Marta Veraren osasun dekretua bertan behera utzi du parlamentuak

Nafarroak bertze plan bat egin beharko du orain, oinarrizko eta larrialdiko etengabeko arretaren gainean

Osasun erreformaren aurka Iruñean egindako manifestazio baten irudia. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bukatu da Nafarroako Gobernuaren osasun erreformaren bidea. Nafarroako Parlamentuak bertan behera utzi du oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko dekretua. Oposizioak bat egin du, eta aurrera atera du UPNren testua atzera botatzeko legea. PPNk baino ez du lege horren kontrako boza eman, erregionalistekin batera.

Nafarroako Parlamentuak onartu legearen helburua argia da: UPNren dekretua bertan behera uztearekin batera, 1997ko osasun plana jartzen du berriz ere indarrean, behin-behinean. Osasunaren esparruko profesionalen eta erakundeen gehiengoak eman zion babesa plan hari, eta indarrean izanen da Nafarroako Gobernuak orain bertan behera gelditu den dekretua ordezkatuko duen testua prestatzen duen bitartean. Hori egiteko, urtebeteko epea eman dio Nafarroako Parlamentuak UPNri.

PSNren, Ezkerraren, Bilduren, NaBairen eta Geroa Bairen aldeko bozekin egin du aurrera osasun dekretua baliorik gabe utzi duen legeak. Talde horietako ordezkariak kontent agertu ziren, atzo, bozketaren emaitzarekin. Parlamentuan bertan, halaber, legea txalo artean hartu zuten han bat egin zuten osasunaren esparruko profesionalek eta sindikatuetako eta udaletako ordezkariek. Tartean zen Baztango alkate eta erizain Garbiñe Elizegi. Pozgarritzat jo zuen dekretua bertan behera gelditu izana, eta «denen artean» adostutako erreforma baten alde egin zuen.

Bertzelakoa izan zen Osasun kontseilari Marta Verak egin interpretazioa: «Osasun sistema hobetzen jarraitzeko aukera galdu dugu; oposizioak Osasun Departamentuak urtebetez egindako lana bertan behera utzi du». Kontseilariak gaineratu zuen «gezurra» dela gobernuak erreforma inposatu duela.

Marta Verak osasun sistemaren erreformaren alde egin du, sutsu, azken hilabeteotan. Dekretua bertan behera gelditu dela kontuan hartuta Verak dimisioa eman beharko lukeela erran zuen Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek atzo, parlamentuan. Kargua hartu zuenetik, kontseilariaren proiektu nagusia izan da osasun ereduaren erreforma. Joan den udan, Nafarroako presidente Yolanda Barcinarekin batera agertu zen, kazetarien aurrean, dekretua aurkezteko. Abenduan, berriz, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak, testu horren kontrako boza eman zuen egun berean, onartu zuen gobernuak erreforma. Osasunaren arloko profesionalen eta sindikatuen artean ere ez du aldeko iritzirik jaso dekretuak.

Azken hilabeteotan errandakoa berretsi zuten atzoko osoko bileran PSNk, NaBaik, Bilduk, Ezkerrak eta Geroa Baik. Veraren dekretuak ez duela osasun arreta hobetuko nabarmendu zuten denek; alderantziz, okerrera egingo zukeela zerbitzuak indarrean sartu balitz. Batez ere, landa eremuetan. Izan ere, landa eremuetako larrialdi zerbitzuei eragiten zien, bereziki, orain bertan behera gelditu den dekretuak. Zerbitzu horietan egin nahi zituen aldaketek piztu dituzte, azken boladan, protestarik eta eztabaidarik sutsuenak.

Gizartea eta erantzukizuna

«Eraginkortasunaren izenean, kalitate eskasagoko zerbitzua saldu nahi izan digu Nafarroako Gobernuak», erran zuen PSNko parlamentari Samuel Carok. «Erantzukizunez jokatzeko garaia da», erantsi zuen Bilduko Bakartxo Ruizek; erantzukizunaren izenean aurkeztu zuen, hain zuzen ere, dekretua bertan behera utzi duen legea. «Oposizioak gizartearen iritzia jaso du», erran zuen.

«Dekretuak zerbitzuaren kalitateari eta langileen baldintzei egiten zien kalte eta, gainera, pribatizazioari irekitzen zion atea», salatu zuen NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek.

Ezkerrako Marisa de Simonek ere hartu zuen hitza, eta osasunaren arloko erreformak gizartearen babesa izan beharko lukeela azaldu zuen parlamentuan. PatxiLeuza (Geroa Bai) gobernuaren murrizketen aurka mintzatu zen. «Dekretuarekin, aurreztea omen zen asmoa, baina ezin dugu onartu horretarako eskaintzen diren zerbitzuak murriztea. UPNren asmoa negozioa egitea da», nabarmendu zuen.

UPNko Carlos Garcia Adanerori egokitu zitzaion Osasun Departamentuaren dekretuaren alde egitea. Oposizioko taldeak «ezezkoaren koordinakundeko» kidetzat jo zituen, eta asmo bakarra «gobernuaren kontra» egitea dutela leporatu zien. «Dekretua bertan behera utzi dute, baina ez dute alternatibarik aurkeztu. Suntsitzen baino ez baitakite». PPNko kide Enrique Martinek antzeko mezua zabaldu zuen: «Parlamentuak gobernuaren aurka egiten ditu legeak».

UPNren eta PPNren bozak ez ziren nahikoak izan gobernuaren dekretua bertan behera utzi duen legea atzera botatzeko. Bertze plan bat prestatu beharko du gobernuak orain, parlamentuak zehaztutako bidetik. Akordioaren bidetik, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.