Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k urte politikoa abiatzeko ekitaldia egin du gaur goizean Bilbon, Gazte Moreak alderdiko gazte antolakundea aurkezteko topaketa bat baliatuta. Ekitaldian, hitza hartu du Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, eta nabarmendu du berak zuzendutako alderdia dela "herrialde honetan geratzen den ezkerreko oposizio bakarra, EAJren aurrean alternatiba izan nahi duen bakarra".
Euskal Autonomia Erkidegorako adosten ari diren estatus politiko berriaz mintzatu ziren atzo EAJ eta EH Bildu urte politikoa hasteko ekitaldietan, eta gai bera izan du hizpide Martinezek ere. Uste du bi talde politikoek estatus berriaren oinarrietan adostutako testua "oso identitarista eta baztertzailea" dela, eta EH Bilduri egotzi dio "soilik auzi nazionalean oinarritutako aliantza bat" eskaini izana EAJri, "gai sozialak, lan arlokoak, ingurumenekoa, feministak eta abar baztertuta".
Erantsi du ez dezatela "denbora galdu" Ahal Dugu akordio horretara erakartzen saiatzen: "Argi dugu ez garela jausiko beti auzi nazionalaren erlojuari begira dagoen baina auzi sozialean berandu iristen den untxi txuriari jarraitzeko akatsean", esan du, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileari erreferentzia eginez.
PSE ere kritikatu du: "Urduri dago, hautetsontzietan baino ez du pentsatzen, eta zeozer saltzeko behar larria dauka, egiazki hutsala bada ere". Gaineratu du PSE-EEren "garaia igaroa" dela eta EAJren "gehigarri" izatea besterik ez duela.
PP: "Itunak hondamendiaren ertzera darama Euskadi"
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk, berriz, Gasteizen ekin dio urte politikoari. Alfonso Alonso presidenteak EAJri eskatu dio "zuzendu" eta "atzera" egin dezala autogobernu lantaldean eginiko akordioan, iritzita EAJren eta EH Bilduren arteko itunak "Euskadi hondamendiaren ertzera" daramala. Horren ordez, jeltzaleei eskatu die "estatutuaren aldeko" indarrekin negozia dezala estatutuaren "legezko" erreforma bat.
Izan ere, Alonsok uste du estatus berriaren oinarriek "proiektu erradikal eta legez kanpoko bat" proposatzen dutela, Espainiako Konstituzioaren "kanpokoa", eta "Euskadin bizikidetza mehatxatzen" duela.