Hiru eguneko kanpaldia egin ondoren, ehun lagun baino gehiagok parte hartu zuten, Aurore Martin Batasuneko kidearen sostenguz, euroaginduaren aurka Maulen egindako manifestazioan. Manifestazioa kanpalekutik abiatu zen eta Zuberoako hiriburuko karrika nagusietan barrena ibili zen. «Errepresiorik ez», «euroagindurik ez» eta «euroagindua ez da bidea» izan ziren gehien oihukatu zituzten leloak, Martinen aldeko sostengu mezuekin batera. Zuberoako zenbait hautetsi ere egon ziren manifestazioan.
Herriko Etxearen inguruan elkarretaratu ondoren abiatu zen manifestazioa, eta Mauleko jendarme etxera heldu zelarik hamar minutuko geldialdia egin zuten euroagindua gaitzesteko eta errepresioaren bukaera eskatzeko. Ondoren, Mauleko karrika nagusietan ibili ziren, eta, aurki hiriko bestak izanen direnez, gune horren itzulia egin zuten, bestetan ere euroaginduaren aurkako aldarria presente egonen dela gogoratuz. Manifestazioa 19:30ak aldera bururatu zen, mintzaldi labur batekin. Manifestazioaren bukaeran Aurore Martinen egoera gaitzetsi zuten, eta euroagindua bertan behera gelditzeko eskatu.
Gisa berean, sostengu osoa adierazi zioten Daniel Dergi euskal preso ohiari, Frantziako poliziak bertze euroagindu batengatik atxilotu eta espetxeratu baitu. Karia horretara, Dergiren aurkako euroagindua gaitzesteko hainbat eragile eta alderdi abertzalek heldu den larunbatean Baionan antolatu duten manifestaziora biltzeko eskatu dute.
Kanpaldia altxatu dute
Manifestazioaren bukaeran amaiera eman zioten hiru egunez Martinen sostenguz egindako kanpaldiari. Ekimenaren balorazio baikorra egin dute antolatzaileek. Izan ere, kanpalekuaren muntaketan hogei lagunek hartu zuten parte, eta arratsalde bukaerako ekimenean bikoiztu zen bertan bildutakoen kopurua. 30 lagunek pasatu zuten gaua bertan.
Asteartean, Anaiz Funosas eta Claude Larrieu euroaginduaren aurkako kolektiboko kideek mintzaldia eman zuten Maulen. Kanpalekuan egitea pentsatua bazegoen ere, euri erauntsiek galarazi zuten eta aterpe batean egin behar izan zuten. 30 lagunek hartu zuten parte. Lehen egunetik presente egon zen Mixel Etxebest Mauleko auzapeza. Herriko Kontseiluak ere elkartasuna helarazi dio Martini. Hiru egun horietan herritar anitzek izenpetu duteeuroaginduaren aurkako agiria.
Maulen elkartasuna adierazi diote Aurore Martini
Ehun pertsona baino gehiagok parte hartu dute euroaginduaren aurkako manifestazioan, Martinen sostenguz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu