Urriaren 7an bi urte beteko dira Israelek Palestinaren aurkako genozidioaren egungo fasea abiatu zuenetik. Efemeride hori gogoan hartuta, Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazio nazionalera deitu du: Iruñean izanen da, urriaren 4an.
«Izugarri larriagotu da egoera azken bi urteetan, eta are gehiago larriagotzen ari da azken hilabeteetan, bereziki Gazako palestinarrentzat», azaldu dute plataformako kideek, Iruñeko Gazteluko plazan egin duten agerraldian. Gazako egoera larriagoa izanagatik, ordea, Zisjordaniako palestinarrek bizi dutena ere nabarmendu nahi izan dute: «Lurralde osoa bereganatzeko prozesuan aurrerapausoak ematen ari da Israel, [Palestinako] iparraldea eta hegoaldea bereiziko dituzten koloniak eraikiz».
Horiek horrela, bi estatuen konponbidea mahaigaineratu dute zenbait estatuburuk. Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideen iritziz, ordea, proposamen hori «bideraezina» da eta, are, «zilegitasuna ematen dio Israelen proiektu kolonialari». Gaurko agerraldian gaineratu dutenez, proposamen horrek zerikusi handiagoa du «genozidioaren ardura gainetik kentzeko nahiarekin» egoera konpontzeko ahalegin zintzo batekin baino.
Plataformaren iritziz, elkarbizitza ezinezkoa izanen da tartean proiektu kolonialista bat dagoen bitartean: «Ez dago bizikidetza posiblerik Israelgo entitate sionistarekin». Hori dela eta, «Palestina osoaren deskolonizazioa eta Israelgo estatu kolonialaren desagerpena» aldarrikatuko dute Iruñeko kaleetan.
«Konplizeen kontrako borroka»
Manifestazioaren aurkezpenean, ekintzarako bi ildo nagusi zehaztu ditu plataformak: Palestinako erresistentziaren defentsa eta Israelen konplize diren erakundeen aurkako presioa.
Lehen ildoari dagokionez, plataformako kideek onartezintzat jo dituzte «egungo egoeraren ardura erresistentziaren gain kokatzen duten diskurtso kriminalizatzaileak». «Palestinak bere burua defendatzeko eskubide osoa du, eta bere erresistentziagatik ez balitz, palestinar herria aspaldi legoke desagertuta».
Bestetik, Israeli babesa ematen dioten edo harekin negozioak dituzten erakundeei «presioa egiten jarraitzeko» deia egin dute: «Israel sorreratik izan da AEBetako eta Europako politikari eta enpresarien aliatua, eta adierazpen hutsalen gainetik, gaur egun horrela izaten jarraitzen du. Hortaz, genozidioaren amaiera ez da etorriko nazioarteko komunitateari egiten zaizkion eskaera antzuen bidez, Espainiako Gobernuaren eta haren sostengu diren alderdien keinu hutsalen bidez, ezta agintarien adierazpen hipokriten bidez ere».
Aitzitik, plataformako arduradunen esanetan, nazioarteko mobilizazioei esker lortuko da genozidioaren amaiera: «Gobernu, enpresa eta alderdien konplizitatearen aurka borrokatuz lortuko dugu: mobilizazioa, boikota eta ekintza zuzena bultzatuz».
Estrategia horren barruan kokatu dute urriaren 4an Iruñean eginen duten manifestazioa: «Palestinako erresistentziaren alde, Israelen desegitea aldarrikatzeko eta konplize guztien aurkako borroka zuzena biderkatzeko».