Ia bost hilabete dira Asel Luzarraga (Bilbo, 1971) idazle eta itzultzailea etxeko atxiloaldian daukatela Txilen, eta baliteke hurrengo astean jakitea noiz egingo dioten epaiketa. Iazko abenduaren 31n atxilotu zuten han, lau erasorekin lotura izatea eta etxean lehergailuak egiteko materiala edukitzea egotzita. Hasieran Terrorismoaren Aurkako Legea urratzea leporatu zioten, gero Armen eta Lehergailuen Legea haustea. Fiskal nagusiak bost urteko espetxe zigorra eskatu du, eskuetan nitrato ioien arrastoak aurkitu zizkiotela-eta lehergailuekin zerikusia zuelakoan. Dena dela, Luzarragari egindako bolbora probek negatibo eman dute. Idazle eta itzultzailearekin mintzatu da BERRIA.INFO.
Lau hilabete baino gehiagoan zaude etxeko atxiloaldian Txilen. Nola sentitzen zara?
Denbora luzea da baina, egia esan, ez daukat aspertzeko aukera handirik. Jakina, etxetik irten nahi nuke eta, gainera, orain nire bikoteari eskatu behar dizkiot mandatu guztiak. Dena dela, burua egoerara moldatzen dakit eta ez naiz gehiegi kexatzen. Ez nago kartzelan, behintzat, fiskalak nahi lukeen bezala!
Egoera horretan egonda, zer egiten duzu?
Egun denak dira oso antzekoak. Goiz jaikitzen naiz, gosaldu eta itzulpenei heltzen diet. Tarteka posta begiratu, iristen zaizkidan mezuei erantzun eta Lourdes arrebarekin, gurasoekin, Jaime abokatuarekin edo Euskal Herritik inoiz bakarrik uzten ez nauten lagun batzuekin... skypez hitz egiten dut. Lana bukatutakoan bazkaria prestatu, bazkaldu, telebista apur bat ikusi eta arratsaldean, denbora daukadanean, irakurtzen saiatzen naiz. Askotan tartean agertzen diren zereginekin ezinezkoa da beste gauza handirik egitea. Arratsaldean edo iluntzean Vane unibertsitatetik itzultzen da, eta elkarrekin ematen dugu lotara joan arte geratzen dena. Idazten ari naizen nobelarentzat astean behin ere ateratzen dut denboratxoa. Hori izaten da ohikoena.
Hilabeteotan Euskal Herrira etortzekoa al zinen?
Nire asmoa irailean hara joatea zen, Txalapartarekin argitaratuko dudan hurrengo eleberria aurkeztera -Utopiaren itzalak-, ondoren Txilera itzultzeko. Orain batek daki; ni atxilotu eta astebetera Barne ministroak ni kanporatzeko agindua sinatu zuenez, ez dakit hau bukatzen denean hemen geratzerik izango dudan ala Euskal Herrirako bidaia derrigortua izango den.
Babesa jasotzen ari al zara hor, Euskal Herritik...?
Leku askotatik, egia esan: Txiletik, Euskal Herritik, Argentinatik, Uruguaitik... Eta leku guztietatik espero nuena baino dezente gehiago. Alde batetik, familiak, Mundaka eta Bilboko betiko lagunek, azken urteotan egindako lagun berriek, batez ere Bermeo ingurukoek, idazleek, Euskal PEN Klub osoak, ikasle ohiek, musikariek, euskal komunikabide askok... egundoko erantzuna eman dute, kartzelan nengoenean gainditu egiten ninduen babesa, maitasuna, elkartasuna helarazi zizkidaten. Lourdes eta Vaneren bidez iristen zitzaidan, eta barneratzea kostatu zitzaidan. Martxoan antolatu zuten kontzertua nire bizitzako bizipenik berezienetakoa izan zen. Bestetik, hemen ere ezagutzen ez nuen jende askorengana iristeko aukera izan dut. Batez ere, anarkistak eta maputxeak izan dira sostengua eman didatenak, etxera etorriz, elkarrizketatuz, nire gertaera ezagutaraziz... Eta azken boladan Temukoko gotzaina da laguntza eskuzabal eta erabatekoa ematen ari zaidana. Oso kezkatuta dago hura, haserre, ondo dakielako hau errugabe baten aurkako erasoa dela eta lotsagarria deritzo. Askotan esan dudanez, zor asko eta handiak izango ditut hau bukatzen denerako.
Eusko Jaurlaritzak ezer egin al du zure alde? Espainiako Gobernuak? Ba al dute zure egoeraren berri? Zuek saiatu al zarete horretan?
Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egin, ez didate deitu ere egin zelan nagoen, ezer behar dudan, benetan zer gertatu zaidan... jakiteko. Ia bost hilabete igaro dira eta ematen du ez naizela euskal herritarra. Dena dela, laster hori aldatzea espero dut. Badakit han nire kasuari arreta jartzeko eskatu nahi diotela Eusko Jaurlaritzari edo, behintzat, Giza Eskubideen Batzordeari, gertatu zaidana giza eskubideen aurkako, adierazpen eta kontzientzia askatasunaren aurkako eraso argia delako. Espainiako Gobernuak ere, nik dakidala, ez du ezer egin, baina Espainiako Kontsulatuak gertutik jarraitzen dio nire egoerari eta kezka handia agertu du dena hasi zenetik; kartzelara deitu zidaten, ondoren ere telefonoz hitz egin dugu eta behar izan ditudan paperekin ere lagundu didate.
Noiz egingo da azkenean epaiketa?
Oraindik ez dute data zehaztu. Ikerketa epea apirilaren 6an amaitu zen eta, legearen arabera, hori bukatuta hiru hilabeteko epea dago ahozko epaiketarako. Seguruenik datorren astean jakingo dugu. Hilaren 28an ahozko epaiketa prestatzeko entzunaldia izango da; bertan geratuko da erabakita epaiketarako erabil daitezkeen frogak eta lekukoak eta, seguruenik, epaiketaren data bera ere bai.
Armen eta Lehergailuen Legea urratzea egotzi dizute. Zer froga aurkeztu dituzte horretarako? Froga berririk al dute?
Aurkeztu duten froga bakarra nire etxean aurkitu ei zutena da. ‘Froga’ horiek (su-itzalgailua, metxak, bolbora, torlojuak...) poliziak ateratako argazkietan baino ez ditut ikusi, baina apirilean nire abokatuari erakutsi zizkioten. Miaketak iraun zuen bitartean niri ez zizkidaten erakutsi, eta oraindik ez dakit zelan izan ziren gai nire logelako armairu gainean halakoak ei zeuden poltsari argazkia ateratzeko. Haraino zelan iritsi ziren misterioa da oraindik. Beste frogarik ez daukate. Azterketek erakutsi dute gauza horietan guztietan ez dagoela nire hatz-marka bakar bat ere, eta eskuetan eta bizkarrean kontrol gisa hartutako laginek erakutsi duten bakarra da nire azal guztian nitratoak zeudela. Haiek bolborari lotu nahi izan diote emaitza, baina ez da batere sinesgarria, inork ez duelako bolbora bizkarrez erabiltzen... Nitratoak gauza askotan daude; hasteko, dutxako uretan. Dauzkaten lekuko bakarrak ere miaketan parte hartu zuten poliziak dira. Haiek zerbait berria asmatu edo sortu ezean, gainera, ezinezkoa da nire aurkako frogarik aurkitzea, ez baitut sekula zerikusirik izan holako ekintzekin.
Oraindik ere aldian-aldian Txiletik kanpo nengoen bitartean gertatutako leherketak niri leporatzen ahalegintzen dira, baina tira. Mercurioren azkena oso barregarria da: inork ez daki nondik atera duten baina joan den astean su erasoei (hots, basogintzako enpresen aurkako erasoei) lotuta ere egon naitekeela argitaratu zuten. Ez daude burutik sano.
Zu maputxeen eskubideen alde agertu izanak auzian eraginik izan duela uste al duzu?
Argi eta garbi, bai, hori uste dut. Maputxeen eskubideen aldekoa eta anarkista izatea dira nire bekatuak. Argi daukat lurjabeen edo basogintza enpresen alde idatzi banu ez zitzaidala inoiz halakorik gertatuko. Baina hemen guztiz zigortuta dagoen maputxe herriarekiko elkartasuna adieraztea otu zitzaidan eta, gainera, ikuspuntu anarkista batetik. Hortik atera duten ‘ondorioa’ guztiz barregarria da: ni mundu mailako lider anarkista bat naizela, munduan zehar nabilela taldeak antolatzen eta Txilera gazteen buruetan ideia arrotzak sartzera etorri naizela. Hori dena Poliziak berak idatzita agertzen da fiskalaren zorroan. Horrek argi uzten du jazarpen politikoa dela nire aurka abiarazi zutena. Txilen preso politiko asko daude, eta ni haietako bat baino ez naiz.
Itxaropenik bai epaiketarako?
Zaila dago, norbaitek gauza horiek nire etxean jarri zituelako eta oso zaila delako nork jarri zituen frogatzea. Gainera, komunikabideen jarduera guztiz lotsagarria da hemen: aldeko albisteak nekez argitaratzen dituzte eta gezurrak barra-barra. Horrek presio handia sortzen du eta, hain zuzen ere, hori da haien asmoa: gizartea izutzea eta epaileak baldintzatzea. Dena dela, egia gure alde daukagu eta itxaropena izan behar da. Agian, epaileak justizia egiteko gai izango dira. Gainera, hasieratik hain babes ederra eman didaten guztiei itxaropena eman nahi diet. Lortzen badugu hau ondo bukatzea, neurri handi batean haiei esker izango da. Oraindik asko dago egiteko baina badakit orain arte legez izugarri portatuko direla. Nire arrebak zenbat neke eta ardura izan dituen, ez diot inoiz nire alde galdutako indar guztia nahikorik eskertuko. Beragatik eta hor egon diren beste guztiengatik derrigorrez irabazi behar dugu.
Asel Luzarraga (euskal idazle eta itzultzailea)
"Maputxeen eskubideen aldekoa eta anarkista izatea dira nire bekatuak"
Ia duela bost hilabetetik etxeko atxiloaldian daukate Txilen, Armen eta Lehergailuen Legea haustea egotzita. Euskal idazle eta itzultzaileak dio dena gezurra dela. Baliteke hurrengo astean jakitea noiz hasiko den epaiketa. BERRIA.INFOk harekin hitz egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu