Martin Ugalde hil da

Gaur goizaldean hil da Martin Ugalde idazle, kazetari eta euskaltzale andoaindarra. 'Euskaldunon Egunkaria'-ko sortzaile izan zen, eta 1990ean kazeta horretako Administrazio Kontseiluko lehendakari postua hartu zuen. Lan horretan jardun zuen 1998 arte, orduan, Ohorezko Lehendakari izendatu zuten. Gaixo zegoen, Ugalde eta gaur goizaldean zendu da 83 urterekin. 70 liburutik gora idatzi zituen, eta kazetaritzan lan ugari egin zuen. Politikagintzan ere jardun zuen, EAJn afiliatu zen 1947an, eta EAJ banatu ostean EAn afiliatu zen, 1985ean. Gaur, 18:00etan omenaldia egingo diote euskaltzaleari, Martin Ugalderi kultur parkean, hango langileek.

2004ko urriaren 4a
16:12
Entzun 00:00:0000:00:00
Andoainen jaio zen Martin Ugalde 1921ean. Espainiako Gerra Zibilean, Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen, eta 1940an Andoainera itzuli, Alemaniak Frantzia inbaditu zuenean.

Zazpi urte geroago, 1947an Venezuelara joan zen, eta han kazetari lan ugari egin zituen. Caracasen Euzko Gaztediren sortzaile eta lehendakaria izan zen, eta baita EAJko erbesteko batzordeko lehendakaria ere, Eusko Gaztedi eta Euzkadi aldizkarietako zuzendaria eta, 1954tik aurrera, petrolio-konpainia bateko aldizkariko zuzendaria izan zen. 1969an itzuli zen Euskal Herrira.

EAJren Alderdi aldizkari klandestinoaren zuzendari eta erbesteko Euzko Jaurlaritzako kontseilari hautatu zuten 1971n, eta 1972an, berriz, Josu Rezola lehendakariordearen hutsunea betetzeko aukeratu zuten. 1973an Espainiako poliziak deportatu egin zuen eta Donibane-Lohizunen bizi izan zen 1973tik 76ra bitartean.

1978an berriz ere Hego Euskal Herrira itzuli, eta Deia egunkariko euskarazko taldearen erredaktoreburu izan zen.

1982tik 85era bitartean Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Euskarazko Arazoetarako zuzendari jardun zuen.

Euskaldunon Egunkariako sortzaileetakoa izan zen, gero, eta 1990etik aurrera administrazio-kontseiluko lehendakaria. Lan horretan 1998ra arte jardun zuen, eta orduan, Ohorezko Lehendari izendatu zuten.

1993an ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

Herriko seme

Bere lana behin baino gehiagotan onartu izan zioten Ugalderi. 1997an Andoaingo herriko seme izendatu zuten. Euskal Herriko Unibertsitatean ere errekonozitu zion egindakoa, eta Honoris Causa izendatu zuten.

Aurten ere eman diote saria, Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek lan onaren saria eman zion.

Azken urteetan asko sufritua

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean kontu korronteak blokeatu egin zizkioten Martin Ugalderi, eta Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak salatu duenez, "bere osasun egoeragatik ez balitz hura ere atxilotu egingo zuten". Gainera, osasun analisi batzuk egitera behartu zutela azpimarratu du.

"Martin Ugalderekin azken bi urtean Del Olmo epaileak egin duenak ez dauka izenik, eta espero dut egunen baten norbaitek zigorra jasoko duela horregaitik", esan du Otamendik.

Eusko Jaurlarizako bozeramaile eta Kultura sailburu Miren Azkaratek Ugalderen lana geraipatu du. Euskaltzain, idazle eta euskaltzale bezala, euskalgintzan hainbat alor landu zituela azpimarratu du sailburuak. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa "hainbat lekutara eta hainbat zereginetara" eraman zituela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.