Nafarroa

Maria Txibite: «Ez gara gobernu akordiora iritsiko EH Bildurekin»

PSNren presidentegaiak elkarrizketa sorta bat hasi du Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin. Aznalek adierazi du ez dela «bazterketarako» garaia, eta hitz egiteko prest azaldu da.

Maria Txibite, gaur goizean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2023ko ekainaren 1a
12:22
Entzun

Hitz egiten hasteko abagunea iritsi da Nafarroako alderdientzat. Nafarroako jarduneko presidente eta PSNren presidentegai Maria Txibite hasi da biltzen azken urteetan koaliziokide izan dituenekin. Geroa Baiko Uxue Barkosekin bildu da lehenik, eta Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako zerrendaburuarekin gero. Bileren ostean, adierazi du bi horiekin adostu nahi duela gobernua, eta ez beste inorekin: «Ez gara gobernu akordiora iritsiko EH Bildurekin». Adierazpen horien aurretik mintzatu da, berriz, EH Bilduko hautagai Laura Aznal, eta «hitz egiteko prestasuna» adierazi dio Txibiteri.

Nafarroako presidentea argi mintzatu da gaur eguerdian. Duela lau urteko formula errepikatu nahi du, eta Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin osatu Nafarroako Gobernua. Beraz, atea itxi dio eskuinarekin eta EH Bildurekin negoziatzeari. Txibiteren esanetan, PSN alderdi guztiekin hitz egiteko prest dago, baina halako akordio bat osatzea beste kontu bat da: «Ez da bat-batekoa. Gu iritsi gara EH Bildurekin akordio puntualetara, aurrekontuetan eta udal finantzaketan, baina orain gobernua osatzeko negoziazioetan gaude. PSNk beti argi utzi du; sorpresarik ez».

Bestalde, UPNko buru Javier Esparzari leporatu dio herritarrek bozkatu dutenari muzin egin eta gobernua bulegoetan adostu nahi izatea, «herritarren borondatearen bizkarrera». Hori bai, Txibitek adierazi du PSOE egiten ari direnaren jakitun dagoela, nahiz eta berretsi duen azken erabakia Nafarroan hartuko dutela.

Txibitek «lehenbailehen» lortu nahi du gobernu akordioa, baina gehitu du hura «sendoa» izan beharko dela. Gainera, mahai gainean jarri dituen zenbait xehetasun ere azaldu ditu: udaletako eta Nafarroako Gobernuko negoziazioak bereiztu nahi ditu PSNk, eta pisu handiagoa izan gobernuan. Horrez gain, Txibitek azaldu du sozialistek Nafarroako Parlamentuko Mahaia ere eskuratu nahi dutela.

Ikusi gehiago:Udal eta foru hauteskundeetako emaitzak

Kargu hori bereganatu nahi du Geroa Baik ere, Barkosek azaldu duenez. Hark ordu eta erdi luze egin du Txibiterekin hizketan, eta koalizioaren asmoen berri eman du ondoren. Geroa Baik ere «lehenbailehen» adostu nahi du akordioa, baina horrek ez du esan nahi «anbiziorik gabeko» itun bat onartuko dutenik: «Gobernu aurrerakoia eta plurala nahi dugu». Halere, ez du adierazpenik egin hark izan beharko lukeen egituraz, eta azaldu du bi aldeak ekainaren 6an berriz elkartzekotan geratu direla.

Barkosek ez du hitz egin nahi izan PSNren eta EH Bilduren arteko negoziazio posibleez ere, argudiatuta ez dagokiola Geroa Bairi beste alderdien interesak defendatzea. «Txibite presidenteak negoziatu beharko du ea zein babesekin aurkeztu hautagaitzara», adierazi du. Iruñeko Udalari dagokionez, berriz, esan du egoera ez dela «txantxetakoa», eta «arduragabekeria» litzatekeela beste aldera begiratzea.

Alfarok ere ez du EH Bilduren eta PSNren arteko harremanaz hitz egin nahi izan, eta bien artean moldatu beharko dutela baino ez du esan. Argi du, ordea, Zurekin Nafarroak gobernuaren parte izan behar duela, koalizioan zehazten diren lehentasun politikoek bat egiten badute behintzat. Horiez datozen egunetan hitz egingo dute bi aldeek, telefonoz.

Hitz egiteko prest

Txibiteren adierazpenen aurretik, EH Bilduk Nafarroan izandako emaitzen balorazioa egin du Aznalek, Nafarroako Parlamenturako zerrendakideekin batera. Lurraldean eskuratutako emaitzak «historikotzat» jo ditu, eta urratsez urrats joateko asmoa adierazi. Aznalek jakinarazi du 32 alkatetza izango dituztela. Besteak beste, lehen aldiz gobernatuko dute Lekunberrin eta Cabredon, eta gehiengo osoarekin gobernatuko dute Berriozarren eta Atarrabian. Horrez gain, azaldu du EH Bilduk beste hamalau udaletan gobernatzeko aukera duela, beste talde batzuekin akordioak erdietsiz gero. Zortzi udalerritan —tartean Baztan, Antsoain eta Tafalla— gehien bozkaturiko zerrenda izan zen igandean, eta beste seitan —besteak beste, Iruñea, Lizarra, Barañain, Lizarra eta Eguesibar—, lehen zerrenda «aurrerakoia».

Horiek hala, EH Bilduren parlamenturako zerrendaburuak adierazi du emaitzek «ardura garrantzitsu bat» utzi dutela alderdien gain, eta koalizioak «herritarren borondatea» errespetatzeko konpromisoa duela. Haren iritziz, gehien bozkaturiko indar «aurrerakoiari» dagokio lidergoa izatea erakunde bakoitzean; izan Nafarroako Parlamentua, izan udaletan.

«Eskua luzatzen dugu, eta, norbaitek pentsatzen badu udala oparitzea, azaldu dezatela beraiek», adierazi du Aznalek, Iruñeko kasuari erreferentzia eginda. Bide beretik, Geroa Bairen jarrera eskertu du, Elma Saiz PSNren alkategaiaren eskaintza ez onartzeagatik. «Ez da bazterketarako garaia, hitz egiteko garaia da», gehitu du EH Bilduko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.