Martin Garitano Bilduko kidea da Gipuzkoako ahaldun nagusi berria, Batzar Nagusietan gaur arratsaldean egindako bozketak erabaki duenez. 23 batzarkideren babesa jaso du: Bilduko 22rena eta Aralarrekoarena. Ondorioz, ez du gehiengo osorik lortu —26 behar dira horretarako—, soila baizik.
Markel Olano EAJko kidea ordezkatu du karguan Garitanok. Olanok ere 23 batzarkideren babesarekin agindu du azkeneko legealdian.
Gaurko lehen bozketan ere Garitanok 23 boto lortu ditu. Olanok 14, Rafaela Romerok (PSE-EE) 10 eta Juan Carlos Canok (PP) 4. Beraz, inork ez du eskuratu gehiengo osoa orduan. Aralarrek ez du bere batzarkidea diputatu nagusi izateko aurkeztu. Bigarren bozketan emaitza bera izan da —Garitanok 23 boto, Olanok 14, Romerok 10, Canok 4—, baina bigarrengoan gehiengo soilak balio du.
Gaur 09:00ak pasatxo zirela hasi da Gipuzkoako ahaldun nagusia izendatzeko saioa, Donostian, Batzar Nagusietan. Ahaldun nagusi kargurako lau hautagaiek hitz egin ostean —Garitanok, Olano, Romerok eta Canok—, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidenteak 15:00ak arte eten du saioa. Hitzaldi batzuen ondotik, 18:15ean hasi dira bozketarekin. 18:36an jakin da emaitza: ahaldun nagusi berria, Garitano.
Garitano: "Gipuzkoako etorkizuna ez da porlanarekin eraikitzen, pertsonei protagonismoa emanez baizik"
Garitanok bere hitzaldian azpimarratu du ”politika herritarrekin egiteko bokazioz sortu" zutela Bildu EAk, Alternatibak eta independenteek, eta legealdian izaera horri helduko diola. Haren arabera, azkeneko urteetan ”Gipuzkoaren garapen sozial eta politikoari dagozkion eztabaidak saihestu, herritarrekin iritzia kontuan hartu gabe" egin dira erakundeetan. "Gipuzkoako etorkizuna ez da porlanarekin eraikitzen, pertsonei protagonismoa emanez baizik". Garapen "orekatuaren era iraunkorraren" alde mintzatu da.
Azpiegitura erraldoiak ”abiapuntutik bertatik eta definizioz, garapenerako estrategikoak” direla ukatu du, eta milaka gipuzkoar gaurko proiektu batzuen aurka daudela adierazi. Kasu, Pasaiako kanpo kaiaren kontra.
Euskal Herriko gatazka politikoari ere heldu dio. "Euskal Herriarekin batera Gipuzkoa ere garai berri batean sartu da, gatazka politikoari behin betiko konponbidea emateko aukera berri batekin”, eta horretarako eragileen arteko elkarrizketa defenditu du. "Une historikoak arduraz eta erantzunkizunez” jokatzea eskatzen duela iritzi dio Garitanok.
"Krisi ekonomikoari irtenbide soziala ematea” da Bilduren beste "ardatz" bat, eta krisia ”zuzenean pairatzen” dutenak herritarrak direla gogoratu du. Hala, langabezian dauden milaka pertsonei irtenbidea ematea da Bilduren erronketako bat.
Aurrezki kutxek "euren funtzio soziala" bete behar dutela nabarmendu du Garitanok, eta EAEko "egungo banku proiektuaren" aurka azalduko dela ziurtatu du.
Maiatzaren 22ko hauteskundeetan, azken batean, ”herritarrek aldaketa" eskatu zutela esan du Bilduko diputatugaiak, "hiru eremutan" eskatu ere: "Bake eta normalizazioaren aldeko lanean, politika sozialetan eta lan instituzionalean”.
"Nazio mailako proiektuak" sustatuko ditu Bilduk Gipuzkoako Aldunditik.
Olano: "EAJrena da Gipuzkoak behar duen egitasmorik onena"
Markel Olano EAJko diputatugaiaren ustez, jeltzaleen proiektua da "Gipuzkoak gaur egun behar duen egitasmorik onena". Azkeneko legealdian, bera ahaldun nagusi izan dela, herrialdearen "garapen ekonomikoa, lurralde oreka eta gizarte kohesioa" bilatu dituztela esan du Olanok, eta horrela jarraitu behar dela, "hori baita gizartea eskatzen ari dena".
"Azpiegitura estrategikoak" behar direla azaldu du: Hondarribiko aireportuaren zerbitzuei eutsi, Pasaiako kanpo kaia eraiki, AHTa egiten jarraitu... Zubietako errauste planta ere aipatu du, ”ez dagoelako beste alternatibarik”.
Olanoren ustez, Euskal Herria ”bakerako trantsizio” batean dago, eta ezinbestekoa da indarkeria baztertzea. "Hala exijitzen du gizarteak". Halaber, aipatu du ”Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea" daukala, "eta inork ezin dio uko egin eskubide horri”.
2.0 tresnak erabilita, herritarren parte hartzea handitzeko neurriak hartuko dituztela esan du, "kultura politiko berri bat behar baita". Halaber, Gipuzkoa Aurrera erakundetzea bilatuko dute, "funtsezko erakundea delako".
Azpiegitura handiak beharrezko dira PSErentzat
Rafaela Romero PSEren diputatugaiak bakea, ekonomia sustatzea eta "Gipuzkoaren modernizazio" izan ditu hizpide, nagusiki. ETA "espreski" gaitzetsi beharra dagoela aipatu du, eta batzuek oraindik ez dutela hori egin —Bildugatik ari zen—. "Gipuzkoa modernizatzeko", berriz, Pasaiako kanpo portua, Donostiako metroa, AHTa edota Hondarribiko aireportuaren handitzea beharrezkotzat ikusi ditu; hau da, azpiegitura handiak.
PSEko kidearen ustez, ”atez ateko zabor bilketa pertsonen intimitatearen aurkakoa da, zikinkeria areagotzen duten ordutegiak inposatzen ditu eta oso garestia da”.
Romerok esan du PSE ”jendearen arazo errealez" kezkatuko dela, "eta ez hainbeste identitateez; bakoitzak berea askatasunean eta bestea errespetatuz bizi dezan”, esan du Romerok.
PPk dio Bilduk "iraganeko ekonomia" nahi duela
Juan Carlos Cano PPren hautagaiak aitortu du Bilduk hauteskundeetan izandako garaipena —"alde handiz irabazi zuen, gainera"—, baina EAJri leporatu dio PSErekin eta PPrekin akordioa egin nahi ez izana Bilduk ez gobernatzeko. Canoren ustez, Bilduk ez du ETAren indarkeria baztertzen eta, horrez gain, "iraganeko ekonomia" nahi du, ”herrialdearentzako garapenaren guztiz aurkakoa”.
”Nik ez du Gipuzkoa eta gipuzkoarrentzako etorkizun hau nahi, eta horregatik aurkezten naiz ahaldun nagusi izateko”, esan du Canok.
Bildukoen txaloak Aralarreko batzarkideari
Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak ekin dio arratsaldeko saioari, eta adierazi du bere alderdia prest dagoela Bildurekin foru gobernuan sartzeko, honen proposamena ”serioa eta zintzoa" bada. Barruan sartuz gero, gogor lan egingo dutela esan du Uberak, buruzagi aldaketaz haratago ”benetako aldaketa” bideratzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gernikako Akordioa bete dadin lan egin behar duela uste du Aralarrek eta, horretaz gain, independentziari buruzko galdeketak sustatzeko eskatu du.
Uberak, hitzaldia bukatu duenean, Bilduko batzarkideen txaloak jaso ditu.
Ikusleen artean Rufi Etxeberria eta Joseba Permach
Batzar Nagusietan ikusle bezala izan dira Rufi Etxeberria eta Joseba Permach ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia edota Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua.