Martxoan ere lanuzteei eustea erabaki dute Metroko langileek

Zuzendaritzak salaketa jarri du lan gatazkaren karietara, eta malgutasunik ez izatea egotzi die sindikatuei

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Martxoan ere, Bilboko Metroko langileek lanuzteak egingo dituzte ostegunetan. Hala erabaki zuten atzo, goiz eta arratsalde eginiko batzarretan. Zuzendaritzak negoziazioan malgutasunik ez izatea egotzi die. Orain egun batzuk iragarri bezala, Txema Oleaga zuzendariak salaketa jarri zuen atzo lan gatazka dela eta.

Oleagak nabarmendu zuen sindikatuek egindako eskari gehienak onartu dituztela. «Guk mota guztietako konponbideak proposatu dizkiegu, baina ez dute amore ematen. Beraz, auzitara jo behar izan dugu azkenean».

Sindikatuek salatu dute zuzendaritzak ez duela bete iazko uztailean lantaldea handitzeko adostu zuten akordioa, eta horretaz erabaki beharko du epaileak. Zuzendaritzak finko egin nahi ditu behin-behineko egoeran dauden hainbat langile, eta sindikatuek, berriz, nahi dute oposizioak gainditua izan arren lanposturik ez dutenek goragoko postu bat hartzeko aukera edukitzea.

Oleagak berretsi du negoziatzen jarraitzeko borondate osoa dutela. «Sindikatuek lanuzteak bertan behera uzten badituzte, prest gaude nahi duten guztiaz hitz egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.