Urtero egin ohi den bezala, udaleko ordezkariek eta Marijaiak Basurtuko ospitalean dauden haur gaixoak bisitatu dituzte gaur. Aurten bertaraino hurbiltzeko, Euskotrenen laguntza izan dute. Izan ere, jai gunetik Basurturainoko bidaia egiteko tranbia berezi bat erabili dute. Iñaki Azkuna alkatea, Itziar Urtasun jaietako zinegotzia, Virginia Berasategi pregoilaria, Nerea Orizaola txupinera eta zirkuko kideak izan dira ospitalean Marijaiarekin batera.
Gaurko egitarauan eguneroko hainbat ekitaldi errepikatzen dira. Besteak beste, txistulariak, erraldoi eta buruhaundien kalejira, Bilbainadak, Frontainer (17:00etan, Ripan), euskal dantzak (19:00etan, Plaza Barrian) baita su artifizialak (22:45etan) ere. Gaur 'Piroteknia FML' su etxe arabarraren eskutik.
Aurtengo jaietan kale antzerkiak leku nabarmena dauka. Gaurkoan, helduentzako antzezpena, Frantziako Cirque Inextremiste antzerki konpainiak eskainiko du, Extremités antzezlanarekin (21:15etan, Arriaga Plazan). Haurrentzat zuzenduriko antzezlana, ordea, Zirika Zirkus talde nafarrak agertuko duen Danzateke izango da (19:30etan, Gas Plazan). Konpartsek ere, umeentzako antzerkia antolatu dute El Tenderete taldearekin.
Eguneko azken orduetan, musika nagusitzen da Bilboko kaleetan zehar. Euskaldunaren alboko gunean, Celtas Cortos taldearen kontzertua izango da (00:00etan). Abandoibarrako agertokian, India Martinezek musika hindua, arabiarra eta flamenkoa nahastuko ditu (23:30etan). Flamenkoarekin jarraituz, Jorge Pardo andaluziarrak txirula eta saxofoiarekin errepertorio berezia eskainiko du (23:30etan, Plaza Barrian).
Euskal Herriko taldeen eskaintza konpartsen eskutik dator. Gaur Euskalgunean Norte Apache taldea eta Pirat´s Sound Sistem egongo dira (23:30etan hasita). Bestalde, Kaskagorrin Skatu eta Exeixu igoko dira agertokira (23:30etan hasita); Txomin Barullo konpartsan, Ras Reguilon taldeak emango du kontzertua (23:15etan) eta ondoren, Mis ovarios 33 taldeak (00:30etan).