atematika kontu bat. Igor Uriarteren ustez, eragiketa bat baino ez da egin behar gazteriaren egoera zertan den konturatzeko. «Gazteok batez beste ditugun diru sarrerekin eta etxebizitza nola dagoen ikusita, ezin da ezertxo ere egin: nola pagatu 780 euroko alokairua, adibidez, mila euroko soldatarekin? Nola bizi gainerakoarekin?».
Igorrek 30 urte ditu eta gurasoen etxean bizi da. Bere kabuz joan zen orain dela urte batzuk, baina alokairurik ordaindu behar ez zuen etxe bat zen. Lanean ari bada ere, gaur egun ez du diru baliabide nahikorik gurasoen etxea uzteko. Betiko leloa. Aukera bakarra izango luke beste batzuekin batera alokairuan joatea, baina hori ere ez dauka batere argi: «Gainera, alokairuaren hautua pobreen aukera bihurtzen ari da gero eta gehiago, baina guztiok eskura izan genezakeen aukera izan beharko luke».
Gaur egungo gazteriaren zati zabal batek «proiektu autonomo bat edukitzeko ezintasun nabarmena» jasaten duela dio, gurasoenetik «salto eginez gero miseria gorrian» sartzeko mehatxua dute.
Mehetuz doa gurasoen 'euritakoa'
EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko buru Alicia Susoren ustetan, bistan da familiak «oso rol garrantzitsua» jokatzen ari direla; «arindu nahiz makilatu egiten dute krisi egoera larri hau». Gurasoen euritakoa «babes lagungarria» dela uste du, baina seme-alabentzat nahi duten segurtasunak independizatzeko prozesu zailari gehiegi eragiten diola ohartarazi du, «'ez zaitez oraindik joan' edo 'aurreztu ezazu gehiago etxea erosi ahal izateko' bezalako mezuak bota eta bota ibilita».
Ildo beretik, EGK-ko etxebizitza arloko arduradun Sergio Garciak azpimarratu du gurasoek 60ko hamarkadan eman behar zituzten pausoak indarrean ezarri nahi dituztela orain ere: «Baina gaur egungo egoera sozio-ekonomikoa oso bestelakoa da, eta gazteok pairatu behar izaten ditugun lan-baldintzek, adibidez, antzik ez dute gurasoen garaikoekin». Eskema zaharrek ez dute balio.Gainera, familiaren euritakoa mehetuz doa, Igorrek gogorarazi duenez. Gurasoak diruz laguntzeko moduan zebiltzan orain dela urte batzuk seme-alabak beren kabuz bizitzera joan zitezen, baina ziur aski gazteak ez lirateke inora joango gaur egun gurasoek eman dezaketen diruarekin, etxebizitzaren arazoak hartu duen neurria hartuta. «Eta guk zer laguntza mota emango ote diegu gure ondorengoei, hain zuzen, guk maileguak pagatu behar baditugu 60 urte eduki arte, eta, agian, inolako pentsiorik gabe?».
Zeruertzean «pobrezia poltsa zabalak» agertzen hasi direla uste du. Eusko Jaurlaritzaren azterketak berak ere ez du errealitate hori bazter utzi: beren kabuz bizitzera joan ezinik diren pertsonen soslaiak dio ia denak gazteak direla; baina, aldi berean, datu esanguratsuak dira gehienek ere ikasketa kualifikatuak dauzkatela eta baita lana ere. «Bai. Lanak ez du bermatzen pobreziatik at geratzea, eta, aldiz, lana eta txirotasuna gero eta lotuago daude», zehaztu du Igorrek.
Sanzok inkestaren argibideei begiratuta azpimarratu du gazte horiek ez direla txirotasun klasikoaren ordezkariak. «Kontuz aztertu behar da, ez baita ohiko pobreen erretratua. Lana daukate, eta, beraz, diru sarrerak ere bai. Are gehiago esango nuke: kontraesankorra eman dezake, baina, familiaren etxetik alde eginez gero pobreziaren barruan sartuko balira ere, gaur egun duten bizimoduan kontsumo nahiz gastu asko samar egiten dute sarritan».Baina, batzuk ez ote dira geratzen beren kabuz joan gabe erosokeriaren eraginez? Sanzok ere badu zalantzak hori: «Argi dago pobrezian sartzeko arriskua dagoela, baina atzerakoikeriak ere eragina duela uste dut, askok independizatzeko eskatzen dituzten baldintzak handiak baitira: eramanezinezko kontsumo batera ohituta daude, edo, esaterako, etxe garestia hartzen dute helburutzat».
Alicia Susok, bestalde, gazteak bizi diren egoeraren paradoxa zein den deskribatu du. «Arazoa da gizarteak berak gazteria eramaten duela behartuta kontsumo handia izatera: ezin etxebizitza erosi, baina kontsumitzaileak izan beharra daukagu!», kritikatu du EGK-ko lehendakariak.
Gazteria «kontrolatzeko» biderik eraginkorrena
Aferak ondorio ugari ditu, eta, horietako bat da, gazteriak inoiz baino lotura gehiago dituela aitortuta, gazteak «kontrolatuta» izateko biderik eraginkorrena dela. «Lanari eutsi behar diozu kosta ahala kosta, munduko eskasena bada ere, zoritxarreko etxea dela eta. Gisa horretan, hutsaren hurrengoak dira gazteria pizteko aukerak...», salatu du Sergiok.
Aliciarentzat okerrena da krisiak gero eta toki gutxiago uzten diola «irtenbide kolektiboak» bilatu ahal izateari, gazteek bakoitzak bere irtenbidea bilatzeari ekiten diotelako .Zer egin? Batzuekin bildu eta taldeka bizitzera joanda, behinik behin, oso giro oneko etxeak sortuko dira... «Derrigorrez!», Sergiok dioenez. Halaber, Igorren aburuz, gauzak dauden bezala egonda, «are zilegitasun gehiago» dauka okupazioaren bideak.Sanzok pozez ikusi du azken lau urteotan egoerak hobera egin duela, «etxebizitzaren gaineko politikaren dinamizazioaren eta enpleguaren hazkundearen ondorioz». Baina, edozein kasutan, soziologoak dio «ekimenak sendotu beharra» dagoela. «Argi izan behar dugu denok gazte talde zabal batek arazo latza duela, eta, gero, arrazoizko irtenbidea eman». EGK-k eskainitako datuen arabera, iaz hamar gaztetatik hiru baino ez zeuden beren kabuz bizitzera joanda Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
POBREZIA EZKUTUA
Matematika kontu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu