Politika

Manifestazioa egin dute Donibane Lohizunen Iparraldeko atxiloketen aurka

Sarekadak Frantziaren “urduritasuna” erakusten duela adierazi du Segik.

2009ko uztailaren 11
20:13
Entzun
Duela bi aste Iparraldean izan ziren atxiloketak salatu asmoz, manifestazioa egin dute gaur Donibane Lohizunen (Lapurdi) Segik deituta. Euskal gazteria aitzina, hau ez da Frantzia ez Espainia, hau Euskal Herria da lelopean atera dira Luis XIV. Plazatik, eta 1.000 inguru pertsona bildu dira.

Hiriko kaleetan zehar ibili dira, eta Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministro ohiaren eta egungo Justizi ministroaren etxe aldera abiatu dira. Han poliziak kalea itxita zeukan, eta istiluak gertatu dira. Poliziak ke poteak, petardoak eta gas negargarriak jaurti ditu hamar bat minutuz, baina ez da haratago joan.

Ziburuko frontoian amaitu da protesta, eta han agiria irakurri du Segik. Sarekadak Frantzia "urduri" dagoela agerian uzten duela nabarmendu du, baina horrek, era berean, "Segiren eta gazte abertzaleen indarra" erakusten duela. Frantziak gazte abertzale guztiak jo mugan dituela ere gaineratu du.

Frantziako Poliziak hamabi lagun atxilotu zituen duela bi aste Lapurdin eta Nafarroa Beherean, kale erasoekin lotuta, eta Segi gazte erakundeak gaurko manifestazioa antolatu du, atxiloketa horiek eta beste batzuk salatzeko. Donibane Lohizunen (Lapurdi) egingo dute, 17:00etatik aurrera.

Segiren ustez, atxiloketak ez dira “eraso isolatua”. Frantziako eta Espainiako estatuek “independentziaren aldeko gazteria militantea” kolpatzeko egindako apustuaren barnean kokatu ditu atxiloketok, Gasteizen, Oarsoaldean eta Iruñerrian ere halakoak egin dituztela gogoratuta. “Herri hau askapenera daraman borroka eragoztea eta gazte belaunaldi berriak lotuko dituen katea etetea” da horien guztien helburu, Segiren ustez.

“Gazteak ikaratu eta desaktibatzeko, fitxaketa masiboan oinarritutako estrategia errepresibo baten aitzinean gara”, salatu du. Horren barruan jo ditu “turismoaren aurkako ekintzen aitzakian” 30 gaztetik gora atxilotu edo auzitegira deklaratzera deitu izana. Operazio horietan autoinkulpazioak lortu, informazioa bildu, eta hatz marka zein ADN aztarnekin artxibategia osatu nahian ari direla ohartarazi du.

Gazteen ustez, Frantziako Estatua “jakitun da” euskal gazteriak duen “inplikazio, borondate eta antolakuntza gaitasunaz”. Polizien xantaietan ez erori, eta atxiloketen aurrean mobilizatzeko, indarrak biltzeko eta “hortzak erakusteko” deia luzatu du.

Duela asteko operazioen ondorioz, Ibai Agirrebarrena, Gilen Goiti eta Eneko Etxegarai kartzelan sartu dituzte: Agirrebarrena eta Etxegarai Fleuryn, Goiti Fresnesen. Beste bederatziak libre utzi zituzten: Aritz Ortuno, Orkatz Arano, Harri Idoate, Txomin Catalogne, Marco Delizy, Ekhi Erramundegi, Jon Goio, Xan Beiry eta Joseba Agirrebarrena. Fiskaltzak helegitea sartu du Beiryri buruzko erabakiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.