Matrikulazioak %10-12 inguru jaitsi dira itunpeko euskaltegietan, orain arteko datuen arabera. Jaitsiera nabarmena izan dute, beraz, baina ez hasieran uste bezainbestekoa. Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du egoerak hobera egin duela azken hiru asteetan: «Lau ikasletik bat galtzeko arriskua ikusi genuen, %25eko jaitsiera edukitzekoa, alegia. Zorionez, jende dezente hurbildu zaigu azken egunotan izena ematera». Zenbakiek hobera egin dute, baina ez «nahi adina», eta kezkatuta jarraitzen dute euskaltegietako irakasleek. Hilaren bukaeran itxiko dute kanpaina. Krisiari eta hizkuntza politika okerrari egotzi diote jaitsiera. Helduen Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) iritziz, goizegi da baloraziorik egiteko.
Jaitsiera espero zuten euskaltegiek, itunpekoek zein publikoek. Izan ere, azken urteetan behera egiten ari dira izen emateak. 2008. urtean 38.700 ikasle zituzten euskaltegiek. Iaz, berriz, 35.000; urriaren 24an, ordea, gutxiago zeuden izena emanda: 27.150.Egun berean, aurten, 24.078 ikasle daude matrikulatuta. Logikari jarraituta, kopuru horrek gora egingo du datozen hilabeteetan, baina iazko zenbakietara iristea «ezinezkoa» izango da. Jaitsiera Bizkaian igarri dute gehienbat, Bilbon batez ere. Gipuzkoan eta Araban, berriz, errazagoa egin zaie taldeei eustea.
Baina ez dira onak datuak. %10-12ko jaitsiera itunpeko euskaltegietan; txikiagoa, baina jaitsiera sare publikoan ere: «%4-5 inguruko jaitsiera sumatu dugu. Egia da euskaltegi batzuetan gorakada nabarmena izan dugula, baina batez besteko zenbakiek jaitsiera erakusten digute». Mikel Uzkudun Tolosako udal euskaltegiko ordezkariak eman du datuaren berri. Euskaltegia zein herritan dagoen kontuan hartu behar dela azaldu du: «Guk, Tolosan, taldeari eustea lortu dugu. Irunen, Hondarribian eta halako herri handietan puntu bat beherago dabiltza. Herri txikietan, berriz, gorakada izan dute».
Krisi ekonomikoa izan daiteke jaitsieraren arrazoietako bat. Ez bakarra. Besteak beste, azterketak gainditutakoan ikasleei ematen zieten diru laguntza kendu du Eusko Jaurlaritzak, eta horrek eragin zuzena du izen emateen gainbeheran. Mugikaren ustez, euskara ikasteko premia galdu egin da: «Euskarari prestigioa eman behar zaio, eta diru laguntzen sistema lehengora bueltatu behar du hurrengo Eusko Jaurlaritzak. Herri honetan pausoak eman dira hizkuntzaren ezagutzan, baina lan asko egin behar da herria euskalduntzeko».
Uzkudunen esanetan, euskara ikastea doakotasun bidean jarri behar da: «Nork bere hizkuntza ikasteko ordaindu beharra oso da tristea. Salagarria. Iaz onartu zuten dekretu berriak ere ez du laguntzen». Dekretu horren arabera, euskaraz ikasi duenak ez dauka euskaltegira joan beharrik. Hargatik, jende heldu gehiago dute orain gaztea baino.
Ingelesa eta alemana, gora
Pentsatzekoa da krisi garaian jendeak nekezago jotzen duela atea hizkuntzak ikasteko. Kontua da, ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hizkuntza eskoletan %18 handitu direla ingeleserako matrikulazioak, eta %60 alemanekoak. Uzkudun: «Ez zaio garrantzirik eman euskarari. Jendeak beste hautu batzuk egin ditu». Mugikaren ustez,hitzak utzi eta ekiteko garaia iritsi da: «Datorren legealdiari eskatzen diogu euskalduntze alfabetatze sistema eraginkorra bultzatzea».
Oraingoz, dagoenari egin beharko diote aurre euskaltegiek, eta irakasle bat baino gehiago lanik gabe geratuko da.
Euskara. Euskaltegiak
Matrikulazioa hobetu da itunpeko euskaltegietan, %10-12 jaitsi arren
Galera %25ekoa izateko arriskua zuten euskaltegi pribatuek; hizkuntza politika txarrari eta krisiari egotzi diote jaitsieraBizkaian igarri dute gehien ikasleen matrikulazio jaitsiera, Bilbon batez ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu