Koronabirusari aurre egiteko, Europako hainbat herrialdetan herritarrek maskara derrigorrez jarri behar dute, baita segurtasun distantzia mantentzen dutenean ere. Izan ere, konfinamendua arintzen hasi ondoren, agerraldi gehiago izan ditu gaitzak. Azken egunotan zenbait foku sortu dira Euskal Herrian ere; Ordizian eta Tuteran, esaterako.
Hona hemen zenbait herrialdek maskarei buruz hartutako erabakiak:
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hilaren 16tik aurrera da derrigorrezkoa maskara erabiltzea. Orain arte, Ordizian bakarrik zen nahitaezkoa, baina, Nekane Murga Osasun kontseilariak adierazi du Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian une oro erabili beharko dela. Garraio publikoan nahitaez erabili behar da, eta, igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke.
Jendea, autobusean, maskara jantzita, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Nafarroan, uztailaren 17tik aurrera sartuko da indarrean maskararen derrigortasuna. Eremu publiko irekietan zein itxietan erabili behar da, baita segurtasun distantzia manten daitekeenean ere. Garraio publikoan eta pribatuan ere erabili behar da —etxe berean bizi badira ez da nahitaezkoa—. Salbuespenak hurrengoak dira: jatean edo edatean, kirola egitean 1,5 metroko distantzia manten badaiteke, igerilekuan edo hondartzan bainatzean, lantokian, arnasa hartzeko zailtasunak badituzte, eta desgaitasun edota mendekotasun batengatik ezin badute erabili. Eremu pribatuetan —irekietan eta itxietan— familia desberdinetako kideak elkartzean, maskara erabiltzea gomendatzen da.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, lanean derrigorrezkoa da erabiltzea metro bateko distantzia mantendu ezin denean; eta garraio publikoetan eta auto konpartituetan ere nahitaezkoa da maskararen erabilera. Merkataritza guneetan eta dendetan, aldiz, ez da derrigorrezkoa, baina langileei eta bezeroei erabiltzea gomendatzen zaie.
Katalunian maskara eremu irekietan eta itxietan erabili behar da, baita segurtasun distantzia manten daitekeenean ere. Salbuespenak hurrengoak dira: hondartzan eguzkia hartzean edota bainatzean, kirola egitean, haize instrumentuak jotzean, eta jatean eta edatean. Jatetxeetan eta terrazatan ere erabili behar da, eta jateko zein edateko bakarrik ken daiteke. Maskara ez erabiltzea 100 euroko isunarekin zigortuko da.
Gizon bat, hondartzan, maskara jantzita, Donostian. JON URBE / FOKU
Galizian ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea, baina, segurtasun distantzia mantendu ezin dutenean, eta eremu itxietan —distantzia manten badaiteke ere— erabili egin behar da. Galiziako A Mariña eskualdean, ordea, erabilera derrigorrezkoa da edonon.
Espainian, gobernu autonomikoen esku dago maskararen derrigorrezkotasuna erabakitzea, baina, poliki-poliki, guztiak doaz maskararen erabilerari buruzko neurriak zorrozten. Errioxan, 6 urtetik gorakoek erabili behar dute maskara, eremu irekietan zein itxietan. Hala ere, badaude ez erabiltzeko salbuespenak: toki berean daudenak batera bizi badira, kirola egitean segurtasun distantzia manten badaiteke, desgaitasun edota mendekotasun batengatik ezin badute erabili, eta arnas gaixotasunak badituzte. Aragoin, Errioxan bezala, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, hurrengo egoeretan izan ezik: kirola egitean segurtasun distantzia manten badaiteke, desgaitasun edota mendekotasun batengatik ezin badute erabili, eta arnas gaixotasunengatik ezin badute erabili. Kantabrian derrigorrezkoa da eremu publiko irekietan zein itxietan. Eremu pribatuetan, ordea, ez da nahitaez jantzi behar, baina erabiltzea gomendatzen da —segurtasun distantzia manten badaiteke ere—. Maskara ez jartzea 600 eta 60.000 euro bitarteko isunarekin zigortuko da. Gaztela-Leonen ere derrigorrezkoa da maskararen erabilera 6 urtetik gorakoentzat. Eremu publiko guztietan erabili behar da, baita segurtasun distantzia manten badaiteke ere.
Jendea, kalean, maskara jantzita, Donostian. KAI FÖRSTERLING / EFE
Frantzian, lanean eta garraio publikoan nahitaezkoa da maskara erabiltzea. Gainera, hurrengo astetik aurrera, leku publiko itxietan ere derrigorrezkoa izango da maskara jartzea.
Alemanian, eremu publikoetan derrigor erabili behar da; garraio publikoan eta dendetan, adibidez. Herritar guztiek erabili behar dute maskara, 6 urte baino gutxiagokoek eta patologiaren batengatik erabili ezin dutenek izan ezik.
Italiari dagokionez, eremu publiko itxietan erabili behar da nahitaez, baita garraiobideetan ere. Eremu irekietan segurtasun distantzia manten badaiteke, ez da derrigorrez erabili behar.
Bezero bat, maskara jantzita, Bilboko komiki denda batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ingalaterran, uztailaren 24tik aurrera, komertzioetan eta supermerkatuetan maskara erabili beharko dute 11 urtetik gorakoek; desgaitasun edota mendekotasun batengatik erabili ezin dutenek izan ezik. Maskara ez erabiltzea 100 liberako isunarekin zigortuko dute.
Eskozian, dendetan maskara nahitaez erabili behar da uztailaren 10etik, eta, Galesen eta Ipar Irlandan, oraingoz, ez da derrigorrezkoa maskararen erabilera.
Jendea, kalean paseoan, maskara jantzita. JAIZKI FONTANEDA / FOKU