Oposizioak Gonzalo Fuentes Navarra Sumak Lizarran duen alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuen astelehen goizean, EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNren hiru zinegotzietatik bik sinatuta. PSNko zuzendaritzak berehala kanporatu zituen zinegotzi sinatzaileak. Horietako bat da Jorge Crespo, eta zentsura mozioari eusteko arrazoiak azaldu ditu Twitterren.
Crespok esan du «jasanezina» dela udaleko egoera, alkateak esaten baitu «osoko bilkurari muzin» egiten diola –eta egingo diola– , eta «lotsarik gabe onartzen duelako pertsonen ibilbide ideologikoa ikertzen duela».
Nabarmendu du EH Bildu, Nafarroa Bai eta eurak «hiriaren onerako» elkartzeko gauza izan direla.
Crespok gaineratu du minduta dagoela bederatzi urtez bere alderdia izan denaren «kalumniekin», baina «handiagoa» dela hiriarekin duen konpromisoa. «Ez dago ulertzerik; kanporatu naute eurek egiten duten berbera egiteagatik: ezberdinekin ituna egiteagatik».
Cresporen arabera, itunaren bidez «muturrera joandako eskuina» kanporatuko dute, «gobernu aurrerakoia» sortzeko.
Adierazi du zentsura moziotik aterako den udal gobernu berriak inor ez duela baztertuko. «Martxoaren 24an Lizarrak atzean utziko du zuri-beltza, eta bidea emango dio elkarrizketari, errespetuari eta elkarkidetzari».
Hoy el PSN-PSOE me ha expulsado fulminantemente por pactar con EH Bildu y Geroa Bai una moción de censura para conformar un gobierno progresista.
— Jorge Crespo (@Jocrega) March 10, 2020
Incomprensiblemente me echan por hacer lo mismo que ellos, pactar con diferentes.
Eskuina kanporatzeko ituna
Itunari jarraikiz, EH Bilduk eta PSNren zerrendetan aurkeztutako zinegotziek banatu egingo dute alkatetza: lehenbizi, Leoz abertzaleak edukiko du makila, eta, 2022ko martxoaren 1etik aurrera, Crespo sozialistak. «Joera autoritario eta diskriminatzailea» izatea egotzi diote sinatzaileek Navarra Sumako alkateari.
Sinatzaileek ohar baten bidez adierazi dutenez, «UPNren, PPren eta Ciudadanosen eskuinak Lizarrako alkatetzatik kanporatzeko beharretik sortu da zentsura mozio hau». Fuentes alkateari eta haren taldeari udala kudeatzeko «ezintasuna eta erabateko egitasmo falta» leporatu diete. «Alderdi politikoen artean dagoen aldea egonda ere, aurrerapauso bat eman dute eskuzabaltasunez, eta herritarrekiko erabateko konpromisoz».
Koldo Leoz Garciandia, Uxua Domblas Ibañez, Regino Etxabe Diaz, Edurne Ruiz Armendariz, Maider Barbarin Perez de Viñaspre, Unai Errazkin Peña, Jorge Crespo Ganuza, Magdalena Hernandez Salazar eta Pablo Ezkurra Fernandez zinegotziek aurkeztu dute mozioa. PSNren hirugarren zinegotziak —Ibai Crespok— ez du sinatu, eta bat egin du alderdiaren zuzendaritzak agertutako jarrerarekin.
Hain zuzen, PSNk ohar bat argitaratu du zentsura mozioa txarresteko. Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek esan duenez, «ezkutuko operazio tranpati bat da». PSNren ildo ofiziala alboratzea, sozialistei «traizio» egitea eta alderdia «interes pertsonalen mesedetan erabiltzea» leporatu die zentsura mozioa sinatu duten zinegotzi sozialistei, eta esan du de facto PSNtik kanpo daudela: «Mozioa sinatzen duten egunetik aurrera, PSNk zinegotzi bakarra izanen du Lizarran». Gobernu akordio eta mozioen gaineko ardura osoa «zuzendaritza erregional eta federalari dagokiola» gogorarazi du Alzorrizek: «PSN-PSOEk esana du ez duela gobernu itunik sinatuko EH Bildurekin».
Agintaldi eztabaidatsua
Navarra Sumako alkatearen erabakiek eztabaida handia sortu dute; besteak beste, euskararen aurkakoek. Horietako sonatuena Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen ikuskizun bati kiroldegia ukatzea izan zen. Tradizio handiko ekitaldia zen herrian, hamaika urtez egin baitute aurrematrikulazio kanpainaren harira. Azken hamarrak Lizarrerria kiroldegian egin zituzten, eta emanaldi bakoitzean 700 ikusle inguru bildu dituzte azken urteotan. Lizarrak 13.800 biztanle pasatxo ditu.
Baina Fuentesek ukatu egin zien kiroldegia otsailaren 4an eta 5ean, «kirol entrenamenduak» zeudela argudiatuta. Azkenean, Oteitzan egin zuten ekitaldia, otsailaren 5ean, Lizarratik 11 bat kilometrora.
Programa ituna
Zentsura mozioa gobernatzeko programa batekin dator. Hainbat puntu jasotzen ditu itunak. Eta euskara ere badago bultzatuko dituzten alorren artean. Esaterako, euskararen udal araudi bat sortuko dute, eskolatik kanpo ere euskara erabiltzea bultzatzeko egitasmoak garatuko dituzte, eta musika eskolan euskarazko lerro bat sortuko dute.
Horrez gain, hainbat kale oinezkoentzat izatea, bidegorriak egitea eta autoak zentrora sar ez daitezen kanpoaldean aparkalekuak egitea daude adostutakoen artean. Miguel Egia industrialdea garatzea hitzartu dute, Emakumearen Kontseilua sortzea, eta nekazarien Plazara! azokaren aldeko apustua egitea. Eliza katolikoak matrikulaturiko ondasunak jabego publikora itzultzeko lan egingo dute.
Urtarrilean hasi ziren mugimenduak Lizarran. Diario de Noticias de Navarra egunkariak zabaldu zuenez, Lizarrako PSN oso haserre zegoen Navarra Sumako udal ordezkariekin, ez zietelako ematen aurrekontuei buruzko informaziorik, besteak beste. Kontatu zuen Lizarrako PSNk bilera bat egin zuela bi aukeraren artean erabakitzeko: maiatzeko hauteskundeez geroztik Navarra Sumarekin duten akordioari eustea —Navarra Sumak gehiengo soilarekin gobernatzen du, baina PSNk hiru batzordetako presidentetza du—, ala Gonzalo Fuentes alkatearen aurkako zentsura mozioa «aurrera ateratzeko beharko litzatekeen akordioa aztertzea». %70ek bigarrenaren alde bozkatu zuten.
Baina PSNko zuzendaritzak itzali zuen sua: esan zuen ez zuela «inolaz ere» aurkeztuko Fuentesen aurkako zentsura moziorik. Ana Beltran PPNko presidenteak kritikatu egin zuen PSN: «Beste behin elkartu nahi izan dituzte nafarren bidea eta Bildu», adierazi zuen.
2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondoren, ekainaren 15ean osatu zituzten udalak Nafarroan. Lizarran, EH Bilduren legealdiaren ostean, Navarra Sumak hartu zuen alkatetza. Hura izan zen lehen indarra, zazpi zinegotzirekin. EH Bilduk sei ditu; PSNk, hiru; eta Geroa Baik, bakarra. PSNk erabaki zuen Jorge Crespo hautagaiaren alde egitea, eta, hala, modua eman zuen Navarra Sumako Gonzalo Fuentes alkate izateko.