ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Mariano Raxoi: «Ez dago ezer ETArekin negoziatzeko»

«Terrorismoaren kontrako politikez» eta espetxe politikaz hauteskundeen ostean pentsatu behar da, Rubalcabaren ustez«Batasunez» eta «zuhurtziaz» aritzeko deia egin dute PSOEk eta PPk

Agentziak
Madril
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi PPren buruaren eta Espainiako presidentegaiaren ustez, ETAk armak utzi ostean ez dago erakunde armatuarekin hitz egin beharrik. «Ez dago ETArekin negoziatzeko ezer. Egin behar dena legea eta zuzenbide estatua aplikatzea da, besterik ez». Cope irratian egin zioten elkarrizketan azaldu zuen PSOEko inorekin ez duela horretaz hitz egin , ez Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin eta ez beste inorekin. Izan ere, esan zuenez, berak oso argi dauka nola jokatu behar den: «Batasunez, legearekin eta zuzenbide estatuarekin».

Norbaitek egutegia zehaztu badu hori ETA bera izango dela gaineratu zuen Raxoik, eta azpimarratu zuen erakunde armatuak ez duela inorekin negoziatu inolako egutegirik.

Batasunerako eta arduraz jokatzeko deia egin zuen, aurreikuspen guztien arabera Espainiako hurrengo gobernuburu izango denak. «Lasai» jokatu behar dela dio, «arinkerietan» aritu gabe. Izan ere, ETAk armak utzi izana «sekulako albistea» dela uste du, baina talde armatuak desegin egin dela iragartzen ez duen artean ez dela berri osoa izango azpimarratu zuen, «erabateko lasaitasuna» ez dela izango ordura arte. Hori lortzeko, «batera, legearekin eta zuzenbide estatuarekin» jokatu behar dutela nabarmendu zuen. «Hori da etorkizunean egin behar duguna, horrela jokatuz gero, bataila behin betiko irabaziko dugu».

Zertaz hitz egina badago Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko presidentegaiaren irudiko. «Terrorismoaren kontrako politikez» eta espetxe politikaz hitz egin behar dela uste du. Baina gai horiei azaroaren 20ko hauteskundeen ostean eutsi behar zaiela nabarmendu du, bestela, kanpaina «zikindu» daitekeelako. «Azaroaren 20ra arte terrorismoaren kontrako politikak lehengoan mantendu egin behar dira, eta handik aurrera, alderdi guztien artean hausnartu behar da zein aldaketa egin behar diren. Baina gai hori ezin da kanpainan egon». Oraingoz ezer ez dela aldatu nabarmendu du, eta Poliziak eta Guardia Zibilak «beren lana» egiten jarraitzen dutela.

Rubalcaba ziur da ETAk ez duela atentatu gehiago egingo. Baina, haren iritzian, hori ez da izango «hiltzea zein txarra den hausnarketa morala egin dutelako», baizik eta erakunde armatua «ahul dagoelako». «Ez dauka indarkeria utzi beste aukerarik». Horregatik, ez du erakunde armatuan zatiketa egoterik espero; «oso erakunde txikia da».

2006ko prozesua ez zela alferrikakoa izan azpimarratu du Rubalcabak. Haren ustez, ETAk su-etena hautsi zuenean erakutsi zuen ez zuela elkarrizketarik nahi; «eta orduan hasi zen dena». «Estatuak asmatu egin zuen, eta ETAk huts egin zuen. Beraz, hura ez zen alferrik izan».

«Egigurenek ez du asmatu»

TVEn egin zioten elkarrizketan, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearekin izan dituen desadostasunegatik ere galdetu zioten. Berak ez diola inoiz ezergatik barkamenik eskatzea galdegin argitu ostean, azaldu zuen Egigurenek «gauza gehiago» egin nahi zituela ETA konbentzitzeko, baina berak ETA konbentzitzeko modurik onena «tinko mantentzea» zela pentsatu izan duela beti. «Nik asmatu dut», esanda amaitu zuen azalpena.

Raxoik eskatu bezala, batasunean aritzeko prestasuna du PSOEk ere. Trinidad Jimenez Atzerri ministroak atzo ohartarazi zuen ETAk borroka armatua utzi ostean oraindik «bide asko» dagoela egiteko, eta «batasunez» aritu behar dela. Beraz, «zuhurtasuna» mantendu egin behar dela nabarmendu zuen.

Antonio Basagoiti EAEko PPren buruaren iritzian, «elkarbizitza eraikitzeko» prozesua alderdi politikoek gidatu behar dute. Batasunez egin behar dela uste du berak ere, «arinegi aritu gabe, eta egin behar ez dena egin gabe». ETAk armak utzi ostean «askatasuna irabazi» behar dela uste du EAEko PPren buruak. «Diktadurak ezin du irabazi, behin diktadorea erori denean», esan du; «hiltzeari utzi dietenean ezin diegu eman armekin lortu nahi zuten hura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.