Laurogei hautetsi eta hainbat eragile biltzen dituen taldeak prentsa deitu zuen atzo Baionan, Frantziari mezu argi bat helarazteko. «Frantziak Aurore Martin atxilotu nahi badu, badaki non bilatu; gutariko baten etxean dago aterpeturik». Battitta Amestoi Uztaritzeko hautetsiakirakurri zuen agiria euskaraz, eta Peio Etxeberri Aintxart Donibane Lohizuneko hautetsiak frantsesez. Hautetsiek jakinarazi dute Martin haietako baten etxean dagoela gorderik joan den urteko abenduaren 17tik, eta horrela segituko duela egoerak horrela agintzen baldin badu.
Hautetsiek azpimarratu dute badakitela Martin aterpetzea delitua dela eta justizia mailan ondorioak ukan ditzakeela. Beren gain hartzen dutela adierazi dute. «Ateak irekitzea eta Aurore Martin aterpetzea zilegi da, eta koherentea». Gizarte zabalari dei egin zioten, haien gisara, atea ireki eta Martin aterpetzea eskatzeko.
Ageria izenpetu duten hautetsien artean kolore eta pentsaera politiko ezberdinetakoak daude; bertzeak bertze, Kotte Ezenarro Hendaiako kontseilari nagusi eta PSko kidea, Alice Leizegezahar Berdeetako Akitaniako kontseilaria, Alain Iriart kontseilari nagusi eta Hiriburuko auzapeza, Jakes Abeberri Miarritzeko hautetsia eta Beñat Elizondo Urruñako hautetsia.
Konponbidearen aukera
Iriartek Euskal Herriak pairatzen duen gatazka aipatu zuen ETAk zabaldu duen agiriaren harira. Alde bateko menia iragartzean ETAk gatazkaren konponbideari ateak irekitzen dizkiola azpimarratu zuen. «Bada 50 urte gatazka hori abiatu zela, eta guztiok dakigu horren sustrai sakonak dituelarik gatazkak alde batek ezin duela konpondu, funtsezkoa dela bi aldeen borondate ona; euroagindua onartuz, bakearen bidea hartu ordez gatazka gehiago arrotzeko bidea hartzen du Frantziak».
Meniak esperantzaren aroa piztu duela nabarmendu dute hautetsiek, eta gatazkaren konponketan parte hartzeko eskaria egin diete Frantziako Gobernuari eta Espainiakoari.
Hautetsiek nabarmendu dute euroagindua helburu zehatz batekin sortu zela, Europa mailan eskubideak bermatzeko, hain zuzen ere. Espainiako Estatuan Batasuna legez kanpo badago ere, Frantzian ez da horrela gertatzen. Aurore Martinek lan politiko publikoa egin du, eta horregatik eskatu du Espainiak euroagindua. Martini Batasunak antolaturiko bilkura publikoetan parte hartzea leporatzen dio Espainiak. Kontraesan horri begira, gizakien oinarrizko eskubideak hobetsi behar direla azpimarratu dute hautetsiek.
Agiria izenpetu duten hautetsi anitz ez dira Batasunekoak, baina jakinarazi dute Ipar Euskal Herrian ez ezik, Batasunaren jarduera politikoak erabateko legitimitatea duela Euskal Herri osoan ere. Euroagindua onartzeak, dituen ondorioak kontuan harturik, eskubide zibil eta politikoak urratzen dituela adierazi dute.
Demokrazia zalantzan
Euroagindua onartzeko arrazoien artean, Espainia herri demokratikoa dela azaldu du Frantziak. Hautetsiek ihardetsi diote ustezko demokrazia horretan egunkariak ixten direla, alderdi politikoak legez kanpo ezartzen direla, guztiek ezin diotela boza eman nahi duten alderdiari etaoraindik torturatzen dela. «Gertaera horiek ezinezkoak dira demokrazia batean; beraz, arrazoi horiek euroagindua ukatzeko oinarriak izan beharko lukete».
Martin etxean aterpeturik dutela diote hautetsiek
Euren jokabidea zuzena eta koherentea dela esan dute, eta euroaginduaren bidea bertan behera utz dezala eskatu diote FrantziariIpar Euskal Herriko alderdi guztiek Martini sostengua adierazi diotela azpimarratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu