Manfred Roeder (Berlin, 1929) militante ultraeskuindarraren Inmigrazio masiboa eta Europaren etorkizuna hitzaldia debekatu du gaur Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Hitzaldia astelehenean du ematekoa, Donostiako Hesperia hotelean (19:30).
Herrizaingo Sailak jakinarazi du Hesperiaz gain, Donostiako hotel guztiei eman diela debekuaren berri. "Ekitaldi arrazista" delako eta "istiluak sortzeko arriskua" dagoelako debekatu du. Gainera, esan du ez duela utziko hiriko beste gune publikotan egin dezaten.
Hitzaldiaren antolatzailea Lilbreria Europa Bartzelonako liburu denda da, ultraeskuineko gaiekin zerikusia duen materiala saltzen duena. Donostian ez, baizik eta Valentzian egin nahi zuen hasiera batean asteleheneko hitzaldia, baina egun hori Gernikako bonbardaketaren urteurrena dela-eta -73.a-, tokiz aldatzea erabaki dute.
Ezker Batuak Herrizaingo Sailari ekitaldia debekatzeko eskatua zion. "Ezin da propaganda nazia egiten utzi", dio Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari bidali dion gutunak. Ekitaldia debekatu ezean, EBk astelehenean mobilizazioa egiteko asmoa zuen.
SS-tako militante ohia
Roeder, Adolf Hitler alemaniar diktadorearen aldeko SS taldeko kide ohia da. 1982an atxilotu egin zuten, atzerritarrak hartzen zituen aterpe batzuetan Neonazien Ekintza Taldeak egindako erasoengatik. 1990ean berriro atzeman zuten, baita 2005ean ere, 75 urte zituela. "Gorrotoa eragin eta ekintza terroristak" egin izana egotzita, hainbat aldiz zigortu izan dute Alemanian; denera, hamabost urtean egon da kartzelan.
Manfred Roeder ultraeskuindarraren hitzaldia debekatu du Herrizaingo Sailak
SS-tako militante ohia 'Inmigrazio masiboa eta Europaren etorkizuna' gaitzat hartuta mintzatzekoa da Donostiako Hesperia hotelean, astelehenean. 81 urte ditu alemaniarrak eta hainbat alditan jarri diote espetxe zigorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu