Bi ordu iraun du epaiketak, eta, Maritxu Paulus Basurkoren arabera, "luzea" izan da. Hainbat iritzi Haranbururen baldintzapeko askatasunaren aldekoak izan direla zehaztu du abokatuak: epaile eta administrazioko langileenak, erraterako. Prokuradoreak, berriz, aurka egin du. Martxoaren 27an emanen dute deliberoa.
Epaiari buruz galdetuta, egoera ez dela "erraza" izanen erran du Paulus Basurkok: "Asko itxoiten dugu erabaki horretatik, eta ezezkoa izanik ere, argumentuak jakitea garrantzitsua izanen da". Azaldu duenez, Espainiako legeekin alderatu du auzian zehar abokatuak Haranbururen egoera: "Kausa berekin Espainian kondenatua izan bazen, 30 urteko kondena izanen zuen". Horrek askatze data bat izatea ekarriko luke. Haranburuk, ordea, ez du halakorik, bizi osorako kartzela zigorra baitu: "Hor badago arazo bat".
Auzian eskatzen dutena baldintzapeko askatasuna dela gogoratu du, gainera: "Ez da askatze bat". Baldintzapeko askatasunean, hain zuzen, oraindik ere justiziaren menpe jarraitu beharko luke Haranburuk. Eskumuturrekoa jantzita, erraterako.
Elkartasuna Senperen
Ni Ere Banoa mugimenduak gaurko elkarretaratzera deitu du Senpereko Herriko Etxearen aitzinean (Lapurdi), 19:00etan, Denbora badoa! 25 Stop! Xistor askatu! lelopean. EH Bai koalizioak bat egin du deialdiarekin, eta bertzelako kasuak ekarri ditu gogora: “Oroitu behar da Ion Kepa Parot presoak ere baldintzapeko askatasuna lortzeko eskaerak egin dituela, eta Frantziak behin eta berriz ukatu egin dizkiola, zentzurik gabeko argudioetan oinarriturik”. EH Bairen ustez,“bada garaia” baldintzapeko askatasunaren eskaera egin duten presoak “eta oro har preso guztiak” libre atera daitezen.
1990eko apirilean atxilotu zuten Haranburu, eta geroztik preso dute Frantzian. Egun, Lannemezango espetxean dago. Baldintzapean aske uzteko eskaera 2013ko uztailean egin zuen, eta, hainbat azterketa egin ondoren, gaur egin dute horri buruzko epaiketa.