Baionako Gaskoien plazatik abiatu den manifestazioak suprefetura arte egin du bidea, baina Patrick Dellennes suprefetak Polizia ezarriz erantzun du: hortxe geratu behar izan dute. "Ez genuen horrelako harrera espero, erakusten digu ez dutela afera konpontzeko gogorik baina bai konfrontaziorako borondatea dutela", azaldu du manifestazio bukaeran Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.
Ikastolen egoera aldatzeko beharraz idatzi bat irakurriz amaitu dute manifestazioa, eta idatzi hori bera bidali diete Frantziako arduradunei, presidente, lehen ministro, Kultura, Barne, eta gaiarekiko erantzukizuna duten gainerako ministroei, baita legebiltzarkideei ere. Hitz eman bezala, hizkuntza gutxituen Europako karta izenpetu ebhar dutela oroitarazi diete.
Poliki-poliki bete da Gaskoien plaza eta manifestazioa aitzinatu arau, jende multzo handia bildu da, guztira 3.000 lagunez gora batuz. Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Hego Euskal Herriko xoko askotatik gerturatu da jendea. Hain zuzen, Hendaiako ikastola arriskuan izan arren, Ipar Euskal Herriko ikastola guztien geroa delako zalantzan. Manifestazioaren balorapen baikorra egin du Gorostiagak.
Alderdi Sozialistak Baionan duen egoitzatik abiatu dute mobilizazioa, "lege bat ikastolentzat" leloa oihukatuz. Baionako zentrorantz joan dira, herritar guztiek jakin dezaten ikastolekin gertatzen ari dena. Patrick Dellennes Baionako suprefetak bigarren aldiz Hendaiako ikastola handitzeko eta berritzeko erabakiaren aurka egin du. Hendaiako Herriko Etxeak onartutako ikastola berriaren xedearen aurka eginez bigarren aldiz, suprefetak ahal bezain zorrotz hartu du Falloux legea. Lege horrek debekatzen du eraikuntza publikoak edo diru laguntza publikoak ematea hezkuntza eredu pribatuei. Alta, Seaskak behin eta berriz aldarrikatu du funtzio publiko bikoitza betetzen duela: batetik, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoaren kate-begi nagusia izatea, eta, bestetik, haurren hezkuntza bermatzea euskaraz. Otsailean ere egin zuten beste manifestazio bat, eta bazirudien suprefetak atzera egingo zuela. Baina bigarrengo ahaleginean ere ezetz esan du.
Hendaiako 180 familia eta 250 haur erabaki horren jomugan daude zuzenean. Horregatik, Urrizak uste du, legebiltzarkideek lege bat proposatu beharko luketela gaurko blokeo egoetarik ateratzeko, eta desobedientzia zibilaz ere aritu da, hartu beharrezko jarreraz ari dela.
Atzo, bestalde, Hendaiako Gure Ikastolak martxa zaratatsu bat egin zuen. Protesta ikastolatik bertatik abiatu zen, 16:45ean, eta herriko etxeraino iritsi zen.
Azken egunetan asko izan dira Hendaiako ikastolak jaso dituen babes eta elkartasun mezuak. Azkena, kultur mundutik iritsi da. Amets Arzallus bertsolariak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bideo bat grabatu dute. Bertan, Baionako suprefetari Gure ikastola kantua abesten diote. Bideoaren helburua da Ipar Euskal Herriko umeek euskaraz ikasteko duten eskubidea aldarrikatzea, hots, ikastolen etorkizuna bermatzea eta bultzatzea.
Atxikimenduak
Udalbiltzak ere bat egin du manifestazioarekin. "Euskarazko hezkuntza jokoan dago Ipar Euskal Herrian, ikastolen egitasmoa baitago arriskuan. Hendaiako ikastolaren aferarekin argi geratzen da Ipar Euskal Herriko gurasoek traba ugari dituztela seme-alabak euskarazko hezkuntzan hazteko. Euren herrian arrotz dira". Atxikimendua eman du baita ere Eskolime hizkuntza gutxituen sareak.
Manifestazioaren deitzaileek eskaria egin diete Sylviane Allaux eta Colette Capdevielle diputatuei zein Frederique Espagnac senatari sozialistari, Parisen ikastolen aldeko legea onar dezaten. "Promesek eta hitz ederrek ez dute baliorik. Lege bat behar dugu ikastolentzat, murgiltze ereduan ari diren eskola laikoentzat", esan zuen asteartetan Paxkal Indok, Seaskako lehendakariak. Hizkuntza politika publiko osoa arriskuan dago, Indoren esanetan.
Nahiz eta beste bideren bat aztertuko zuela esan, Dallennesek tinko eusten dio bere erabakiari. Falloux legean oinarritzen da. Lege horren arabera, erakunde publikoek debekatua dute eraikuntzak edo laguntzak ematea hezkuntza eredu pribatuei.