen du. Ohiko pirateriaren aurkako zigorrak arautzen baditu ere, kode berriak ez du aintzat hartu azkenaldian gehiagotan entzun ohi den pirateria informatikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.