Maiorga Ramirez: "Baliteke azken filtrazioak tortura salaketak ezkutatzeko egin izana"

2011ko martxoaren 8a
17:17
Entzun

Maiorga Ramirez Nafarroako Eusko Alkartasunako idazkariak gaur esan du aurreko astean atxilotu zituztenen inguruan azken egunetan egiten ari diren filtrazioen bidez beharbada tortura salaketa ezkutatu nahi dituztela. Hain zuzen, zenbait hedabide zabaltzen ari direnez, iaz Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares hil nahi izan zituzten aurreko astean Bilbon eta Galdakaon atxilotutakoek. "Informazio interesatu" horiekin agian "alarma" piztu nahi dutela ohartarazi du. Giza eskubideak urratzen dituen edozein saiok EAren gaitzespena duela gogorarazi du, baina EAri etorkizuna interesatzen zaiola gaineratu du. Haren hitzetan, Euskal Herrian une "historikoa" batean dago, eta "Estatua eta Espainiako nazionalistak urduri daude, eurentzat hain erosoa izan den status quo-a amaitzen ari dela ikusten dutelako".

Andoni Ortuzar: "Bizitza politikoan kasualitate asko dago, baina baita estrategia asko ere"

Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du zilegi dela atxiloketak egiten direneko unea auzitan jartzea, eta aurreko asteko polizia operazioa Fiskaltzak Sorturen aurkako eskaera aurkeztu behar zuen astean egin zutela gaineratu du. "Kaleetatik lehergaiak, pistolak, balak eta horiek erabiltzeko prest dagoen jendea ateratzea ona da demokraziarentzat. Beste kontu bat da zuzenbide estatuaren berme guztiak betetzen diren", esan du EAk eta Aralarrek aurreko astean torturaren aurka sinatu zuten itunari buruz. "Zilegi da norbaitek galdetzea zergatik ez ziren atxiloketa horiek orain dela hilabete egin. Kasualitatea al da? Bizitza politikoan kasualitate asko dago, baina baita estrategia asko ere", adierazi du ondoren. Auzitegi Gorenak Sorturen gainean hauteskundeak baino lehen erabakitzen ez badu hutsegitea izango dela esan du, "Justiziak azkarra izan behar duelako eta aukera berdintasuna bermatu behar duelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.