Salbuespeneko auzitegiak
Katea ez da eten
ETAko fronte kulturaleko kide zen Abelin Linazisoro aktorea 60. hamarkadako azken urteetan.Erakundeko kideen artean multikopiagalu bat eskuratu zuten, besteak beste, euskarazko olerkiak herritarren artean zabaltzeko. Atxilotu zutenean, multikopiagailuarekin batera, Lauaxetaren olerki batzuk atzeman zizkioten. Legez kanpoko erakunde bateko kide izatea eta, atzemandako testuak direla-eta, legez kanpoko propaganda egitea leporatu zioten. «Akusazio horiekin nahikoa zen espetxe zigorra ezartzeko. Gaur egun bezala, abertzaletasuna zuten jo puntuan», adierazi dio BERRIAri Linazisorok.
Atxilotuta egon zen hamahiru egunetan jasandako torturak gogoan ditu. «60 orduz torturatu ninduten, eta sei egun pasa behar izan nituen zauriak sendatzen, epailearen aurretik pasa arte. Etxeko eskaileretatik erori ote nintzen galdetu zidan epaileak». Orduko torturek utzitako arrasto psikologikoa «betirako» iraun duela dio.
Linazisorok azaldu duenez, haren aurkako sententzia, poliziaren aurrean egindako deklarazioetan oinarrituta egin zuten soilik, «gaur egun bezala». «Ez zuten frogarik behar. Torturapean polizia aurrean eginiko deklarazioetan oinarritu ziren ETAko kide nintzela leporatzeko, eta hori gaineratu zioten legez kanpoko propagandarena. Baina Lauaxetaren poesiak argitaratuak zeuden, ez zen ezer klandestinoa. Zerbait behar zuten eta hori erabili zuten. Horri gehitu zioten nocturnidad y alevosia (gaukotasuna eta azpikeria) delitua, gauez atxilotu gintuztelako eta multikopiagailua etxola batean ezkutatuta genuelako».
Ordena Publikorako Epaitegian (TOP) epaitu zuten Linazisoro, «gaur egungo Auzitegi Nazionalean». Epaitegi horrek iraun zuen urteetan ehunka euskal herritar pasa ziren handik, gisa guztietako akusazioen pean.
Epaitegi horrek egin zituensententzien bilduma bat kaleratu zuen iaz Atotxako Abokatuen fundazioak. Bertan azaltzen denez, TOPak zigortu zuen lehen herritarra Timoteo Buendia madrildarra izan zen, 1963ko urriaren 2an. Ardo batzuk edanda zegoela, Kaka Francori! oihukatu zuen taberna bateko telebistan diktadorea agertu zenean.
Egañak azaldu duenez, «disidentzia politikoari aurre egiteko salbuespen epaitegia» zen TOPa, baina zigorrak ezartzeko orduan, askotariko argudioak erabili zituzten.
Epaiketak Madrilgo Probintzia Auzitegian egiten zituzten, eta prozesuak Brigada Politiko-Sozialak, Francoren polizia politikoak, abiatutako atestatuen bidez hasten ziren. TOPen epaitutako delituen %81,4 barne segurtasunaren aurkakoak ziren. Hamabi urtean, 53.000 herritar inguru pasa ziren handik, gehienak euskal herritarrak, eta %63ri sei hilabete eta sei urte arteko espetxe zigorrak jarri zizkieten.
Juan Jose del Aguila epailearen arabera, zigorren %60 epaitegiaren azken hiru urteetan plazaratu zituzten. Urte beltzena 1973an izan zen. Bizkaia izan zen auzipetu gehien izan zuen herrialdea. Epaitegia desegin zen urtean, auzipetu gehienak gipuzkoarrak izan ziren.
1976an desagertu zen TOPa, eta 1977ko urtarrilaren 4an sortu zuten Auzitegi Nazionala, lege dekretu bidez. Auzitegia modu horretan sortu izana, eta TOParen helburu eta funtzioak antzekoak izatea, eztabaida sortu zuen orduan, egundaino iraun duen eztabaida.
Izen aldaketak, gainera, ez zuen ia eraginik izan TOPeko epaileen ibilbide profesionalean. Euskal Memoriarenlanean jasotzen denez, epaitegiko presidente izandako Enrique Amat Auzitegi Goreneko epaile izendatu zuten TOPa desegin zutenean; eta beste presidente ohi batek, Jose De Hijas Palaciosek, Auzitegi Goreneko magistratu zela hartu zuen erretiroa, 1986an. Beste kasu esanguratsu bat Jose Francisco Mateu Canoves epailearena da, Abelin Linazisoro epaitu zuen epailea. Dibisio Urdineko kide izan zen TOPeko presidente izan aurretik, epaitegi horretan egon zen bere historia osoan zehar, eta 1978. urteko azaroan ETAk hil zuen. Haren seme Ignacio Mateu, guardia zibila, ere ETAk hil zuen, 1986ko uztailean, Aretxabaletan.
Kolaborazionismoa
Askotariko interesak
Frankismoa ikertzerako orduan, gutxitan aipatu izan daeuskal herritar asko eta asko babestu zutela militarren estatu kolpea, diktadorearekin eskutik elkarlanean aritu zirela, edota sistema hartaz baliatu dirutza egin zutela: enpresariak, elizgizonak, intelektualak... Horietako asko oharkabean pasa dira Euskal Herriko kale izendegietara.
Frankismoaren lehe urteetan, militarrak eta elizgizonak ziren errejimenaren zutabe nagusiak, eta horien artean ez ziren falta euskal jatorria zutenak. Luis Orgaz Yoldi gasteiztarra Francoren armadako buruetako bat izan zen, diktaduraren hasierako urteetan. Jose Lopez de Haro, zeina bere burua Bizkaiko Jauntxoen oinordekotzat zuen, Arabako Guardia Zibilaren buru izendatu zuten 1952. urtean.
Antonio Ibañez Freire arabarraren kasua izan daiteke aipagarriena. Dibisio Urdinean Hitlerren armadarekin Sobiet Batasunaren aurka aritu ostean, Bizkaiko gobernadore zibil izendatu zuten. 1979. urtean, Espainiako Gobernuko Barne ministro izendatu zuen Alfonso Suarezek, diktaduratik demokraziarako trantsizioa gidatu zuen presidenteak.
Francoren alde jardun zuten militarrek eta, bereziki, karlistek ardura postu garrantzitsuak bete zituzten diktaduraren lehen urteetan. Besteak beste, Rodeznoko kontea, Antonio Maria Oriol Urkijok eta Antonio Iturmendik Justizia Ministerioan kargu garrantzitsuak eskuratu zituzten.
Elizgizonen artean, berriz, Euskal Herrian banaketa nabaria eman zen estatu kolpea emandako militarren aldekoen eta errepublikaren aldekoen artean. Euskal Memoriak nabarmendu duenez, guztira hamasei euskal apaiz fusilatu zituen Francoren ejertzitoak.
Espainiako Elizaren zuzendaritza karguetara iritsi zirenak ere nabarmendu ziren. Iurretako Javier Lauzirika eta Barakaldoko Marcelino Olaetxea dira izen ezagunenak. Egañak azaldu duenez, Hitlerren «miresleak» ziren biak, eta hainbat elizkizunetako imajinetan agur faxista egiten azaltzen dira. Ikerlariaren arabera, haien jarrerak eragin nabaria izan zuen euskal herritarren eta elizaren artean eman zen hausturan, bereziki 60. hamarkadan. «Estatistikek diote Europako herri elizkoienetako bat izatetik Estatuan sinesle gutxien zituen herria izatera pasa zela Francoren heriotzaren ondotik», dio Egañak.
Baina militar eta elizgizonez gain, intelektualek ere paper garrantzitsua jokatu zuten diktadura legitimatzeko ahaleginean. Kasu ezagunenak dira Zegamako Juan Telleria musikagilearena eta Elgoibarko Pedro Muguruza arkitektoarena. Lehena, Cara al sol Falangeren ereserkiaren sortzailea izan zen, eta Dibisio Urdinaren ereserkia ere hark musikatu zuen.
Muguruzak, berriz, Bilboko zabalguneko eta Donostiako Urgull mendiko Jesusen Bihotzak egin zituen, eta garaiko arkitektura lanik ezagunean — Erorien Harana— parte hartu zuen. Gerra zibilean hildako errepublikazale ugarirekin batera Francisco Francoren gorpuzkinak gordetzen dituen tenplu horretako gurutze erraldoia Julio Beobide zumaiarrak diseinatu zuen.
Propaganda zen errejimenaren beste zutabeetako bat, eta hor ere azaltzen dira euskal herritar ugari. Esteban Calle Iturrino, Manuel Aznar Zubikarai eta Joaquin Arraras gerra zibileko historialari ofizialtzat jo zituen errejimenak. Falangeren sortzaileetako bat iazndako Rafael Sanchez Mazas bilbotarra idazle ezagunaizan zen frankismoaren lehen urteetan. Fermin Izurdizaga apaiz iruindarra, Falangeko propaganda ordezkaria izan zen, eta Arriba España egunkariko lehen zuzendaria.
Kazetarien artean, izen ugari azaltzen dira. Jose Artetxe idazle eta zutabegilea nabarmentzen da Euskal Memoriaren lanean. Errepublika garaian EAJren GBBko kide izan zen, baina gerran Francoren aldekoekin lehiatu zen.
Beste kazetari garrantzitsu bat Irungo Valeriano Hernandez Usobiaga da. Donostiako, Bilboko eta Madrilgo hainbat egunkari kudeatu zituen, eta Mugimenduko prentsaren arduradun nagusienetako bat izan zen.
Enpresa gizonen zerrenda luzea da: Jose Maria Oriol, Javier Ibarra, Delclaux anaiak, Alfonso Txurruka, Julio Artetxe eta Patricio Etxeberria, besteak beste.
Baziren ere frankismoaz baliatuta ere, sistemari iruzur egiten saiatu zirenak. 1959. urtean Ogasunak eginiko ikerketa batean, hainbat enpresarik Suitzako bankuetan kontu sekretuak zituztela azaldu zen. Horien artean Euskal Herriko familia ezagun batzuk agertzen ziren: Artiach, Txabarri, Unzeta, Orbea eta Berazadi; eta baita bi banku ere: Banco Bilbao eta Banco Guipuzcoano. Zigor gogorrak jaso zituzten.
Francoren errejimenarekin ez ezik, nazismoarekin kolaboratu zuten euskal herritar ugari izan zen Bidasoaren bi aldeetan. Hego Euskal Herrian, Meliton Manzanas irundarra nabarmentzen da. Bigarren Mundu Gerran Gestapoarekin kolaboratu zuen eta, ondoren, Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialaren buru izan zen urte askoan. Atxilotuak torturatzeagatik egin zen ezaguna, eta 1968ko abuztuan hil zuen ETAk,Irungo bere etxeko eskaileretan. 2001. urtean Jose Maria Aznarren gobernuak ohorezko domina eman zion.
'Galindez auzia'
Gorpua identifikatu zuten
Liburua prestatzen ari zela, Iñaki Egaña historialariak bidaia egin zuen Amerikako Estatu Batuetara. Aireportuan, sei orduz izan zuten erretenituta, eta poliziek gai baten inguruan galdekatu zuten soilik: Jesus Galindezen desagerpenari buruz.
Orriak eta orriak idatzi dira Eusko Jaurlaritzak New Yorken zuen ordezkariaren desagerpenaren inguruan. Bigarren Mundu Gerran eta gerra hotzaren hasieran Washingtongo gobernuarentzat lan egin zuen Galindezek. 1953an, Eisenhower presidenteak Francoren errejimena onartu zuenean, baina, euskaldunen eta estatubatuarren harremanak hoztu egin ziren, eta ordura arte lagun izandakoak jarraitzen eta zorrotz ikertzen hasi ziren.
1956ko martxoko gau batean desagertu zen Galindez. Ordutik ez da haren gorpua agertu, edo bai. Egañak azaltzen duenez, 1962an Dominikar Errepublikan batzorde bat sortu zuten Trujillo diktadorearen garaian hildako pertsonen gorpuak berreskuratzeko eta identifikatzeko. Galindezen gorpuzkinak izan zitezkeenak aurkeztu zituzten. Hala berretsi zuten Galindezen lagunek, eta auzi medikuak eginiko ikerketa batek ontzat jo zuen hipotesia. Epailearen bulegoan gorde zituzten gorpuzkinak, baina gobernuak ikerketa eten eta AEBen esku utzi zuen auzia. Gaurdaino.