Nafarroaren konkistaren V. mendeurrena

Memoria baten bizitasuna

Memoria, aldarrikapena eta festa uztartu zituzten atzo Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan Nafarroa Bizirik taldeko kideek, eta Noaingo bataila izan zuten gogoan Nabarralde elkarteko kideek.

Egun osoan hainbat ekitaldi egin ziren Iruñeko zezen plazan, eta jendetza batu zen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Noain-Iruñea
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Memoria aldarrikapen bilakatu zuten atzo Iruñean; eta aldarrikapena festa. Euskal Herria bildu zen Nafarroan, eta hamaika txokotatik bildu zen jendea hiriburura, aurten Gaztelako erresumako tropek Nafarroako erresuma konkistatu zutela 500 urte betetzen direla gogoratzeko. Goizetik hasi ziren Nafarroa Bizirik elkarteak antolatutako ekitaldiak, eta eguraldiak lagunduta, jai giroa izan zen nagusi hirian, baita hiri inguruan ere.

Noain (Nafarroa) hautatu zuten Nabarralde elkarteko kideek Iruñera egindako martxa abiatzeko. Urtero egiten dute ekitaldia han, gaztelarren aurka 1521ean Nafarroako erresumaren alde aritu ziren borrokalariak gogoratzeko. Nafarroa Bizirik taldearen deialdiarekin bat egiteko ere baliatu zuten aukera atzokoan. Jende ilara jendetsuak eta Nafarroako banderak. Aldarrikapena argia zen Mikel Sorauren historialari iruindarraren hitzetan. Iragana, oraina eta etorkizuna uztartu zituen: «500 urte dira gure aurkako erasoak hasi zirela, eta oraindik jarraitu egiten dute. Gaur egun ditugun arazoak nabarmen izango lirateke txikiagoak, nafarrok herrialde independente eta burujabe baten jabe izango bagina».

Joxe Ulibarrena artistak herriko muino batean gudari nafarren omenez eraikitako eskulturan hasi zuten martxa. Lore eskaintza egin zuten antolatzaileek, eta aurreskua ere dantzatu zieten. Iruñeko Azpilagaña auzora jo zuten handik, oinez, eta festa giroan hartu zituzten ibiltariak han, erraldoi eta buruhandiekin. Makulua eskuan zuela egin zuen muinorainoko bidea 83 urteko Jose Cruz Sarasola errenteriarrak. «Ni ere banaiz Nafarroaren zati bat ere, eta horregatik etorri naiz». Urtero egiten du Jone Aldasoro eibartarrak Noainerako bidea. «Aurten urte berezia izan da, eta ikusten dugu kontzientzia zabaltzen ari dela». Hori da bidea, Imanol Otegi ordiziarraren ustez. Pozik zegoen ekitaldiak izandako oihartzunarekin, eta Telesforo Monzon ekarri zuen gogora. «Hark esaten zuen Nafarroa esnatzen zenean hasiko zela Euskal Herria aske izaten. Eta ematen duenez, ari da gauza mugitzen».

Iruñean ere goizetik hasi zen festa, eta eguerdian, zezen plaza bilakatu zen jaiaren erdigunea. Jendetza zegoen sarreran, baita harmailetan eserita ere. Gerizpean gehienak, eguzkiagatik. Nafarroako erresumako borrokalariz jantzitako kuadrilla bat ere bazen tartean. Arrano beltza ageri zuten ezkutuak, ardi larruz egindako bizkarrerako babesa, burukoa eta ezpata. Mikrofonotik Nafarroa Bizirik taldeko kide baten aldarria, eta harmailetatik erantzun ozena. «500 urteko konkistaren ondoren oraindik bizirik gaudela esateko gaude hemen. Gora Nafarroa!». Eta aho batez plazak: «Gora!».

«Hunkituta» zeuden Nafarroa Bizirik taldearen eskariz konkistari buruzko jota bat egin duten Faltzesko (Nafarroa) bi jota abeslariak: Paulo Ausejo eta Garazi Gartzia. Emanaldia egin zutenplazan. Oso pozik zeuden bi musikariak izandako harrerarekin. «Oso ekitaldi parte hartzailea izan da, eta adin guztietako jendea egon da. Hunkituta sumatu dugu jendea». Haiek ere antzera, Erriberatik jende ugari izan baitzen Iruñean. Azkoien eta Faltzes aipatu zituzten adibidetzat.

Peñen sostengua

Alde Zaharra osorik hartu zuen festak eta aldarrikapenak. Konkistaren urteurrenari erreferentzia egiten zioten kamiseta, ikur, afixa eta banderak ikus zitezkeen nonahi. Eta, halakoei esker, urteurrenak presentzia handia lortu zuen hiriko kaleetan. Peñek ere bat egin zuten jaiarekin, gainera, eta elkarteetako ateak ireki, eta txarangak atera zituzten kalera. Txistulari eta trikitilariak ere bazeuden. Getariako taldearekin (Gipuzkoa) zegoen Jose Ignacio Elias musikaria, esaterako. Pankarta eta guzti. «Lehengo igandean ospatu genuen herrian Antso Azkarrak Getaria hiribildu izendatu zuela, eta Iruñera etortzea erabaki genuen. Festagatik eta konpromisoagatik». Azalpenen ondoren, berriz musika. Berriz aldarrikapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.