95 urte bete berri zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte abokatua, uztailaren 10ean. Kausa anitzen defendatzaile izan zen bere bizitzan, hala nola Enbata mugimenduarena eta Ipar Euskal Herriko ikastolena. Hainbat etakide estraditatzearen kontrako alegatua ere egin zuen, Robert Badinter Frantziako abokatu ezagunarekin batera.
Ostiralean egin zioten azken agurra, Miarritzen (Lapurdi), haren herrian.
Ingurumenaren alde erakutsi izan duen jarrera ere azpimarratu izan dute haren hurbilekoek. Euskaldunen Kostaren Defentsarako elkartea sortu zuen 1973an. Herriko hautetsi ere izan zen denbora batez, eta hondartza horretan egin gogo zuten higiezin proiektu baten kontra borrokatu zen.