Mariasun Landa idazle oparoa da; 1982an Amets uhinak plazaratu zuenetik, liburu andana luzea kaleratu du, ia guztiak, haurrentzako eta gazteentzako idatzitakoak. Nolanahi ere, Espainiako Sari Nazionala jaso duen Krokodiloa ohe azpian helduentzako liburu aproposa izan daiteke, bakardadearen inguruko gogoeta sakona biltzen baitu.
Aurretik ere hainbat sari jasotakoa da Landa; besteak beste, Zarauzko Udalak ematen duen Lizardi saria ( Txan fantasma -rekin) eta Euskadi Saria Alex -ekin. Orain Espainiako Sari Nazionalaren jabe egin den Krokodiloa ohe azpian Euskadi Sarietako finalista da aurten haur eta gazteentzako literaturaren alorrean.
"Pozik, gaur bereziki"
Mariasun Landak albistearen berri izan ostean 'Berria'-ri adierazi dionez, "poz handiz" hartu du saria. Gainera, gaurko egunez jasotzeak —hau da, euskal kulturgintzako enpresetako hainbat buruzagi eta langile Espainiako Auzitegi Nazionaletik igaro direnean— poz berezia sortu diola nabarmendu du.
Espainiako Sari Nazionalean, berriz, Victoria Perez Escrivaren Antes, cuando Venecia no existia(Lehen, Veneziarik ez zenean , Jose Zafraren Cuentos de cuando yo era (Ni banintzeneko ipuinak) , eta Agustin Fernadez Pazen Noite de voraces sombras (Itzal gosetien gaua) izan ditu azkeneraino lehiakide.
Landaren bibliografia luzea da, eta bere lan asko atzerriko hizkuntzetara itzuli dituzte. Idazlea ez ezik, EHUko Irakasle eskolako irakaslea da.
Literatura