Maisu-maistren manifestazioak «ulertezintzat» jo ditu Iribasek

Nafarroako irakasleek protestak egin dituzte ikastetxeetako atarian, murrizteak salatzeko; kontseilariak dio normaltasuna dela nagusiNUPen jarduna jasoko duen finantzaketaren araberakoa dela ohartarazi du errektoreak

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Murrizketen kontra kalera atera dira Nafarroako Bigarren Hezkuntzako irakasleak. Iragan asteko batzarrean adostu zutenez, dozenaka ikastetxetan egin zituzten elkarretaratzeak; sindikatuek balorazio positiboa egin dute deialdiaren parte hartzeaz: hainbat eskolatan, ikasleak ere batu ziren. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, ordea, ez du ondo hartu murrizketen aurka elkarretaratzeak egin izana. Orain arteko adierazpenen ildoa aldatu, eta kontuak eskatu dizkie irakasleei: «Ezin dut ulertu mobilizazioetara jotzea; elkarrizketa eskaini diegu, auzia aztertzeko eta adostasunak lortzeko». 230 bat maisu-maistra egotzi izanaren aurka ari dira protestan Nafarroako irakasleak.

Hizketarako prest agertu da orain arte Iribas, betiere murrizketetan atzera egiteko keinurik egin gabe. Ordea, azken astean kaskartu egin da gobernuaren eta sindikatuen arteko harremana; bete gabeko lanpostuak berandu osatzea leporatu diote langileek.

Irakasleen ordezkarien jarduna auzitan jarri du kontseilariak, eta ikasturtea normal hasi dela nabarmendu du: «Hezkuntzaren egungo egoera da haiek mahai gainean jartzen saiatzen ari direna. Gu etengabean gaude harremanetan zuzendaritzekin, eta egunero normal ari gara lanean». Lehenbiziko eskola eguna atzo zuten Nafarroako institutuetan. Sindikatuek ohartarazi zuten postu hainbat bete gabe hasi beharko zutela eskoletan; ukatu egin du hori Iruñeko gobernuak.

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasturte hasierako ekitaldira ere eraman zuten protesta irakasleek; Iribas kontseilaria eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea han zirela baliatuta, murrizketen aurka elkarretaratu ziren. Ez da izango gisa horretako protesta bakarra; datorren asteazkenean, hilaren 14an, giza kate bat egiteko asmoa dute Iruñean. Egun berean batzarra ere egingo dute maisu-maistrek, aurrera begirako mobilizazioak taxutzen hasteko; aukeren artean dago grebara jotzea.

Murrizketak izan zituen ardatz NUPeko ekitaldiak ere. Iribas kontseilariak asteon iragarri du gutxitu egingo dutela unibertsitate publikoari ematen dioten diru kopurua. Zerga bilketaren emaitzari lotu zion murriztea; espero baino kaskarragoa izan da. Azken urteetan egin duen bezala, NUPen balioa eta haren beharrak nabarmentzeko baliatu zuen hitzaldia Julio Lafuente errektoreak. Oharra egin zion gobernuari: «Urte batzuk badaramatzagu doikuntzekin, eta bide horretan segituko dugu, baina guztiok jakin behar dugu gure jarduteko aukerak unibertsitatearen finantzaketaren araberakoak izango direla».

Barcinak erantzun zuen NUPek ere onartu beharko dituela murrizketak: «Inork ez dezake ahalegindu etxe hau kalterik gabe geratzen eta krisia eta gizarte aldaketak campuseko atarian geratzen». Unibertsitatearekin «eskuzabalak» izan direla esan du Barcinak.

Deustuko Unibertsitateak ere atzo zuen ikasturtea hasteko ekitaldia; berezia aurten, 125 urte egin baititu. Jesusen Lagundiko kideekin batera, ekitaldian izan ziren Jaime Oraa errektorea, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua, besteren artean. Krisia izan zuten han ere hizpide. Errektoreak aitortu zuen «une zailak» bizitzen ari direla, eta eskerrak eman zizkion Jaurlaritzari, «bereziki krisi garaian emandako laguntzarengatik». Haren esanetan, ekonomikoa soilik ez da egungo krisia: «Gizarte ereduak eta balioak ere krisian daude».

Protestak izan ziren Deustuko Unibertsitatean ere atzo. Langileek elkarretaratzea egin zuten, 2008tik soldata bere horretan daukatela salatzeko. Zuzendaritzari eskatu diote aurkezteko diru sarreren eta gastuen datuak; haien arabera, izan ere, «ezkutuan» dauka horrelako informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.