Martxoak 3

Martxoak 3 elkarteak adierazi du gertutik erreparatuko diela erakundeen urratsei

Memorialaren inguruan itxitako akordioa ontzat jo du elkarteak, eta datozen egunetako egitarauaren berri eman du. Urtaranek adierazi du Espainiak barkamena eskatu beharko lukeela fundazioko kide izan nahi badu.

Martxoak 3 elkartearen prentsaurrekoa, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 28a
12:47
Entzun

Martxoaren 3ko sarraskiaren 47. urteurrena hura oroitzeko zentroaren inguruko eztabaidak markatu du. Hala adierazi du Martxoak 3 elkarteak ere aste honetako ekitaldien berri emateko oharrean. Elkarteak azaldu du oroimenezko zentroaren proiektua «bideraezina» dela biktimen «parte hartze eraginkorrik gabe», eta gehitu du gertutik erreparatuko dietela hurrengo urratsei, erakundeek aurreko astean adostutakoa bete dezaten. «Garrantzitsuena da parte hartzeko bermeekin eta erabakitzeko ahalmenarekin aurrera egitea Martxoaren 3ko Memorialaren diseinuan».

Gasteizko Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza eta aholkularitza hitzarmen bat adosteko bermea sinatu zuten aurreko asteartean Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek, baina lehenak gogoratu du «bi urteko nahasmenaren eta mesfidantzaren» ostean iritsi dela hura: «Aldez aurretik biktimek prozesuan parte hartzeko inolako formularik adostu gabe erakundeek estatutuak onartu nahi zituzten».

Elkarteak adierazi du 2021eko hitzarmena errespetatzeaz gain biktimen oroimenezko zentroaren fundazioko 3. artikuluaren aldaketa ere onartu zutela, fundazioaren beraren helburuak jasotzen dituena. Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek proposatuta, «egiaren, justiziaren, aitortzaren eta biktimen erreparazioaren printzipioak» txertatu dituzte. Era berean, memorialean egingo diren egitasmoek «izaera bizia, dinamikoa eta etengabe eguneratua» izatea ere jaso dute dokumentuan.

Lortutako adostasunen artean dago fundazioaren patronatuari dagokiona ere. Martxoak 3 elkarteak proposatu zuen biktimetako bat ohorezko presidente izendatzeko, baina erakundeek ez zuten onartu. Horren ordez, baina, gizarte ekimeneko lau batzordekideetako bat —Memoria Gara-ko bi kide eta Martxoak 3ko beste bi dira— fundazioko lehendakariorde izendatzeko konpromisoa hartu dute erakundeek. Hura izango litzateke biktimen ordezkaria.

Gauzak hala, Martxoak 3 elkarteak azaldu du erakunde publikoen «borondate politikoaren» menpe dagoela aurrerantzean adostutakoa errespetatzea.

Egitaraua

Elkarteak datozen egunetarako programazioa aurkeztu du. Ostiralean egingo dute ekitaldi nagusia. 18:00etan omenaldia egingo diete biktimei, Gasteizko Martxoaren 3ko monolitoan. Bertatik abiatuko dute manifestazioa ere, Martxoak 3 elkarteak, eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta. Gauen, berriz, omenaldi ekitaldi bat egingo dute Karrika tabernan.

Ekitaldiei, baina, bihar ekingo diete, Orbain kultur elkartean: Vitoria, marzo de 1976 (Gasteiz, 1976ko martxoa) proiektatuko dute, eta solasaldi bat egingo dute elkarteko kideekin. Ostegunean, berriz, M3 Gogoetak dokumentala emango dute Vital Fundazioa kulturunean, 19:00etan. Azkenik, larunbatean, memoria jardunaldi bat egingo dute Errekaleor auzoan.

Barkamen eskea

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak eta Arabako Foru Aldundiak gaur onartu dute fundazioko kide izatea; baita haren estatutuak onartu ere. Gasteizko Udalak, berriz, ostiralean egingo du Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren Fundazioaren estatutuak onartzeko bozketa. Hiriko alkate Gorka Urtaranek adierazi du «albiste on bat» dela, eta hurrengo urratsak zein izan behar diren ere azaldu du: San Frantzisko eliza egokitzea eta bertako programazioa garatzea. Alkateari Espainiako Gobernuaren balizko partaidetzaren inguruan ere galdetu diote Radio Vitorian, eta hark erantzun du halakorik aztertu aurretik estatuak «barkamena» eskatu beharko lukeela.

Urtaranek adierazi du aztertu beharreko elementu bat dela Espainiako Gobernuak memorialeko fundazioan parte hartzea, baina lehenik estatuak onartu behar duela 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa «justifikatu gabea eta justifikatu ezina» izan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.