GAzteak

Manifestazioa egingo dute gaur Azpeitian auzipetutako gazteen alde

Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak deituta, Gazteak aske, epaiketarik ez! lelopean manifestazio isila izango da gaur, Azpeitian 19:00etan, plazatik abiatuta. 2002ko otsailaren 10ean, Elegante Egunean, orduan Azpeitiko alkatea zen Jose Mari Bastidaren eta gazte lokalaren eskean zebiltzan gazteen artean istiluak izan ziren; Fiskaltzak bosna urteko espetxe zigorra eskatzen du bederatzi gazteentzako.

2004ko urriaren 30a
13:41
Entzun
Alkateak gertaerak jazo eta berehala argitu zuenez, lagunekin taberna batean zegoela zenbait gazte hurbildu zitzaizkion. «Kaputxadun gazte talde bat mehatxuka eta irainka sartu zen tabernan, eta jendeak aurka egin zien. Geroago gazteak berriro agertu ziren, eta kafetegi batean eraso egiten saiatu ziren. Inguratu ostean, nire emazteari bultza egin eta niri ostikoak-eta ematen eta denetik egiten saiatu ziren», aipatu zuen 2002an Bastidak.Azpeitian Gazteok Zer?! taldeko kideek bestela ikusten dute gertaera. «Bost urtez gazte lokala eskatzeko egiten ari garen moduan, mamuz jantzita joan ziren lau gazte alkatea eta beste pare bat zinegotzi zeuden tabernara. Sartu bezain laster alkatea bortizki, bultzaka hasi eta gazteak tabernatik joan egin ziren. Ondoren, alkatea kalean ikusita, hainbat gazte esplikazio eske joan ginen, zer gertatu zen eta bultzaka zergatik aritu zen jakiteko. Horrela hasi zen liskarra».Alkateak erasoa kale borroka ekintzekin identifikatu eta gazteen aurkako salaketa jarri zuen. Bi gaztek ere, alkateak eraso egin ziela eta, Bastidaren aurkako salaketa jarri zuten.«Ministerio fiskala dago akusazio publiko bezala, eta Bastida alkatea zegoen, lehen, akusazio partikular gisa. Gero atzera egin zuen, ordea. Donostian egin zen lehen epaiketa bertan behera geratu zen, baina bertan Fiskaltzak zigorra bost urtera igotzeko eskatu zuen», azaldu dio Luix Barinagarrementeria akusaziopean dauden bederatzi gazteen abokatuak Berriari. Bigarrenean ere epaiketarik ez zen izan; abokatuak argitu duenez, «Fiskaltzak lekukoen presentzia beharrezkoa zela esan zuen».Hirugarren eta azken epaiketa datorren asteazkenean edo ostegunean egingo da. Horrela adierazi du abokatuak. «Bigarrenean huts egin ostean isuna jarri zitzaien lekukoei 150 eurokoa bakoitzari; hirugarrenean agertu ezean neurriak hartuko zituztela ohartarazi zieten».Hain zuzen ere, epaituko dituzten bederatzi gazteei babesa emateko eta gazte lokala eskatzeko egingo dute manifestazioa gaur arratsaldean Azpeitian. «Gazteei babesa eman nahi diegu manifestazioarekin. Alkatearen eta udaletxearen muntaia salatzeaz gain, gazteen erabateko askatasuna eskatzen dugu. Bide batez, manifestazioarekin gaztetxeen aldeko aldarrikapena ere egin nahi dugu», adierazi du Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak.

Gazteen mozioa udaletxean

Azpeitian hilabete guztian hainbat liskar izan da. Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak mozioa aurkeztu zuen Udalean, baina Udalak berau ez tratatzeko erabakia hartu zuen. Erantzuna jakinda gazteak udalbatzara joan eta alkateak «udalbatzak aurrera egin behar» zuela adierazi zien. Betiere gazteen arabera, alkateak udaltzainei deitu zien batzar aretoa hustu asmoz. Eztabaida baretzen ez zela ikusita, alkateak udalbatza bertan behera uztea erabaki zuen. Gertaera horren harira, Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak adierazpena kaleratu zuen. «Gure asmoa inolaz ere ez da Udaleko funtzionamendua oztopatzea. Arazoak Udalean eztabaidatzea soilik eskatzen dugu».

Datorren astean izango den epaiketan gazteei babesa emateko, gaurko manifestazioarekin bat egin dute euskalgintza, sindikalgintza, hezkuntza, gizarte, kirol edo kultur alorreko hainbat eragilek; hala nola, ELA eta LAB sindikatuek, Bilgune Feministak, EHEk, Askatasunak, Batasunak, Ikasle Abertzaleak taldeak, Segik, Bai Euskal Herriari taldeak eta Etxeratek. Gazteek bizi duten egoera zailean «babesa eta elkartasuna» adierazteaz gain, «epaiketan absoluzioa» eskatzen dute. Arazoak «elkarrizketa bidez konpondu behar» direla, eta Udalak gazteei «beharrezkoak dituzten baliabideak eskaintzea ezinbestekoa» dela aipatu dute eragileek komunikatu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.