gaztetxea

Maravillasen auzia artxibatzeko erabakiari helegitea jarriko dio Nafarroako Gobernuak

Beaumont kontseilariaren esanetan, eraikina indarrez ez husteak ez du esan nahi gobernuak okupazioa onesten duenik. EH Bilduk Nafarroako Gobernuaren "tema" kritikatu du.

Gaztetxearen aldeko manifestazioaren aurkezpena, iragan larunbatean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz - Jon Ordoñez Garmendia
2018ko abuztuaren 22a
07:18
Entzun

Rozalejoko markesaren eraikinaren okupazioaren aurkako salaketa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, baina, eraikina indarrez husteari uko egin ostean, epaileak artxibatu egin zuen auzia, Uxue Barkosen gobernuak egoera "behin-behinean onartu" zuela ulertuta. Orain, Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztuko dio erabaki judizial horri, Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumontek iragarri duenez.

Gobernuak gaur bertan aurkeztuko du helegitea Nafarroako Probintzia Auzitegian. Beaumontek azaldu du eutsi egiten diotela Rozalejo jauregia husteko asmoari, baina prozesuak "adostua" izan behar duela, "eta ez poliziala". Eraikina Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza bihurtu nahi dutela ere berretsi du kontseilariak. Hura artxibatzea onartuko balute, berriz, eraikinari uko egingo liokete.

Maravillas gaztetxeko kideek, bestalde, manifestaziora deitu dute, "proiektu autogestionatuen eta aldaketa sozial sakon baten alde". Larunbatean eginen dute, 18:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta, Ez da gaztetxe bat, mundua ulertzeko modu bat baizik lelopean.

EH Bilduk Uxue Barkosen gobernuak "bide judizialarekin duen tema" kritikatu du. Ohar batean adierazi du Maravillas gaztetxearen auzia elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpondu behar dela, eta joan den ostiraleko hustea eta Poliziaren oldarraldiak kritikatu ditu. "Nafarroako Gobernuak, aldaketaren testuinguru honetan, ezin ditu erabili iraganeko moduak eta metodoak gatazka hau konpontzeko".

Maravillas gaztetxeko gazteen aldarrikapenak zilegizkotzat jo ditu EH Bilduk, eta azpimarratu du garatzeko eremu autogestionatuak bilatzen dituztela. "Gobernuaren funtzioa da higiezin publikoak mantentzea eta erabilera bat ematea".

Maravillas Lamberto gogoan

Maravillas gaztetxea iaz sortu zen, Iruñeko Alde Zaharreko Nabarreria kalean dagoen eraikin bat, Rozalejoko markesaren jauregia, okupatu ostean. Maravillas Lambertoren izena jarri zioten, 1936ko abuztuaren 15ean falangistek eta karlistek Larragan bortxatu eta hil zuten 14 urteko neskarena. Hain zuzen, joan den astean Maravillasen ahizpa Josefina Lamberto gaztetxeko gazteen alde agertu zen Nabarreria kalean polizia eraikina hustera joan zenean.

Aurten maiatzean ireki zituen ateak Maravillasek. Joan den astean, ordea, Poliziak hustu egin zuen, bost orduko polizia operazio batean. Rozalejo jauregia husteko operazioak bost ordu iraun zuen, eta 60 foruzainek parte hartu zuten. Eraikina hustu bitartean, Espainiako Poliziak inguruak zaindu zituen. Ez zuten inor atxilotu, baina 22 lagun identifikatu zituzten.

Hustu aurreko egunetan, Alde Zaharreko hainbat bizilagun eta elkartek eman zioten babesa gaztetxeari. Nafarroako Gobernuari eta Geroa Bairi zenbait eskari egin dizkiote gaztetxeak berak, EH Bilduk, Aranzadik eta beste eragile batzuek. Gobernuak esan du, ordea, gaztetxea "erabateko enfrentamenduaren" bila aritu dela. Uxue Barkos lehendakariak gaztetxearen eraikina proposatu du Oroimen Historikoaren Nafarroako Institutua hartzeko, eta gaztetxeak eskatu du ez erabiltzeko memoria eurak handik botatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.