Martin ez Espainiaratzeko exijitu du Nazioarteko Giza Eskubideen Ligak

Nazioarteko, Europako eta Frantziako ligek euroaginduaren prozedura berraztertzeko eskatu diete agintariei

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Euroaginduaren prozedura sakonki berrikusteko eskatzen diegu Europako agintariei, norbanakoaren eskubideen errespetua segurtatua izan dadin eta Aurore Martinen kasuan bezala gertatu prozeduraren desbideratzeak ez daitezen posible izan». Horra zer dioten Nazioarteko, Europako eta Frantziako Giza Eskubideen ligek.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Martin zuberotarraren aurka pausatu euroagindua gogorki gaitzesten duen agiri bat aurkeztu dute atzo, haien hitzetan «defentsaren eskubideak eta norberaren askatasuna gutxi errespetatzen dituen» prozedura bat delako. Estatuen artean adosturiko «Justiziaren instrumentalizazioa» ikusten dute euroagindu horren gibelean, eta hori «aurkari politikoak isilarazteko helburuarekin». Hori dela eta, Martin ez Espainiaratzeko exijitu dute.

Hain zuzen, oroitarazten duten bezala, Martinek Frantziako herritartasuna du, eta Ipar Euskal Herrian legala den Batasunaren mahaikide izanki, Ipar zein Hego Euskal Herrian prentsaurreko eta adierazpen publikoak egitea leporatzen diote. Asteartean Espainiaratzea onartuko balu Frantziako Justiziak, horrek erran nahi luke, nahiz estraditatuari leporatzen zaiona legala izan haren herrian, Europako beste estatu bateko Justiziaren aitzinean epaitua izateko aukera irekia legokeela. «Ezin onartuzkotzat» jo dute gertatzen ari dena.

Hori guztia ikusirik, argi duteFrantziako eta Espainiako justiziek batera egin urrats horren helburua ez dela «terrorismoa borrokatzea», baizik eta aurkari politikoen «kriminalizatzea» eta hori «bi estatuen ekimenean».

Horretaz gain, oroitarazten dute Paueko Helegite Auzitegiak salatu duela Espainiako «salbuespenezko» auzitegiek «torturak bermatu» izan dituztela. Bigarren aldia da Martinen aurkako euroagindua jartzen dutela, eta nahiz aurtengo ekainean Espainiaratzea errefusatu, berriro atxilotu izanak «Frantziak bere egin duen amorrua» gaitzetsi dute ere. Martinen kasuaz gain, aurrekariak ere aipatzen dituzte ligek. Hain zuzen, 2004an zuen lehen aldikoz Espainiak Frantziako herritartasuna duen baten estradizioa galdatu. Frantziako Justiziak errefusatu zuen, eta geroztik beste lauren Espainiaratze eskaera burutu dute, aldi oro errefusatu du Frantziako Justiziak.

Batasunaren interpretazioa

Martinek egin zuen atzo prentsaurrekoa, Jean Claude Agerre Batasuneko mahaikidea lagun zuela, Batasunaren azterketa plazaratzeko. Haien irudiko, ezker abertzaleak nahi duen prozesu demokratikoa «blokeatzea» da prozedura horren xedea. Dena dela, Martinek argi utzi du gatazkaren konponbide demokratikoaren alde direla, eta negoziaketa prozesuan «Batasunak mahaiaren inguruan egon beharko duela». Horretaz gain, Agerrek dio ez dutela ilegalizaziorik onartuko, «euroagindua onartzea Ipar Euskal Herrian ere de facto Batasuna legez kanpo uztea onartzea litzatekeelako».

Asteartean jakinen da epaia, anartean Euroagindurik ez, eskubide zibil eta politikoak errespetatu leloarekin gaur 16:00etan manifestazioa eginen da Baionan, Euskaldunen plazatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.