Mandela "eraldatzailea" eta haren "zuzentasuna" oroitu dute mundu osoko agintariek

2013ko abenduaren 6a
08:58
Entzun

Mundu osoko agintariek atsekabea azaldu dute Nelson Mandelaren heriotzaren harira. Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak agerraldi bat egin zuen bart gauean, eta esan zuen Mandelak "edozein gizonengandik espero daitekeena baino gehiago" egin zuela: "Hegoafrika eraldatu zuen". "Askatu zuten egunean ulertu nuen gizon batek bere itxaropenarekin eta bere beldurrak baztertuta lor dezakeena", erantsi du Obamak.

[Youtube]http://youtu.be/eIbwXCbiklY[/Youtube]

Frederick De Klerk Hegoafrikako presidente ohiarekin batera eman zioten Mandelari bakearen Nobel saria. De Klerkek esan du "ohorea" izan zela Mandelarekin lan egitea, "arerio politikoak" izan arren: "Gure harremana gorabeheratsua izan bazen ere, beti izan ginen gai une erabakigarrietan bat egiteko eta hainbat krisi gainditzeko".

Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok eta Europako Kontseiluko presidente Herman Van Rompuyk ere atsekabea azaldu dute "gure garaiko figura politiko handienetako" baten heriotza dela-eta. Mandelak "arrazismoaren, indarkeria politikoaren eta intolerantziaren kontrako borroka" ordezkatzen duela gaineratu dute.

Xi Jinping Txinako presidenteak ere "atsekabe sakona" adierazi dio Jakob Zuma Hegoafrikako presidenteari Mandelaren heriotzaren harira. Giza garapenari "izugarrizko ekarpena" egin ziola nabarmendu du Xik.

Dalai Lamak, berriz, "gizon adoretsu" gisa oroitu du Mandela, eta haren "zuzentasuna eztabaidaezina" dela gaineratu du. "Lagun handi bat" galdu du Dalai Lamak, eta harekiko miresmena eta errespetua zuela azaldu du.

Simon Peres Israelgo presidentearen hitzetan, "historia aldatu zuen lider handia" izan zen Mandela: "Israeldar guztiak doluan gaude munduko nazio guztiekin eta Hegoafrikako herriarekin, aparteko lider bat galdu baitu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.