Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiak, Mario Fernandez Kutxabankeko zuzendari ohiak eta Rafael Alkorta abokatuak inputatu gisa deklaratu dute Bilboko epaitegian, Ana Isabel Alvarez epailearen aurrean. Kutxabankek Cabiecesi ustez modu irregularrean emandako 243.000 euroen inguruan deklaratu dute.
Fernandezek esan du "guztiz engainatuta" sentitzen dela Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko egungo presidentearen partetik, eta ohartarazi du ez duela gertatutakoa ahaztuko: "Nik ez ditut zaurituak uzten". Izan ere, gaineratu du auzia amaitzean neurriak hartuko dituela: "Zalantzan jarri da nire ohorea, eta hori da dudan bakarra".
Ordubete baino gehiago eman du deklaratzen, eta kazetarien aurrean hitz egin du gero. Haren kontra "sorgin ehiza" dagoen galdetuta, Fernandezek erantzun du: "Zaldi formako zerbait ikusten bada, zaldi baten modura ibiltzen dena eta lau hanka dituena, nahikoa arrazoi daude pentsatzeko zaldi bat dela". Epaileari esan dio ez diola "euro bakar bat ere" ordaindu Mikel Cabiecesi.
Bilboko epaitegiaren aurrealdean, elkarretaratzeak egin dira pribatizazioaren zein etxe kaleratzeen kontra. Mikel Cabieces etxe kaleratzeen aurkako protesten tartean sartu da epaitegira. Plataformaren izenean hitz egin duen ELAko ordezkari Mikel Novalen arabera, "ardura politikoak" daude Cabieces auzian, eta pribatizazioa erraztearren eginiko akordioak izan direla salatu du, besteak beste.
"Idatzi gabeko legea"
Kutxabankeko egungo zuzendaritzak Fernandezen aurka jarritako salaketa baten harira hasi zen Cabieces auzia. Salaketa horren arabera, Gregorio Billalabeitiaren lantaldeak 243.592 euroko irregulartasun bat atzeman zuen bankuaren kontuetan; hain justu, Fernandezek erakundean agintzen zuen garaikoa da zuloa, eta ustez lotura du Cabiecesen abokatu bulegoarekin zerbitzu juridikoak emateko izenpetutako kontratu batekin. Urtarrilaren 31n, salaketa jakinarazi zen egun berean, Cabiecesek utzi egin zuen PSE-EEko zuzendaritza eta militantzia.
Kutxabankeko presidente ohiak komunikabideen esku utzi zuen ustez hark, auzian inputatu aurretik, fiskalaren aurrean eginiko deklarazioa. Horren arabera, 2012 hasieran jasotako dei batek eragin zuen Cabiecesi "lan irteera bat" ematea. Azaldu zuen "estatu politika" zela Madrilgo gobernuaren ordezkari ohiei lana bilatzea eta ETAren aurkako borrokarekin loturiko "idatzi gabeko lege batean" oinarrituta egin zuela hori, PPko goi kargudun batek eskatuta. Horrekin batera, Fernandezek aitortu zuen hiru urtez hilero 6.000 euro inguru ordaindu ziola Cabiecesi, baina diru hori guztia itzuli egin duela, Billalabeitiak ustezko irregulartasun horien berri emateko harekin eginiko bilera baten ostean, urtarrilaren 12an.
Instrukzio epailearen esku geratuko da orain argitzea, besteak beste, Cabiecesek abokatu gisa benetan zerbitzu jakin batzuk eman ote zituen Kutxabankentzat eta Fernandezek ordainketak egiteko agindua eman izanak legezko oinarririk bazuen edo ez.