Martin Espainiaratzea onartu du Frantziak, Batasunean aritzeagatik

Espainiako Estatuan Batasuna legez kanpo dagoela nabarmendu du epaileak Auzitegi Nazionalaren eskaria onartzeko arrazoi gisa. Madrilek ezin izango du epaitu Ipar Euskal Herrian egindako agerraldiengatik

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Paueko dei auzitegiak Aurore Martin Batasuneko kidea Espainiaratzea onartu zuen atzo. Epaileak ez zuen auziaren mamia aipatu nahi izan, eta Amaia Rekarte abokatuak esan gisan, erabaki «salomonikoa» hartzea deliberatu du. Espainiako Estatuan Batasuna legez kanpokoa dela nabarmendu zuen eta, ondorioz, haren lurraldean Batasun gisa egindako agerraldiengatik euroagindua onartzen duela azaldu zuen. Hain zuzen ere, Bilboko Anaitasunan, Agurainen (Araba) eta Iruñean egindako ekitaldiengatik onartu du euroagindua. Frantzian Batasuna ez dagoenez legez kanpo, bere menpeko barrutian egindako agerraldiengatik eskaria ez onartzea deliberatu zuen. Baionan eta Uztaritzen (Lapurdi) egindako agerraldiengatik ez dukete epaitzen ahal.

Funtsean, Espainiak nahi zuena onartu du Frantziako Justiziak, frantses herritartasuna duen pertsona bat Madrilera igortzea eta praktikan eragoztea Nafarroa Behereko, Zuberoako edo Lapurdiko militante batek agerraldi publikoetan parte hartzea, euroaginduaren mehatxupean erori nahi ez badu. Frantzian Batasuna legezkoa denez, ezin dute jazarpenik ukan horregatik, baina muga zeharkatu bezain laster, bai. Espainiako Entzutegi Nazionalak haien kontrako prozedura abian ezar dezake.

EHAKrentzat egindako lanarengatik ere eskatu zuen euroagindua Espainiak, baina epaileak ez du onartu, argudiatuz Espainiako Auzitegi Gorenak 2008an utzi zuela legez kanpo, eta Martinek 2007an egiten zuela lan haiekin. Nabarmendu du garai hartan EHAK taldeko kideak Gasteizko parlamentariak zirela eta haien jarduna legezkoa zela.

Azkenik, euskal prentsan iritzi artikuluak idatzi izana leporatzen zion Espainiak Martini. Alta, epaileak ez du kontuan hartu eskaria. Ez du alde ebatzi, ez du kontra ebatzi. Ez du ebazpenean aipatu. Amaia Rekarte abokatuak nabarmendu du ez dela ohikoa euroaginduaren eskarian agertzen den elementu bat ez aipatzea ebazpenean.

Euroaginduaren prozedurari dagokionez, Martinek hiru eguneko epea dauka ebazpenaren aurkako helegitea aurkezteko. Ondoren, Kasazio Auzitegiak hartuko du kasua. Ebazpena emateko eperik ez dauka, baina orain artean hilabetea pasa baino lehen ebatzi izan du.

«Erabaki larria»

Harriduraz eta aurpegi ilunez hartu Martinek epailearen ebazpena. Astelehen iluntzean Ipar Euskal Herriko hautetsi talde batek euroaginduaren aurkako idazkia eman nahi izan zion Baionako suprefetari. Hautetsiei ez zien pasatzen utzi eta, gainera, hamabost polizia furgoi ezarri zituen suprefetura babesteko. «Polizia kopurua ikusirik, ebazpena aurkakoa izanen zela pentsatu nuen», adierazi zuen Martinek.

Epaitegiko eskaileretan erabakiaren larria azpimarratu zuen Rekarte abokatuak. «Lotsagarria da erabakia, larria. Batasuna ez dago legez kanpo Frantzian, baina begiak itxi ditu epaileak, eta arrazoiak azaldu gabe; Espainiari men egitea deliberatu du». Martinek frantses herritartasuna duela nabarmendu du, eta kanporatuz gero aurrekaria litzatekeela. Ate hori irekiz gero,Espainian legez kanpo baina Ipar Euskal Herrian legezkoak diren alderdi eta taldeetako militanteak kanporatzeko arriskuan daudela azpimarratu zuen.

Martinen kontrako bigarren euroagindua izan zen atzokoa. Espainiako Baltasar Garzon epaileak eskatutako euroaginduari ezezkoa eman zion Paueko auzitegiak ekainaren 8an. Ezezkoa ukanagatik, Espainiak behin eta berriz berrets dezake eskaera.

Orain artean horrelakorik onartu ez badu ere, Martinen kontrakoa ez da Frantziako Justiziak frantses herritartasuna dutenen aurka egindako euroagindu eskari bakarra. 2004ko apirilean, Segiko hiru militanteren aurkako euroagindua eskatu zuen. Hirurek zuten frantses herritartasuna. Frantziak ez zituen eskariak onartu. 2005ean Askatasunako kide baten aurkako euroagindua aurkeztu zuen Espainiak, baina aitzinekoan bezala, epaileak ez zuen aldeko ebazpenik hartu.

Martinen kasua aurrekari larria izan daitekeela nabarmendu du Askatasunak. Izan ere, Espainiak aipatu militanteen kontrako euroagindua eska dezake berriz, edota Martinen aurkako euroaginduan aipatzen diren Batasuneko kideen aurkakoa, alegia Xabi Larralderen eta Jean Claude Agerreren aurkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.