Aste honetan Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren zigor eskariak ezagutu ondoren —Altsasuko auzian auzipetutako batentzat 62 urteko kartzela zigorra eskatu du; 50 urtekoa beste seirentzat; eta 12koa beste batentzat—, babesa eskatu zuten auzian inputaturiko gazteen gurasoek, eta gaur herritarren babesa jaso dute.
Manifestazioa egin dute herriko kaleetan, 20:30ean hasita, eta, antolatzaileen esanetan, 4.500 pertsonak bat egin dute. Altsasu ez da terrorismoa. Justizia nahi dugu! zioen pankartarekin abiatu dira gurasoak, aurretik. Atzetik, Altsasukoak Aske plataformako kideek beste pankarta bat zabaldu dute, auzipetuak aske uzteko eskatuz eta "Poliziaren muntaketak" salatuz.
Gurasoek, manifestazioaren bukaeran, gogoratu dute ez dutela eskatzen beren seme-alabak ez zigortzeko. Aldiz, berme guztiak izango dituen epaiketa bat eta proportzionaltasuna zaintzea eskatzen dutela gogorarazi dute. Nabarmendu dute demokrazia bera dagoela "arriskuan", eta galdera utzi dute, euren "mina" erakusteko: "Nola daiteke hilketa batengatik eskatzen den zigorra baino handiagoa eskatzea gure seme-alabei?".
Azken hilabeteotan jasotako babes guztia eskertu dute. Elkartasun "neurrigabe eta plurala" iritsi zaiela azaldu dute. Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak ez ezik, Espainiako Kongresuko 74 diputatuk eta Senatuko 14 ordezkarik, baita Europako Batasuneko parlamentuko 51 diputatuk agertu dieten sostengua. Ia 60.000 lagunen sinadurak ere bildu dituzte Internet bidez hasitako bilketan.
Manifestazioa hasi aurretik, 20:00etan, Altsasukoak Aske plataformak egin du bilkura bat. Adierazi dute "erokeria bat" direla fiskalak egindako zigor eskariak, eta mobilizatzen eta salatzen jarraitzera dei egin diete herritarrei.
Uztailaren 14an beste protesta saio bat egingo dute, Iruñean, eta hartan parte hartzera dei egin dute manifestazioaren bukaeran. Elkarretaratzea egingo dute, 17:30ean, Gazteluko plazan.