1. Hirigintza
Azken urte honetan Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasbazterretan hirigintza «ilegalak» gora egin duela salatu dute lehendabizi; gehienbat, txaletak eta etxebizitza atxikiak eraiki dira hondartzetatik hurbil. Eta egitasmoak ere ugariak dira. Kalte gehien izan duten eremuei buruz hitz egiteko orduan, Bizkaikoak dira erakunde ekologistako kideek aipatu dituzten lehenak. Urdaibaiko biosferan, batez ere, Gernika eta kostalde inguruko herritxoetako egoeraz ohartarazi dute. Gipuzkoako itsasbazterra ere izan dute hizpide, kezkatuta. Orio izan da aipatu duten lehena. Bertan, «ia hondartzan bertan» eraiki nahi dutela salatu dute.
2. Kutsadura
Ekologistak Martxan taldeko kideen arabera, euskal kostaldeak jasan duen presio industriala historikoa da, hau da, urte askoan egon da. Egun gutxiagotu egin dela aitortu arren, oraindik ere arazoak hor segitzen duela gehitu du Saezek. «Garapen industrialak kezkatu egiten gaitu».
Kalte handieneko proiektuen artean hainbat aipatzen dituzte: Muskizko (Bizkaia) Petronorren findegia jarri dute adibide nagusitzat. Orain dela 30 urte sortu zen, eta etengabe hanaditu da. Bilboko Portua ere aipatzen dute testuan. Orain hamar urte sortu zen Nerbioi ibaiko itsasadarrean. Bestetik, Muruetako ontziola ere aipatzen dute. Ontziolak azken urteotan izan duen jarduerak Mundakako (Bizkaia) olatua deuseztatu du, besteak beste. Gipuzkoako kostari dagokionez, industriak duen eragina aipatzen da bereziki. Kutsadura horrek kostaldeko ekosistemetan duen eragina aipatzen dute. Hala ere, kritika gehien sortzen duen proiektua Pasaiako kanpo kaia egiteko egitasmoa da. Ekologistak Martxan erakundeko kideen arabera, proiektu horren ondorioak «larriak» lirateke eraikiko balitz. Arlo hori bukatzeko, kirol portuak asko gehitu direla salatu du Carlos Alonsok. «Kirol portuak egiten ari dira, arrantza portuak alde batera utziz eta horrek izango duen eragina kontuan izan gabe».
3. Uren araztea
Hondakin uraren arazketa izan da Ekologistak Martxan taldeko kideek nabarmendu duten beste gai bat. Nerbioi ibaiaren arroak kezkatzen ditu gehien ekologistak. «Amurrion eta Laudion ez dago araztegirik», salatu du Carlos Alonsok.
Eskualde horretaz gain, Lea-Artibai eta Urdaibai ere ageri dira azterketan. «Besteak beste, Gernika eta Bermeo udalerriek arazo ugari dituzte», salatu dute. Gipuzkoan egoera ez da hobea. Herri industrializatuenetako ibaietako ura «oso kutsaturik» dagoela salatu dute, eta adibide nabarmenenak Deba, Oria eta Oiartzun ibaiak direla aipatu dute.
Egitaraua
EGUNEZ EGUNGaur. Bandera beltza ezarriko dute Bakion (Bizkaia). Arratsaldean, erakusketa eta haur jarduerak egongo dira. Nahi duenak ekologisten belaontzia bisitatu ahal izango du.
Bihar, abuztuak 13. Bandera beltza ezartzera joango dira Mutrikura (Gipuzkoa) .
Abuztuak 14. Donostiara helduko da belaontzia.
Abuztuak 15. Eskifaiaren atseden eguna.
Abuztuak 16. Bandera beltza jarriko dute Pasaian (Gipuzkoa).
Abuztuak 18. Kanpaina berriaren aurkezpena egingo dute Donostian: Klima aldaketa Kantauriko itsasbazterrean. Bisitariek belaontzian bidaiatzeko aukera izango dute. Aldarrikapen ekintza bat ere egingo dute ekologistek.