Manifestaziora deitu du Herrira-k, gaixo diren euskal presoak askatzeko exijitzeko

Martxoaren 31n egingo dute manifestazioa, Iruñean, eta «egiazko urratsak» eskatuko dizkiete gobernuei

Herrira mugimenduko kideak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Herrira mugimenduaren arabera, Espainiako Gobernua eta Frantziakoa presoen eta euren senitartekoen bizitzarekin jolasean ari dira, eta «ezezkoa» da euren hitz bakarra. Horri aurre egiteko, gobernuek «egiazko urratsak» egin ditzaten eskatzeko, Herrira mugimenduak martxoaren 31n manifestaziora deitu du Iruñean. Nafarroako hiriburuko kaleak bete nahi dituzte, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna aldarrikatzeko asmoz. Herrira «euskal presoen kolektiboari ezartzen zaizkion salbuespen politikoei amaiera emateko ari da lanean», eta uneotan lehentasuna da gaixotasun larriak dituztenak aske uztea.

Anbulantzia baten bidez gaixotasun larriko presoen egoeraren berri emateko kanpaina bat abiatu zuen duela bi aste Herrira-k. Fran Balda Herrira-ko eledunaren arabera, manifestazio horrekin, berriz, espetxe politika aldatzeko garaia dela azpimarratuko dute. «Konponbiderako urratsak egin ditzatela eskatzeko ordua da, denentzako bake egoera sortzen lagunduko baitu. Presoen eta familien sufrimendua ere aintzat hartzen duen konponbidea behar da». Horregatik, dei egiten diete eragile sozial, politiko eta sindikatuei manifestazioarekin bat egiteko.

Bihar Nafarroako Parlamentuko Osasun batzordean gaixotasun larriak dituzten lau preso nafarraren egoera aztertuko da. Jaiki Hadi mediku elkarteak agerraldia egingo du 17:30ean. Era berean, Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra koalizioek ekimen bat jarri dute abian legebiltzarrean Iñaki Erro preso iruindarraren egoeraren berri emateko. Eguberrietan ospitaleratu egin zuten Erro, kardiopatia iskemikoak okerrera egin eta gero. Hartara, hiru indar politikoek espetxe erakundeetako zuzendariarekin eta Almeriako kartzelako zuzendariarekin hitz egiteko bilerak eskatu dituzte.

Fernandez Diazi erantzuna

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak igandean adierazi zuen ez dela presorik hurbilduko, harik eta ETA desegiten ez den bitartean. Herrira mugimenduaren arabera, adierazpen horiek «argi» aditzera ematen dute euskal presoei «helburu politikoekin» ezartzen zaiela espetxe politika. Herrira-k nabarmendu du, gainera, azkenaldian presoen aurka erasoak gertatu direla, hainbat preso urrunagoko espetxeetara aldatu direla edo bakartze egoerek bere horretan jarraitzen dutela. «Beraz, ez dezatela esan politika hau preso bakoitzari banaka ezarritako espetxe politika dela».

Herrira-ren arabera, presoen eskubide oinarrizkoenei «prezioa» jarri nahi die gobernuak: «Giza eskubideak zapaltzen dituzte helburu politiko batzuen mesedetan». Oso larritzatjo du jarrera hori, eta gogora ekarri dute sakabanaketak sufrimendua sortzen duela. «Ez litzateke sekula onartu beharko salbuespen legerik, baina eskandaluzkoa da neurri horietan tematzea gizartearen gehiengoak konponbideen aldeko apustua egiten badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.