Eusko Jaurlaritzak Manuela Carmena epaile ohia aukeratu du motibazio politikoak eragindako giza eskubideen urraketen biktimei buruzko dekretua egiteko.Jaurlaritzak sailburuorde karguarekin izendatu du Carmena, eta Giza Eskubideen zuzendaritzaren barruan lan egingo du. Urte amaiera baino lehen, edo gehienera jota datorren urtearen hasieran, izan beharko du prest dekretuaren zirriborroa. Dekretu horretan, motibazio politikoko biktimei eman beharreko laguntzak, horiek arautzeko irizpideak eta kalte-ordainak zehaztu beharko ditu, Idoia Mendia Jaurlaritzako Justizia sailburuak atzo jakitera eman zuenez.
Uztailaren 11n PP eta UPD ez beste legebiltzar talde guztiek estatuaren indarkeriaren biktimen egoera aztertu eta erreparazio eta aitortza neurriak bultzatzekolan taldea eratzea erabaki zuten.Atzo, lehen batzarra izan zuen ponentzia horrek Legebiltzarrean, eta Justizia sailburuak iragarri zuen Carmena izango dela dekretua lantzeaz arduratuko dena. Carmenak abokatu eta epaile gisa «eskarmentu handia» duela eta izaera «independentea» duela azpimarratu du Mendiak.
Epaile ohia da Carmena, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izandakoa. 1983an hasi zen epaile gisa, Bilboko Instrukzio Epaitegiko bigarren aretoan. 1977an ultraeskuindarrek atentatu bat burutu zuten Madrilgo Atocha kaleko abokatu bulegoko kide izan zen, eta garai horretan Madrilgo Instrukzio Epaitegian aritu zen. 1989an Madrilgo Espetxezaintza Epaitegira igaro zen. Jueces para la Democracia elkartearen sortzaileetako bat da, eta Espainiako epaile aurrerakoienetako bat dela diote.
«Biktima eta borrero»
Motibazio politikoko biktimen dekretuak bi tarte jasoko ditu, bereiztuta: 1968tik 1978ra bata, eta 1979tik gaur egunera arte bestea. Justizia sailburuak ez du argitudekretuak zer biktima mota aintzat hartuko dituen, baina torturatuak izan direnen kasuak aztertuko dituela aurreratu du. Alta, Mendiak argitu du bonba bat jartzen hil ziren etakideak edo Poliziarekin aurrez aurre hil zirenen kasuak, adibidez, ez dituztela jasoko. Gainera, zehaztu du aldi berean «biktima eta borrero» diren pertsoneierreparazioak eta diru laguntzak emango zaizkiela, baina kasu horietan ez dela omenaldirik egingo.
PPk eta UPDk egindako kritikei erantzunez, Mendiak esan du euren asmoa ez dela biktima guztiak maila berean jartzea. Bi kolektiboek —ETAren biktimak eta estatuaren biktimak—«bidegabea den sufrimendua» jasan dutela azpimarratu du, baina, jatorri desberdina dutenez, horiek biak «parekatzerik ez dagoela» erantsi du. «ETA da biolentzia ororen jatorria». Hala,argitu du ETArenak ez diren biktimek «bestelako tratamendu bat» merezi dutela.
Mendiaren arabera, motibazio politikoko biktimen inguruko lan taldea eratzeko eta horiei erreperazioa emateko dekretua egiteak bukatutzat emango du biktimen aitortzari buruzko auzia, eta, ondorioz, argiki bereizita geratuko da «demokraten eta terroristen arteko muga».
Manuela Carmena epaile ohiak egingo du zio politikoko biktimen dekretua
Mendiak esan du «ETA dela biolentzia ororen jatorria» eta biktima guztiak ezin direla maila berean jarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu