Egin Dezagun Bidea ekimenak kalera ateratzeko eskatu die nafarrei, eragile sozialei, eragile politikoei eta gatazka politikoa konpontzeko bidean aurrera egin nahi dutenei. Kalera ateratzeko eskatu die, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko eta espetxe politika salatzeko. Horretarako, manifestazioa antolatu du uztailaren 3rako, Iruñean. 12:00etan abiatuko da, Golem zinemetatik.
Ekimeneko ordezkariek uste dute garaia dela espetxe politikaren aurka nahikoa dela esateko. Espetxe politikak euskal gatazkaren irtenbideari begira jarri behar duela diote, eta euskal presoek jasaten dituzten «muturreko egoerak» amaitzeko eskatu dute: sakabanaketa; zigor osoa edo zigorraren hiru laurdenak bete arren, espetxean jarraitzea; gaixotasun larriekin eta sendaezinekin kartzelan jarraitzea; eta isolamendua eta bakardadea. «Muturreko egoera horiek amaitzea larrialdi politikotzat eta, areago, giza larrialditzat jotzen dugu», adierazi dute.
Amnistia eske
Gatazka politikoa konpontzeko «ezinbestekoa» iruditzen zaie euskal presoei eta errefuxiatuei amnistia aplikatzea eta etxera bueltatzen uztea, «haien eskubide guztien jabe».
Egin Dezagun Bideak gogorarazi du 705 lagunek osatzen dutela Euskal Preso Politikoen Kolektiboa —horietatik 107 dira nafarrak—. Nafarroako presoetako bakar bat ere ez dago Euskal Herriko espetxeetan. Etxetik 670 kilometrora daude, batez beste.
Egin Dezagun Bideako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, manifestazioaren berri emateko. Castillo Suarez idazleak eta Jesus Mari Compains abokatu eta Eneko Compains presoaren aitak hitz egin zuten ekimenaren izenean. Egin Dezagun Bidearen Nafarroako bultzatzaileak ere aurkeztu zituzten. Zerrendan daude futbolariak, unibertsitateko irakasleak eta langileak, idazleak, abokatuak, artistak, bertsolariak, musikariak, presoen senideak eta preso ohiak.
@Informazio gehiago nahi izanez gero:
www.egindezagunbidea.info
Manifestazioa uztailaren 3an, Iruñean, presoen alde
Egin Dezagun Bideak antolatu du, presoek jasaten dituzten «muturreko egoerak» amaitzeko eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu